AUG. 21 2024 PILOTA Pilotako Munduko Txapelketa Labriten, Euskal Selekziorik gabe Euskal Selekzioa ez da lehiatuko 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan. Ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoz, pilota jaialdi herrikoia antolatu dute. Hendaian ofizialtasunaren alde egindako agerraldia. (G. FAUVEAU) GARA IRUÑEA «Gure herrian (Euskal Herrian), gure kirolean (euskal pilotan) eta gure pilotalekuan jokatuko den» 22 urtez azpiko ezkerparetako Munduko Txapelketan «ez dugu gure selekzioa ikusteko eta animatzeko aukerarik izango. Ondorioz, berriz ere, selekzio gisa gure eskubide kolektiboak eta indibidualak ez dira errespetatuak izango», dio Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak (EHEPSAM) zabaldutako oharrean. Hain zuzen ere, Labriten jokatuko da igande honetatik aurrera (abuztuaren 25etik 31ra) 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa, Euskal Selekziorik gabe baina Espainia eta Frantziakoarekin -bai eta Kuba, Argentina, Bolivia, Mexiko eta Perukoarekin-. Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bideak blokeatuta jarraitzen du, iaz Mexikon egin zen ezohiko bilkura antzuaren ondoren. Estatutu aldaketa proposatu zen, baina azken unean ez zen bozketara eraman, eta Nazioarteko pilota Federazioko (FIPV) presidente Xabier Cazaubonek zuzendaritza taldea kargugabetu zuen. Espainian onartu zen Kirol Lege berriaz EAJk egingarritzat jotzen zuen ofizialtasuna, baina dagoeneko pasatu dira bi urte eta bidean ez da aurrerapausorik izan, soilik beste blokeo egoera bat eta Espainiako Federazioak kolpez itxitako atea, haren beto eskubidearen bitartez. Beraz, euskal pilotariek nazioarteko txapelketetan lehiatu ahal izateko selekzio espainol eta frantsesaren bidez egin behar dute. Biarritzen 2022an pilotariek herrialde arrotzen elastikoak jantzi zituzten eta Labriten berdin gertatuko da igandetik aurrera. UKO EGIN 22 urtez azpiko ezkerparetako Munduko Txapelketa honen bueltan, baina, egon da erreakziorik. Egoera honen aurrean haserre, uda hasieran euskal pilotari multzo batek (guztira 18 neska-mutilek) uko egin zioten Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari, honek euren ibilbidean ekar diezazkiekeen trabak eta oztopoak bere eginda. Euskal Selekzioaren aldeko ekimenek eta dinamikek ere indarra hartu dute, ofizialtasunaren aldeko sua hauspotu da kalean. Labriten jokatuko den hitzordu mundial hau probestuta, Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimendua (EHEPSAM) osatzen dutenek, ofizialtasunaren aldeko «jaialdi ireki, herrikoi eta aldarrikapenezkoa» antolatu dute iganderako, «Ofizialtasuna, noiz?» lelopean. «Ekitaldi hau ez da inoren aurkakoa, Euskal Selekzioaren alde jai giroan antolatutako ekimen herrikoia baizik», esan dute antolatzaileek komunikatu baten bidez. Neska-mutilek pilota partidak jokatuko dituzte Jito Alai pilotalekuan -Labrit frontoiaren atzealdean-, 16.00etik 18.30era, eta, ondoren, agerraldi ireki bat eskainiko dute Labrit aurrean. ZAZPI SELEKZIOEuskal Selekziorik ez da izango 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan, baina bai beste zazpi herrialdetakoak: Espainia, Frantzia, Kuba, Bolivia, Mexiko, Argentina eta Perukoak. JAIALDIAProtesta gisa, jaialdi herrikoia antolatu dute igandean, Labrit atzealdeko Jito Alai pilotalekuan. 16.30etik 18.30era pilota partidak jokatuko dituzte eta, ondoren, agerraldi irekia eskainiko dute.