GARA Euskal Herriko egunkaria

TOLOSALDEAK DISTIRA EGIN DU TXAPELDUNAREN ITZALEAN

Tolosaldeak bigarren postuan amaitu du Euskotren Liga. Aurten aurrerapauso nabarmena eman du taldeak, banderen lehian sartuta. Joan den igandeko azken estropadan lehen garaipena lortu zuten urrezko mailan. Helburu txikia bete dute, baina banderaren saririk ez. «Harrotasuna» sentitzen du Ane Zelaia arraunlariak.

Istriborreko seigarren tostan, Ane Zelaia Tolosaldeko arraunlaria, ahalegin betean, Zarauzko Ikurrineko bigarren jardunaldian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Denboraldi hasieran bizi-bizi zihoan Tolosaldea, eta erronka handia zuen aurretik: azkartasun horri denbora luzez ustea. Bada, aurreikuspen guztiak, bete ez ezik, gainditu ere egin ditu. Inoizko posturik onena lortu dute: tolosarrek bigarren amaitu dute Euskotren Liga. Ramon Erostarbek zuzendutako eskifaiak distira egin du txapeldunaren itzalean. «Hori denboraldi hasieran esan bazenit, esango nizuke: Nora zoaz? Inork ez zuen sinistuko. Beste urteetan beti laugarren egin dugu. Hirugarren posturako borrokan geunden kostata, eta aurten bigarren egitea... Gainera, denok oso maila ona eman dugu. Arraun Lagunak koska bat gorago dago, baina Orio eta Donostiarra oso estropada onak egiten ari dira. Denak goaz borrokatzera. Hondarribia ere sartu zaigu aurten. Harrotasuna da hitza, bigarren postua oso-oso lehiatuta egon delako», hausnartu du Ane Zelaiak (2003, Belauntza), Tolosaldeko arraunlariak.

Hiru urte besterik ez dituzte egin urrezko mailan, eta aurten aurrerapausoa eman dute banderen lehian sartuta. Haiek izan dira bakarrak “Lugañene” ontziaren nagusitasuna hausten. Zarauzko Ikurrineko bigarren jardunaldiko estropada irabazi zuten. «Egun berezia» izan zen tolosarrentzat: «Liga osoan zehar nahi genuen gauza bat zen. Estropada bat irabaztea. Ikusten genuen liga bukatzen ari zela eta ez zela egun iristen. Hala ere, ez geunden antsietatearekin, eta horrek ere lagundu zigun. Disfrutatzera joan ginen, eta helburu txiki hori lortu genuen».

«INDARRA ETA BURUA EZ GALTZEA»

Lehen xede txikia lortu dute: aurreneko garaipena lortzea gorengo mailan. Handiena, baina, ez dute lortu oraindik; bandera bat astintzea, alegia. «Azken bi urteetan hori pasatu zaigu. Beti nahi genuen zerbait irabazi, eta esaten genuen: noizbait irabazi behar badugu, irabaziko dugu banderarik ez dagoenean, edo zerbait izango da. Iaz hori pasatu zitzaigun txantxa artean, eta aurten ere berdina pasatu zaigu», adierazi du barre artean Zelaiak.

Arraunlariaren hitzetan, Arraun Lagunak-en pare jarri direnean, «indarra, burua ez galtzea, eta sinestea» falta izan zaie. «Garbi ikusten dena eta ezin dena ukatu indarra da. Askoz indar gehiago dute, eskarmentua ere bai. Helduagoak dira, eta gu oso talde gaztea gara. Ia urtero multzoa berritzen egon garen talde gazte bat, harrobiko talde bat... Sinestea falta izan zaigu, indar hori beraiek parean jarritakoan burua ez galtzea. Ez gaude ohituta aurrean egoten eta eusten. Beraiek ohituta daude atzetik aurrera egiten. Hor huts egin dugu, haien ondoan izan garenean».

Joan den asteburuko lehen jardunaldian Tolosaldeak bigarren postua galdu zuen, ia sasoi osoan bertan egon ondoren. Bosgarren egin zuten. Oriok aurrea hartu zion sailkapenean, estropada bakarraren faltan. Belauntzarrak adierazi du joan den larunbatean sentsazio «oso txarrak» izan zituztela, itsasoan egin duten estropada «okerrenetarikoa» izan zelako: «Oso triste geunden, eta ezintasuna sentitzen genuen. Hala ere, jakin genuen onartzen larunbatean ez geundela gure onenean. Hau ez gara gu. Bagenekien hobeto egitea bagenuela. Igandean beste aukera bat genuen». Lehen txandatik mahai gainean kolpea eman, eta estropada irabazi zuten, bigarren postua berreskuratuz.

Balorazio «oso baikorra» egiten du belauntzarrak, nahiz eta egon diren estropada batzuk, ibaikoak bereziki, «ondo» egin ez dituztenak. Dena den, Zelaiak adierazi du «espero» zutela horietan ez ibiltzea «hain ondo», batez ere «indarragatik eta eskarmentu faltagatik»: «Gehiago begiratzen diot zortzi aldiz geratu garela bigarren. Gehienbat kontuan hartuta nola ibili garen neguan. Asteburu askotan ez genuen trainerua osatzen, eta nork esango luke, bigarren postuan amaitzea, eta taldea hain gaztea izanik». Garrantzitsuena da hobetzeko marjina badutela eta, urteak aurrera joan ahala, indarra hartuko dutela: «Hiru urtetan hobekuntza nabaritu dugu. Oraindik urte asko dauzkagu hobetzeko eta gorputza egiten joateko. Gazteak izanda marjina edukitzea ona da».

KONTXAN, HORTZAK ESTUTZERA

Arraun Lagunak izan da ontzirik indartsuena. Zelaiaren ustez, bai psikologikoki bai fisikoki, “Lugañene” beste puntu batean dago. Baina irribarre batekin bota du abisua Kontxarako: «Edozer gerta daiteke». Haren hitzetan, azken estropadetan «distantziak gutxitzen» joan dira: «Bai Donostiarra, bai Orio, baita Hondarribia ere, distantziak gutxitzen joan dira. Gu Arraun Lagunak-en pare jarri garen bezala, Oriok baita ere jakin du beraien parean eta aurretik jartzen. Donostiarra ere hor ibili da, eta azken estropadetan ia-ia gainditu zituzten».

Kontxara begira, lehenenik eta behin, sailkatu egin behar dute. Ostegunean jokatuko dute sailkapen estropada eta, hori lortu ondoren, iazko emaitza hobetzea izango dute helburu. «Iaz lehenengo jardunaldia irabazi genuen, baina bigarrenean ez genuen arraun egin. Burua joanda atera ginen, eta bukatu are gehiago. Sentipen gazi-gozo horiek kendu nahi ditugu, eta ohorezko txandan sartzea lortzen badugu, hortik dena eman, eta postu ahalik gorena lortzera joango gara. Bandera ez badugu lortzen, ea bigarren geratzeko kapazak garen». Hortzak estututa aterako dira traineru guztiak Kontxan, Arraun Lagunak-i bandera lapurtzeko. «Nahi duzu, beste izen bat gutxienez. Agian etortzen dira lehiakideak eta esaten dugu: ‘Zuek edo guk, baina baten batek’», esan du barrez belauntzarrak, eta gaineratu du oso denboraldi «ona» egiten ari direla, eta «meritu guztia haiena» dela.