Sagaren azken urteotako filmik onena
Kontakizuna 1979ko “Alien” eta 1986ko “Aliens” artean gertatzen da eta espazio-estazio batean harrapatutako pertsonaia baten istorioa azaltzen du. Ingurune ilun horretan izaki beldurgarriekin topo egingo dute.
Fede Alvarez, survival horror azpigeneroaren kodeez baliatzen da, unibertso eta pertsonaia berri hauek modu nahiko eskematikoan aurkezteko eta sagaren ezaugarria den giro klaustrofobikoa bere horretan mantentzeko. ‘‘Alien’’ ezagun egin zuen giro itogarri eta tirabiratsua birsortzea lortu du. Sekuentzia zirraragarriak ditu eta arrisku sentsazioa etenik gabea da. R. Scotten filmaren esentzia mantentzen du, baina, aldi berean, ikuspegi berritzailea ere eskaintzen du, gaur egungo teknologiari esker efektu berezi ikusgarriak txertatu dituzte. Alderdi bisuala ikaragarria da, eta xenomorfoaren diseinuak izuaren pieza zentrala izaten jarraitzen du. Zuzendaritza artistikoa ere akasgabea da. Agertokiek ezin hobeto islatzen dute etsaitasunezko ingurune batean harrapatuta dauden pertsonaien bakartasuna eta etsipena. Argi esango dut sagaren azken urteotako filmik onena iruditu zaidala. Hori bai, gidoia, gehiegizko nostalgiaren mende dagoen sentsazioa izan dut. Aurreko filmei omenaldi nabarmena egin nahi badie ere, batzuetan jada ikusitako ideien nahasketa iruditu zait, eta egiten diren keinuak eta erreferentziak nabarmenegiak eta gehiegizkoak dira, fan service kirats apur bat dario. Zentzu honetan, filmaren lehen zatia askoz eraginkorragoa iruditu zait, askeagoa; nahiko biribila da.
Lehen mailako entretenimendua da eta suspense handiko uneak oparitzen dizkigu. Beldurra eta zientzia fikzioa maite badituzue, asko gozatuko duzue. Nolanahi dela, bere eginkizuna sobera gainditzen duen arren, ez du ezer berririk eskaintzen. Déjà vu sentsazioa izan dut.