AUG. 15 2024 HIPNOSIS Deserosotasunaren mugekin jolasean Gaizka IZAGIRRE HERNANI Itxurakeriari eta bikote zein lan harremanei buruzko satira zorrotza eta deserosoa. Andre eta Vera lehiaketa entzutetsu batera joango dira, emakumearen osasuna ardatz duen aplikazio bat aurkeztera eta saltzera. Topaketara joan aurretik, Verak hipnosia praktikatu du, erretzeari uzten saiatzeko. Une horretatik aurrera Andreren jarrera aldatu egin da. Pelikula ikusten ari nintzela Ruben Östlunden filmak eta Maren Aderen “Toni Erdmann” etorri zaizkit burura. Ikuslea deseroso sentiarazteko gaitasuna izateaz gain, tonuari eta mezuari dagokionez antzekotasunak dituzte. “Hypnosen” (“Hipnosis”) ez da ikusle guztientzako moduko filma: egoera deserosoen aurrean asko sufritzen duen horietako bazara, proposamen hau agian ez da zuretzat -edo agian bai-. Tragikomedia bat dela esango nuke; badira barregura eragiten duten uneak, baina gehiago dira hausnarketarako tartea irekitzen dutenak. Tonu bitxi horrez gain, filmaren alderdirik sendoena bi aktore protagonisten lana da: Herbert Nordrum eta Asta Kamma August. Egokitu zaien zeregina ez da batere erraza, eta bikain egiten dute biek. Gidoiaren egitura nahiko arrunta da, baina oso zentzuzkoa eta zuzena. De Geer-ek eta Mads Steggerosok argi dute zer den azaldu nahi dutena, eta itzulinguruka ibili beharrik gabe harira doaz. Dena den, are zirikatzaileagoa eta deserosoagoa izan behar lukeela uste dut. Ausarta da, eta garunean iltzaturik geratu zaizkidan zenbait eszena gogoangarri ditu -batez ere amaierakoa-, baina apur bat azalean geratzen da dena. Zenbait unetan erritmo apur bat ere falta zaio. Remake, spin-off, sekuela eta behin eta berriz errepikatzen diren formula berberen nahasketaz jositako eskaintzaren artean, oso eskertzeko da honelako proposamen freskoekin topo egitea. Opera prima oso interesgarria osatu du Ernst De Geer zuzendari suediarrak. Zeresana emango du.