Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Urdaibai eta Arraun Lagunak piratek bero-bero mantentzen dituzte erronkak

Bermeotarrek lidergoa sendotu zuten Pasaiako portuan Donostiarra eta Orioren aurretik gailenduta, eta orain emozioa bigarren posturako lehia horretan dago. Euskotren Ligan, «Lugañene»-k 14. bandera astindu zuen eta den-dena irabaztea du buruan.

Gorka Aranberri patroia, Pasaian, banderarekin.
Gorka Aranberri patroia, Pasaian, banderarekin. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Aste Nagusia martxan den honetan, ezin dugu aipamena egin gabe utzi. Atzo, Pasaiako portuan, Urdaibai eta Arraun Lagunak pirataz mozorrotu ziren eta estropada eremua hain ondo ezagutzen duen Donostiarrari altxorra “lapurtu” zioten. Orio, bai Euskotren eta baita Eusko Label Ligan ere, oso ondo aritu zen.

Emakumezkoetan, inork eta ezerk ezin du Arraun Lagunak-ekin. Euskal Herri osoan sekulako beroa egin zuen atzo, baina donostiarrek aparteko bultzada bat izan zuten larunbatean Hondarribian Liga irabazita, eta denboraldiko 14. bandera astindu zuten.

Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak urruti geratzen dira jada, baina Ligako 14 banderak hortxe daude, eta Arraun Lagunak-ek erronka argi bat du: denboraldiko proba guztiak irabaztea. Oso gertu dute helburu hori; izan ere, hurrengo asteburuan Zarauzko Bandera jokatuko da, bi estropadekin, larunbatean eta igandean, eta ondoren Kontxako Banderaren bila ere abiatuko dira traineru guztiak.

Atzo, San Pedroko uretan, ez zen misterio handiegirik egon, eta emozioa orain sailkapen nagusiko bigarren posturako lehia horretan egongo da. Atzo, Orio izan zen bigarren eta Donostiarra hirugarren. Tolosaldeak atzo laugarren egin zuen, puntu batzuk galdu ditu bidean, nahiz eta sailkapen nagusian bigarren mantendu. Hala ere, hiru puntuko aldea bakarrik dago Arraun Lagunaken atzetik dauden hiru traineruen artean. Hondarribia, bosgarren, urrutiegi dago.

Berdeek lehen txanda irabazi zuten atzo, erraztasun handiz. Aurkari zuzenena Hibaika zuten, baina estropada eremua oso ondo ezagutzen duten errenteriarrek txandako bigarren postu horrekin konformatu behar izan zuten.

BERMEORA LIGA?

Sei proba falta direla, Eusko Label Ligan emozioa bada oraindik, baina Urdaibaik ez du ezustekorik nahi eta altxorraren bila dabil jo eta ke. Tartean Kontxako Bandera egongo da jokoan, baina, hondoratze larri bat gertatzen ez bada, ligak ezin die alde egin jada bermeotarrei.

Larunbatean Hondarribiko uretan beste erakustaldi batekin gailendu ziren bizkaitarrak, eta atzo asteburua biribildu zuten. Bere txandan Donostiarrak oso zail jarri zituen gauzak, baina bigarren txandan aritu zen Oriok ere hortzak estutzera behartu zituen bermeotarrak eta donostiarrak.

“Torrekua II.ak” entrenamendu gunea du atzoko estropada eremua, eta argi eta garbi geratu zen lehenengo paladetan. Hori bai, ohorezko txandak bi irteera behar izan zituen, lehenengoak bandera gorria ikusi baitzuen epaileen iritziz. Berez egiten zuen bero ikaragarria gutxi balitz, arraunlariek atzerapen hau ere jasan behar izan zuten. Behin irteera ona emanda, Arkaitz Diaz patroiak gidaturiko ontzia ipini zen lidergoan, eta lehen bi ziabogetan aurretik izan zen maniobra egiten. Hori bai, bietan Orioren denborarik ezin izan zuten hobetu. Hirugarrenean, ordea, Urdaibaik beste martxa bat sartu zuen eta estropadaren aurrealdean ipini zen helmugaraino. Kontrako bidean, Zierbenak eta Hondarribiak ez zuten eguna izan.

Bai, ordea, Oriok; bigarren txandan eta Iñigo Larrinaga patroiaren indarrarekin. Baita Cabok eta Kaikuk ere, bosgarren eta seigarren. Bestalde, Getariak larunbatekoa hobetu zuen, San Pedrok ezin izan zuen etxean aldarrikatu eta Ondarroak kale egin zuen, bi ziabogetan arraunarekin kateatuta geratu ostean.