GARA Euskal Herriko egunkaria

Nola identifikatzen dituzte Gazan palestinarren gorpuak?

Israelen bonbardaketa etengabeek suntsitutako Gazako lurraldean, hildako palestinarrak zenbatzea erronka zail eta neketsua da. Bertako Osasun Ministerioak 40.000 biktima baino gehiago erregistratzeko sistema zehatza garatu du, hondakinen eta kaosaren erdian ahanztura desafiatzen saiatzen den erregistroa.

Lehen sorospeneko taldeak, Israelek Gazako eskola baten aurka egindako erasoan hildako pertsonen gorpuak garraiatzeko prestaketa lanetan. (Omar AL-QATTAA | AFP)

gaza hondar eremu bihurtu da, Israelek duela hamar hilabete baino gehiago hasi zituen bonbardaketa eta eraso bortitzen ondorioz. Bertan, hondakinen artean, gorpuak identifikatu eta zenbatzea ez da erronka makala. Nola moldatzen da Osasun Ministerioa 40.000 hildako baino gehiagoren balantzea ezartzeko?

AFP agentziako kazetariek hainbatetan bisitatu dituzte zutik jarraitzen duten enklabeko ospitale gehienak, eta prozesua hildakoen gertuko senideekin hasten dela azaldu dute bertako osasun-langileek. Azken horiek gorpuak identifikatu ondoren, hildakoen informazio pertsonala Palestinako Osasun Ministerioak Gazan duen datu-base informatizatu batean sartzen da, izena, sexua, jaioteguna eta identifikazio-zenbakia barne.

Gorpuzkiak identifikatzea lortzen ez denean, ezagutezinak direlako edo inork erreklamatzen ez dituelako -batzuetan familia osoak hiltzen baitira Israelgo Armadaren eraso bakar batean-, horietatik gertu aurkitzen diren elementuak dira gorpu horiek ezagutzeko giltzak. Edozein objektu da pista aproposa, hala nola bitxiak, erlojuak, telefonoak edo jaiotza-markak. Horiei argazkiak ateratzen zaizkie, eta ahalik eta informazio gehienarekin erregistratzen dituzte.

ERREGISTRO NAGUSIA

Gazako Osasun Ministerioak balantzea egiteko jarraitzen den prozedura ere azaldu du zenbait jakinarazpenetan. Ospitale publikoetan, Israelek hil duen palestinar bakoitzaren «informazio pertsonala eta nortasun-zenbakia» establezimenduko datu-base informatizatuan sartzen da gorpua iritsi ondoren, edo hil eta gero, hau da, zaurituta ospitaleratzen dituztenean eta ospitalean hiltzen direnean. Datu horiek guztiak egunero transmititzen dira ministerioaren «martirien erregistro nagusira».

Ospitale pribatuetara eramandako hildakoei dagokienez, haien informazio pertsonala «24 orduko epean» ministerioari bidaltzen zaion inprimaki batean jasotzen da, datu-base zentralean sartzeko.

«Informazio-zentroa», ministerioaren zerbitzura, ospitale publiko eta pribatuek emandako informazioa egiaztatzeaz arduratzen da, datu-basean izenak erregistratu aurretik «bikoizturik ez dagoela edo akatsik ez duela ziurtatzeko».

OFIZIALA ETA OFIZIOSOA

Airwars gobernuz kanpoko erakundearen ikerketa batek, gerrek zibilengan duten eraginean espezializaturikoak, eraildako 3.000 pertsona inguru aztertu zituen eta ondorioztatu zuen «korrelazio handia» dagoela «datu ofizialen eta zibil palestinarrek online informatzen dutenaren artean».

Ikerketak dioenez, genozidioak aurrera egin ahala Gazako ministerioaren estatistikak «ez dira hain zehatzak izan», baina betiere osasun-sistemak jasandako kalteek osasun-langileen lana zailtzen dutelako. Adibidez, Nasser ospitaleko 400 ordenagailuetatik -Gazako hegoaldean partzialki jarduten duen azken osasun-establezimenduetako bat-, 50ek bakarrik funtzionatzen dute, Atef al Hut zuzendariak azaldu zuenez.

Israelgo agintariek Hamasen estatistikak aldizka zalantzan jartzen badituzte ere, Estatu sionistako armadak eta lehen ministroak ez dute balantze orokorraren garrantziaz duda egiten.

Gazan, Hamaseko gobernuaren prentsa-zerbitzuek uste dute 40.000 hildakoetatik %70 emakumeak (11.000 inguru) eta haurrak (16.300 gutxienez) direla. Gainera, ministerioaren kalkuluen arabera, 10.000 hilotz daude oraindik enklabeko hondakinen azpian.

Hamasen menpe dagoela argudiatuta, Osasun Ministerioak argitaratutako eguneroko balantzeak zalantzan jarri zituen Joe Biden presidente estatubatuarrak urriaren 7aren ondoren Israelek hasitako ofentsibaren lehenengo egunetan. Hala ere, martxoan hildako «milaka eta milaka» zibil aipatu zituen Bidenek, ministerioaren estatistiken egiazkotasunari buruz gehiago esan gabe.

Hala eta guztiz ere, Osasun Ministerioaren balantzeak hedabide gehienek aipatzen dituzte, bai eta nazioarteko erakunde gehienek eta NBEko zenbait agentziak ere, bereziki errefuxiatu palestinarrez arduratzen denak (UNRWA). Horiek guztiek ministerioaren estatistikak sinesgarriak direla uste dute.