AUG. 22 2024 ARRAUNA Cristian Garma, San Pedrora play-offerako Sotera, Cristian Garmai patroi dela. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA San Pedrok eskarmentuaren aldeko fitxaketa egin du, Eusko label ligan mantentzeko lehiara begira. Cristian Garma (Castro, 1982) patroi kantabriarra fitxatu du, gorengo mailan talde esanguratsuenetan lehiatutako arraunlaria. Castron, Zierbenan, Kaikun eta Astilleron aritu izan da, eta iazko denboraldian Santurtziko traineruan jardun zuen. Hain zuzen ere, Soteraren patroia zela San Pedrorekin parez pare lehiatzea tokatu zitzaion play-offean, eta azkenean Garmaren Santurtzik maila galdu eta ‘Libia’ igo zen. Aurten, aldiz, ‘Libiak’ jaitsierako play-offa jokatu beharko du, sailkapen nagusian azken-aurreko postuan baitago eta matematikoki ez baitauka gorantz egiteko inolako aukerarik. Gorengo mailara aurten itzuli da Sanpedrotarra eta gutxiengo helburua, hau da, jaitsiera zuzena saihestea, lortu duen arren, oraindik ere bere zeregina asko hobetu beharko du maila mantentzeko, kanporaketan emaitza on bat lortzekotan. Honenbestez, azken fitxaketa honi erreparaturik, eskarmentuaren aldeko apustua egin behar zutela ulertu dute San Pedroko zuzendaritza taldekoek. Eusko Label ligara itzuli diren honetan, Gorka Toledo patroia fitxatu zuten, baina iritzi dute eskarmentua garrantzitsuagoa izan daitekeela, Bermeoko eta Portugaleteko uretan jokatuko duten play-offera begira. Dena dela, oraindik ere Eusko Label liga erregularreko bi estropada geratzen dira -asteburu honetan, Ondarroan eta Getarian- Kontxako Banderaren eta play-offen aurretik, eta baliteke Cristian Garmak ‘Libiaren’ eskifaiaren patroitza egitea denboraldiko azken txanpan. Izan ere, gorengo mailara itzuli eta osatzen ari diren denboraldi hau gogorra izan da San Pedrorentzat, estropada ezberdinetan pilatu dituen emaitzen arabera. Traineru morearen posturik onena zortzigarrena izan da, Boiroko Banderan lortua, uztail bukaeran. Gainerako estropada guztietan, berriz, azken hiru postuetan bukatu du -zazpi aldiz hamargarren, lau bider azken-aurreko postuan eta beste lau alditan azkenekoan-. 30 URTE URETAN Ezer baldin badauka Cristian Garmak, eskarmentua da, 30 urte daramatza-eta uretan. Garmak 1993an hasi zuen bere arraun ibilbidea, eta hiru hamarkada hauetako esperientzian Kontxako bi bandera bereganatu ditu (2006an Castrorekin eta 2012an Kaikurekin). Aurten, aldiz, beteranoen liga ABEn ibili da Getxoko traineruarekin.