AUG. 22 2024 Katxeak Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Tabernan eztabaidan ari gara, iritzi trukean, musikarien katxeak direla eta. Euskal talde batek festetan 24.000 kobratzeak eman dio hasiera ahoz gorako hausnarketa kolektibo/etilikoari. Sargoriegi dago, baita tabernetako eztabaida sutsuetarako ere; beraz, nahiko bare doa kontua. Dena dela, argigarria iruditu zait iritzi nagusia izatea musikariok gehiegi kobratzen dugula. Alajaina, ze uste dute, bizioak bultzatuta noala goizero lanera? Eskerrak, barrako polemistek ezagutzen nauten, eta badakidan beste musikari batzuez, “musikari ezagunez”, ari direla. Lehenengo puntua: kapitalismoaren motorraren lubrifikatzaile berak ezartzen du musikaren prezioa: eskaera/eskaintzaren arteko dialektika likits eta ez oso argiak. Sorkuntza salgai bat ere bada, eta ahalik eta irabazi gehien lortzea da, nola ez, zuzenean eskaintzearen prozesuan esku hartzen dutenen helburu nagusia. Musikarien kasuan are sinpleagoa da: ahalik eta baldintza onenetan eskaini nahi du bere lana, beste edozein langilek bezala. Hori zenbat den dirutan? Aaa!... Zenbat jendek entzuten zaitu? Adostasun moduko bat erdietsita, badaezpada, galdera pertinente bat bota diet: arazoa ez da izango 24.000 euro kobratu dituena euskaraz ari den talde bat izatea, ezta? Hala bada, orain bai, haserretu egingo gara.