AUG. 24 2024 PILOTA Udako aukera nagusiaz gozatzeko paradarik gabe utzi dute Urrutikoetxea Laso eta Imazek partida borobila jokatu zuten, Mariezkurrenak ez zuen ohi bezala agindu eta Altuna eta Martijaren aurka jokatuko dute finala. Erasoan ondo aritu arren, Urrutikoetxea Laso baino gutxiago izan zen. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU) Jon ORMAZABAL 2022an Bizkaia pilotaleku berean jokatu zen Binakako finala errepikatuko da biharko Bilboko Aste Nagusiko finalean, Altuna-Martijaren osteguneko garaipenaren ostean, Laso-Imaz ere Urrutikoetxeari nagusitasunez gailendu baitzaizkien bigarren finalerdian. Mastersetik eta udako feria nagusienetatik at, etxekoak behar zuen Mikel Urrutikoetxearentzat gozatzeko torneoa, enpresak ere jartzerik zuen bizkartzainik onena jarri zion, baina atzo Jon Mariezkurrenak ez zuen, urrutiegira joan gabe, duela hiru egun eskas Bizkaia frontoian bertan erakutsitakoa erakutsi. Tarteka pilotakada latzen bat jo bazuen ere, -esaterako 7-12koan errebotean jarri zuen pilota- Berriozarko atzelaria gozakaitz antzean ibili da partidako zatirik handienean eta, erasoan baino, defentsan nahi baino denbora gehiago eman behar izan zuten gorriek. Zaratamokoak erakutsi zuen tantoa amaitzea ez zaiola ahaztu, ale oso ederrak utzi zituen airez, baina bere atzelariak agintzen ez duenean bultzatzea garai batean baino gehiago kostatzen zaio. SENDOTASUN HANDIA Urdinek, ordea, partida borobila jokatu zuten; Unai Lasori ezkerrak berriz ere egunik onenetan bezala funtzionatu zion, batez ere txokoan, eta Ander Imazek oso partida sendoa jokatu zuen, pilota bakarra galduz. Indartsu ekin zioten partidari nafarrak eta gipuzkoarrak, eta lan erdietarako (11-4) lehia oso bideratua zutela zirudien, markagailuan bezala jokoan, oso nagusi izan direlako. Hortxe heldu zen gorrien unerik gozoena, hein handi batean Mariezkurrenak tarte batean asko agindu zuelako, eta 11-13 ere gerturatu ziren. Baina Laso-Imazek haizea kontra sufritzen jakin zuten, ez zieten berdintzen utzi eta berriz ihes egin zuten.