Altunaren gose asegaitza menderatzea lortu dute Unai Lasok eta Ander Imazek
Amezketarraren hasiera nagiari etekina aterata, Baikoko bikoteak 18-11 ere aurreratzea lortu zuen, baina Aspekoen azken orduko susperraldi handiarekin azkeneraino sufritu behar izan zuten, hein batean 2022ko Binakako finaleko arantza kenduz.
Duela bi urte, Bizkaia Frontoian bertan, elkarrekin jokatuta eta arerio berberen aurka, ihes egin zien Binakako txapela adina ez, baina amorruz ospatu zuten Unai Laso eta Ander Imazek Bilboko Aste Nagusiko torneoko garaipena. Arantza kentzeaz harago, iazko udatik beste inork lortu ez zuena egin baitzuten, Jokin Altuna final batean garaitzea -Lasoren kasuan aste honetako bigarrena litzateke, gainera, taldekako Bizkaia Torneoa kontuan hartuta-. Elkarren arteko besarkadak aringarritik ere izan zuen puska bat, bigarren atsedenaldi luzean (18-11) esku-eskura izan zuten garaipenak ihes egingo zien beldurra handia izan baitzen partidako azken txanpan.
Halakoetan erabiltzeko erraza den topikoaz aparte, lehendik ondo ez bazekiten, partidak 22. kartoira heltzean irabazten direla ederki ikasi zuten Baikoko ordezkariek, zer esanik ez, parean amezketarra baldin badago. Irabaz daitezkeen txapel eta garaikur guztiak Larrunarriren azpiko txoko batean gordetzen baditu ere, Aspeko aurrelari Altuna III.ak gosea asegaitza dela berretsi zuen. Desabantaila horrekin, eta zortzi egunetan jokatzen zuen seigarren partida izanda -gaur Donostian zazpigarrena jokatuko du bederatzi egunean-, errazena amore eman eta garaipenari ihes egiten uztea bazen ere, egungo Buruz Buruko txapeldunak partidaren lehen hiru herenetan ihes egin zion inspirazioa berreskuratu eta, Julen Martija sendo baten laguntzarekin, ezinezkoa zirudien partida iraultzetik gertu egon zen. Bi aldiz hurbildu ziren tanto bakarrera (18-19 eta 20-21), baina aste bikaina osatu duen Laso ere ez zegoen barkatzeko, eta merezitako garaipena eskuratu zuten.
MEREZITAKO GARAIPENA
Izan ere, lehia osotasunean hartuta, Baikoko ordezkari Lasok eta Imazek partida askoz osoagoa jokatu zuten. Nahiz eta finala zalantzaren batekin hasi zuten -bakoitzak pilota argi bana galdu zuen lehen bi tantoetan-, ia lehen pilotakadatik Laso eta Imaz nagusi izan ziren, kantxan bezala markagailuan ere. 3-1ekoan atzelariak bigarren pilota bat ere galdu arren, oiartzuarrak ikaragarrizko lana biribildu zuen, denborarik gehienean Martijari bizkarra erakutsiz. Egia da Altunak erasora pasatzeko aukera gutxiago izan zituela, baina aurrean ere Lasok amezketarrak izan ez duen eraginkortasun bat erakutsi zuen tantoak amaitzerakoan, lehiaren lehen erdi luzean.
Gipuzkoarra aurkako atzelaria bultzatu eta ezkerrez pilota ondo gurutzatu ezinik ibili zen bitartean -aurkariari hanketara jokatu bai baina zabaleko marra aurkitu ezinik-, Lasoren esku horrek ostiraleko sentsazio onak itxura baino zerbait gehiago direla berretsi zuen, era guztietako tantoak amaituz, txokoan asko, baina zabala ere ondo topatuz. Marrekin zalantzazko zenbait jokaldietan zortea alde izan zuen, gainera.
Denbora luzez arrakalarik gabeko bikotea osatu zuten, eta inor gutxik espero zezakeen Bilboko feria etxera eramateko hainbeste sufritu beharko zutenik. 11-17koan lortu zuen Altunak ezker airez bere lehen tantoa, eta hortxe argiren bat piztu balitzaio bezalakoa izan zen, azkenerako 10 tantorekin amaitu baitzuen. Martijak ere izan zuen zeresanik azken txanpako partida aldatze horretan, etxeberriarrak pixkanaka behetik gora egin baitzuen nabarmen eta berak ere Imaz dezente estutu baitzuen.
Suspertzea ez zen nahikoa izan Bilboko garaipena ere eskuratzeko, bai, ordea, pilotazaleak partidarekin asetzeko.