AUG. 23 2024 PACHINKO - 2. DENBORALDIA Familia baten exodoa eta identitatea Gaizka IZAGIRRE HERNANI Oso jende gutxik ikusi duen “Pachinko” telesail bereziaren bigarren denboraldia iritsi da. Istorioak XX. mendean zehar mugituko gaitu, Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Sunjaren begietatik egingo dugu bidaia hori, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua hain zabala izanda ere, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa azaltzen du eta Korearen, Japoniaren eta Ameriketako Estatu Batuen artean bidaiatzen duen kontakizuna bihurtzen da; gerra eta bakea, maitasuna eta galera… era guztietako osagarriak topatuko dituzu telesail honetan. Melodramarako joera duen garaiko drama gisa definituko nuke, familia baten exodoaren eta identitatearen erretratua oinarri duena. Hori guztia oso interesgarria izanik ere -are gehiago gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta-, jorratzen duen gaia ez da telesail honen bertuterik handiena, kontatzeko modua da erakargarriena, testuinguru horretaz baliatuz belaunaldi oso baten erretratua egiten baitu, beren seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena. Muntaia lan paregabeaz baliatuz, paraleloan kokatzen ditu gertaera guztiak, denboran etengabeko jauziak eginez. Horiek, nahasgarriak izan beharrean, ezinbestekoak bihurtzen dira osotasuna hobeto ulertzeko, iraganaren eta orainaren arteko oihartzunak etengabe entzuten baititugu narrazioan, eta batak bestearekiko duen eraginaz oso kontziente gara. Atalak igaro ahala, ustez solte geratzen diren hariak oso modu organikoan lotu egiten dira eta Soo Hugh-en gidoi sendoari esker une emozionalak eta estetikoak biderkatu egiten dira.