G.I.
HERNANI
SILVER HAZE

Esperientzia traumatikoen pisua

Sacha Polaken bigarren filma benetako gertakarietan oinarrituta dago, pelikulako protagonista Vicky Knight-i gertatutakoak azaltzen ditu; zortzi urte zituela, sute baten ondorioz erredurak jasan zituen gorputzaren herenean. Premisa horretatik tiratuz, 23 urteko Franky erizainaren istorioa azalduko digu; mendeku gosez bizi da eta 15 urte lehenago jasandako gertaera traumatiko baten errua norbaiti leporatzeko premia larria du. Bere bizitza erabat aldatuko da Florence izeneko pazientearekin maitemintzen denean. Esperientzia traumatikoak bizi izan dituzten bi emakumeon harremana izango da ardatza.

Hasiera batean estilo libreko dokumental gisa pentsatu bazen ere, azkenean gidoi baten gainean eraiki zen, fikzioaren eta errealitatearen arteko jolasa sortuz: Knighten auzoan filmatu zen, bere familiaz inguratuta. Hainbestekoa izan zen hauen inplikazioa, neba-arrebek rol horiek berak jokatuz parte hartu zutela. Oinarri erreal horiekin, besteak beste, mesfidantza, amorrua, barkamena eta maitasuna gaiak azaleratuko ditu Sacha Polakek “Silver Haze” filmean.