XOLE ARAMENDI
ZUMAIA

Azalaren mamia

Txiki Agirre «Keixeta»-ren lan berriena hartu du Zumaiako Oxford aretoak irailaren 8ra arte. «Azalak islatzen du barruan gertatzen dena», artistaren esanetan. Hortik erakusketaren izenburua, «Azalaren mamia». Eskulturak eta margoak elkar elikatzen egon dira estudioan eta hala daude orain publikoaren aurrean. Urtebetez bakardadean aritu ondoren ondutako obra publikoarekin partekatzeko unea iritsi da; ikusle bakoitzak bere bertsioa egitekoa.

Keixeta, hiru zatitan egindako obrarekin.
Keixeta, hiru zatitan egindako obrarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Etxean nengoela, duela bi hilabete, ogi-koskor bat eskuan nuela azalaren eta mamiaren arteko jokoan sartu nintzen. Gaiak garrantzi gutxikoak direnean ‘azalekoak’ direla esaten dugu euskaraz. Azalari eman nahi diot garrantzia nik. Azalak islatzen du barruan gertatzen dena. Alegia, gure gorputzeko azalak denbora markatzen du zimurren bidez. Edo zauria edo gaixotasuna markatzen dira azalean». Txiki Agirre “Keixeta”-ren (Arroa, 1963) hitzak dira.

Elkarrizketa amaitu eta erakusgelatik irtetean familiako kide batekin topo egin du. Berea bukatu du, orain ikusleen txanda da. Hala esan dio. «Publikoa da artelana bukatzen duena. Bertsio asko ditu lan batek, ikusle bakoitzak berea du. Nik badut nire bukaera eta zuk zurea izango duzu», adierazi dio GARAri.

Sartu eta berehala bisitariarengan eragin nahi duen formatu handiko -metro eta erditik bi metrora arteko- seriea kokatu du Keixetak. Getaria eta Zarautz arteko bidean itsasertzean dauden harriak islatu ditu. «Inkontzienteki egin dut, margotu eta gero konturatu naiz zer diren. Inguruan dudanari begiratzen diot, direla flysch-ak… Era figuratiboan pintatutako eskulturak dira», azaldu du.

Sei lan ikus daitezke sarreran eta serie bereko beste lau geroago. Gris-beltzak eta gorrixkak dute protagonismoa. Ilunetik argira eta berriz ilunera.

TEKNIKA PROPIOAK

Urteen poderioz asmatutako teknika propioak erabili ohi ditu Keixetak. Raku teknika erabiliz egosi ditu labean baldosa itxurako piezak. Kolore zuridun lur zigilatua aukeratu du, gainean egindako marka beltzak igarri daitezen. «Buztin plakak lan handia du, neuk egindakoak dira. 1.000 gradutan atera labetik eta minutu batean, minutu eta erdian, 600 gradura jaisten da. Pintxo morunoen palilloez oso epe laburrean marrazten dut. Hasieran egindakoa desagertuz bezala doa eta azkena egindakoak kolore ilunena hartzen du. Uretara bota, hoztu eta kolorea hortxe geratzen da», azaldu du.

Asko erakartzen du behin- behinekotasunak. «Ez dago astirik eta asko disfrutatzen dut. Suarekin jolastea bezala da. Egin aurretik pentsatua izan behar duzu, ez dago errore-marjinarik. Jestua agertzea gustatzen zait. Umeen lana beti gustatu izan zait, agertzen duten birjintasuna. Ez daukat astirik heldua izateko, umeen lana bezalakoa da eta oso gustukoa dut», kontatu du.

Zeramika plaka berdinak erabiliz egindako lanak lurrean ikus daitezke harago. Portzelana estaliak, bolumena dute. Ondoan, zutik, sortzez urontzi itxura zuten piezak, Keixetaren eskuetan ezusteko formak hartu dituztenak. Dezenteko altuera hartu dute batzuek. «Hiru zatitan eginak dira, ez dago tornurik dena osoan egiteko tokia duenik».

Pinturen eta zeramiken arteko elkarbizitzaren lekuko da Oxford aretoa. «Batak bestea laguntzen du», argitu du.

Diziplinen elkarreraginaz gain, bada bigarren hartu-emana: sortzailearen eta honek eskuetan duen materialaren artekoa. «Urte askotako esperientzia duzunean bion arteko haria sortzen da. Batzuetan nire aginduak betetzen ditu materialak edo ‘nik horrela jolasten dut’, esaten dit, eta nik onartu egiten dut. Bion arteko elkarrizketa sortzen da. Gustatzen zait buztinak berak erabakitzea non erori. Ez dut behartu nahi. Teknika menperatzen duzunean obra berez sortzen da», zehaztu du.

Denboraren joana da Keixetaren arreta pizten duen gaietako bat. «Esperientzia jasotzen dugu, batetik, eta bestetik, erlojua martxan dago, bizitzak bukaera du», dio. Gure azalean zimurrak nola, arrakalak dituzte eskulturek. Apurtuta daude, artistak berak hala probokatuta.

Ez da obraren jiran bueltaka aritzekoa. «Koadro bat egiten denbora asko pasaz gero, okertzen joaten da. Hasi eta bukatu egin behar da», dio irribarrez. «Gertatzen da koadroa ezin bukatu, gordean eduki hilabeteetan edo urtebetean, begiratu eta ‘bukatuta dago, ez du beste ezer behar’ erabakitzea. Komeni da bistatik ezkutatzea», gaineratu du.

IKUSI ETA IKASI

“Ikusi eta ikasi” zioen Delirium Tremens taldeak. Bat dator horrekin Keixeta. Zorteko ikusten du bere burua. «Eskolan baino gehiago ikasi izan dut lagunengandik. Ni baino helduagoak izan dira, artistak. [Juan Luis] Goenaga ezagutzen nuen, [Jose Luis] Zumeta eta Koldobika Jauregi lagunak nituen, Don Herbert… Guztiak desagertzen ari dira. Ikusiaz ikasi dut asko. Gaur egun galtzen ari den zerbait da. Donostiara, Bilbora edo Madrilera joaten naiz arte galerietara eta ez dago inor. Guggenheimekin badut arazo txiki bat, adibidez. Urtean bizpahiru aldiz joaten naiz. Eta normalean, aurretik Arte Ederren Museora joaten naiz. Doan da. Guggenheimen, aldiz, ordaindu egin behar da. Umeak ere han daude, ilaran zain. Utz itzazu umeak bakean parkean! Mundu osoa Guggenheimen dago. Marzana Espazioan, Lumbreras Galerian.. ez dago inor. Nik txikitatik bisitatu ditut galeriak eta tristura daukat, bakarrik egoten naiz aspaldian. Lehen etxe guztietan zegoen artelanen bat bakoitzaren neurri ekonomikoaren arabera. Gaur egun bi metroko telebista dago, guztiz aldatu da kontua», egin du hausnarketa.

Online bidezko galeriak ari dira indarra hartzen egun. Nola ikusi artelana pantailaz bestaldean? «Erreferentzia izan dezakezu baina joan egin behar duzu ikustera. Zerbait esango dizu ala ez. Hori jakiteko sentitu egin behar duzu kolore edo testura hotza edo beroa… Sentsazio guzti horiek komunikazioa dira, musika den bezala. Futbola kontsumo-produktua da; artea ez, zoritxarrez», gaineratu du.

Galerista belaunaldi bat ere desagertzen ari da. «Eta dauden gazteek borroka handia egin behar dute mantentzeko. Artistek berdin. Zure estudioa, materiala… Arte Eder ikasketak egindakoek ezin dute etxean lan egin, ez dute ezer saltzen. Adin batera arte bekak edo laguntzak jasotzen dituzte, baina hortik aurrera utzi beharrean aurkitzen dira. Diseinura, irakaskuntzara dedikatzen dira».

Artera bideratutako politika instituzionalak nola ikusten dituzu?, bota diogu galdera. «Ez ditut sumatzen, inolaz ere. Guggenheim berria egiteko proiektuak edo antzekoek ez dute zentzurik; bitartean artistek ezin dute lanik egin. Harrobia galdua dagoela esango nuke. Ezkorra naiz, bai, eta ingurukoekin gaiaz hitz egin dudanean ados daude nirekin».

Garbi dauka. «Ni naiz nire obraren lehen ikuslea. Bai ikuslea, bai kritikoa. Bestela ez luke mereziko hainbeste sufrimenduk. Ez nuke egingo egiten dudana. Bidea nekeza da. Estudioko lanordu ugariek ez dute ordainik gero. Sare sozialak zertan ari garen adierazteko erabiltzen ditugu. Baina gero erakutsi egin behar duzu egindakoa. Obra estudioan geratzeak ez du zentzurik», nabarmendu du Keixetak.

Zumaiako Udalaren eta Debako Udalaren eskutik eskolak ematen dizkie helduei. Zumaiako kultur etxean eta Deban garai bateko Arte Eskolaren eraikineko tailerrean. «Zeramika modan dago. Teknika asko ditu, gauza asko daude erakusteko, eta modan dago, gizarteak behar du. Pandemiaren ondoren gehiago nabaritu da. Etxeko lanak, umeak, lana, ikasketak… horien ondoren jendeak behar du erlaxazio momentu bat eta buztinak ematen du hori. Nik ditudan ikasleak medikuak, arkitektoak… dira».

Irakaskuntzak asko ematen dio. «Jendearekin harremanak beti ematen dizu. Batzuen egiteko erarekin ikasi ere egiten dut. Hartzen ditut detailetxoak niretzat aportagarriak direnak».

ETA IRAKATSI, IKASIZ

Ikusi, ikasi eta irakatsi. Eta ikasleengandik berak ere ikasi. Hauxe zirkulua. «Nire lana inbestigazioa da. Obra batek bestera narama, beti harmailak igotzen. Inondik ere ez dut ikusten mugara ailegatu naizenik. Ez dut pentsatzen ‘iritsi naiz eta dena dakit’. Sorpresa da aurrera egiten laguntzen zaituena. Tailerrean zaudela ezuste asko gertatzen dira. Zeramikan suak agintzen du eta kontrolatu egin behar da. Badago neurri bateko kontrola baina, pinturan bezala, badago portzentaje bat ez dagoena zure menpe».

Bidea. «Gure lanean inportantea da prozesua, bidean gertatzen dena. Pentsamendu konkreturik gabe pixkanaka definitzen zoaz obra, prozesu horretan gertatzen zaizkizunak dira ni aberasten nautenak. Ikusleak ez du hori sentitzen, obra behin bukatuta dagoela ikusten du, baina ni bidean elikatzen naiz».