GARA Euskal Herriko egunkaria
THE SWEET EAST

Estiloaren eta edukiaren arteko desoreka


Sean Price Williamsen lehen film luzea. Lillian izeneko ikasle gazteak eskolako txango batean ihes egingo du eta ustekabeko bidaia bati ekingo dio Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean. Pertsonaia berezi eta xelebreekin gurutzatuko da.

“The Sweet East” filmak nortasuna edo boterea bezalako gaiak aztertzen ditu, baita azpikulturak gaztaroan duen eragina ere. Gaur egungo Amerikaren erretratu txiki bat dela esango nuke, mundu kaotiko eta zatikatu batean bere lekua aurkitzen saiatzen ari den neska gazte baten begietatik azaldua.

Filma, estilo bisual bereizgarriagatik eta ikuspegi narratiboagatik nabarmenduko nuke, bai eta abenturaren, satiraren eta dramaren elementuak uztartzen dituelako. Batzuetan surrealista samarra da eta beste batzuetan, aldiz satirikoa, zenbait unetan narrazio esperimentaletik gertu dago.

Estetika berezia duen filma da, baina tekla gehiegi ukitzen dituen gidoi nahiko irregularra du. Asko kostatu zait filmean murgiltzea. Minutuek aurrera egin ahala, pertsonaiekin konektatzea lortu dudan arren, dena oso nahasia dagoela iruditu zait. Istorioak agertoki batetik bestera jauzi egiten du. baina tartean azaltzen diren pertsonaiak eta istorioak behar bezala garatu gabe daude. Zaila da kontakizunekin edo pertsonaiekin emozionalki inplikatzea.

Itxura estetikoa erakargarria baina apur bat nekagarria iruditu zait. Williams ezaguna da argazki zuzendari gisa egindako lanagatik. Kasu honetan, forma edukiari gailentzen zaio. Gomendatzen dudan proposamena bitxia den arren, honen estiloaren eta edukiaren artean orekarik ez dagoela uste dut. Batzuetan, ariketa estetiko huts bat bezala sentitu dut, non irudi deigarriek ez duten lortzen narratiban dagoen edukien gabezia salbatzea.