Ikasketa olinpikoa poltsikoratuta, «pozik» bukatu du Begoña Lazkanok
Begoña Lazkano final olinpikorik gabe geratu zen; ez final handia, ez B finala ezta C finala ere. Zazpigarren bukatu zuen bere txanda, baina aurrean zituen arerioak kontuan hartuta, ahal zuen guztia egin zuen pasaitarrak. Hain zuzen ere horrexegatik, lasai eta «pozik» bukatu zuen bere esperientzia olinpikoa, sentsazio onekin arraun eginda.
Begoña Lazkanok bazuen beldur bat, eta, behintzat, hori askatzea lortu zuen. «Banuen beldurra azken estropada gaizki egin eta sentsazio eskasekin bukatzekoa. Egon naiz hori gertatu zaien kirolariekin, agian finalean huts egin dutela-eta... ez da egoera samurra. Txapelketa oso berezia da eta azken lasterketa gaizki egiten baduzu, pena handia ematen du». Berak, aldiz, «ondo egin» zuenaren sentsazioarekin bukatu zuen 500 metroko K1eko finalerdia, eta beraz, «pozik» agertu zen prentsaurrekoan.
Finalerdi oso gogorra izan zuen -txanda guztiak ziren gogorrak eta Lazkanok hori ere nabarmendu zuen-, sailkapen fasetik zuzenean igaro ziren bi arerio baitzituen, zein baino zein indartsuago, Tamari Csipes hungariarra -zilarrezko domina lortu zuen- eta Linnea Stensils suediarra. Biek ala biek minutu bat eta 50 segundoko denbora erdietsi zuten lehen egunean, beraien hautagaitza sendotuz.
Hauez gain, eta gainera azkenean Stensilsi aurrea hartuta finalean lekua egin zuena, Michelle Russel kanadarra ere arerio zuen Lazkanok. Honek ere final-laurdenetan irabazi behar izan zuen finalerdietarako txartela, eta atzokoan, finalera egiteko borrokan, Begoña Lazkanok estu hartu zuen. Parez pare zeuden biak, eta lehendabiziko erdian, hirugarren eta laugarren denbora onena egin zuten. «Erreferentzia ona» eta bakarra izan zen Lazkanorentzat, lehen kaletik aritu baitzen, eta modu horretan ahalbidetu zuen bere estropada propioan zentratzea.
ZAZPIGARREN POSTUA
Gogor egin zuen pasaitarrak, ez zitzaion beste erremediorik geratzen, baina argi zuen «A finalera sailkatzea oso zaila» izango zela. B final batean egon zitekeela uste zuen, baina azkenean kanporatua izan zen, zazpigarren bukatuta. Bere txandako arerio guztiek berak baino denbora hobea egin zuten lehendabiziko egunean, eta, Lazkanok hobetzeko tartea bazeukala onartu bazuen ere hedabide honi eskainitako elkarrizketan, ez da aski izan arerioak harrapatzeko.
Nolanahi ere, aurreneko balorazio positiboa egin zuen gipuzkoarrak, bere eskuetan zegoen guztia emanda. «Ni nahiko pozik nago. Pena eta mina ematen du finalean ez sartzeak, baina hau horrelakoa da, txapelketa oso gogorra da; espero dut honetatik ikastea eta beste baterako baliagarri izatea», esan zuen.
Bere lehen esperientzia olinpikoa izaki, ongi ikusi du bere burua, lehendabiziko eguneko sentsazio ezkorrak iraulita eta, berak aurreikusi bezala, baldintza horietan minutu bat eta 52 segundoko denbora eginda. Prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, oraindik ez zen jabetzen egin zuen denboraz, eta beraz, nabarmendu zuen apur bat pausatuago nahi zuela aztertu estropada, «zer egin dudan gaizki edo non akats egin dudan ikusteko». Hala ere, «ni pozik noa nire azken 500 metro hauekin, hori zen pixka bat nire beldurra», azpimarratu zuen pasaitarrak.
TXAPELKETA LEHIAKORRA
«Gauzak oso parekatuta» egon ziren, bigarren sailkatutik azkeneraino bi segundoren bueltan helmugaratu baitziren. Lazkano bera ere, lehen erdian, Csipesengandik segundo eskas batera kokatu zen, baina, azkenerako, harrapaezina bilakatu zen hungariarra; hainbeste, ezen gehiegi estutu gabe bukatu baitzuen estropada. Finalean, baina, bestelakoa izan zen egoera. Csipesek arerio handi batekin egin zuen topo, Zeelanda Berriko Lisa Carringtonekin, eta urrearen borroka bien artean lehiatu zuten, beste sei arerioak atzean utzita.
Lehen erdian Csipes gailendu zen, baina kostatu egin zitzaion azken txanpa, Carrington freskoago iritsi baitzen, urrea kolkoratzeko. Csipesek zilarra irabazi zuen eta brontzea Jorgensen danimarkarrarentzat izan zen.