GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Kontxarako hauspoa bete du Kaiarribak Getarian, eta Urdaibaik liga irabazi du

Azken luze ikusgarrian, foto finisha beharrezkoa izan da Donostiarraren garaipena zehazteko. “Bou Bizkaiak” bere hamargarren liga irabazi du.

Donostiarrako Arkaitz Diez, Getariako ikurrina astintzen, bere eskifaiaren aurrean. (J. URBE | FOKU)

Donostiarrak aste biribila sinatu du, Zarauzko bandera preziatua irabazi eta astebetera Getarian udako bere bigarren trapua astinduta. Kontxako banderara begira, bere etxeko estropada handira begira, Kaiarribak hauspoa bete du, Bou Bizkaiaren atzetik azkarren dabilen trainerua dela baieztatuz. «Azken asteotan gure bertsiorik onena ateratzen ari gara eta gustura gaude. Sekulako estropada egin dute, eta lortu dugu uretatik gustura ateratzea», esan zuen Arkaitz Diez patroiak, haren eskifaiari buruz galdetzean. Diezen erabakiak ere ezinbestekoak izan ziren azken luzean, Urdaibai estutu eta bukaerako garaipena eskuratzeko. Brankan biek ala biek -segituan aldendu zituzten Zierbena zein Hondarribia- mugimendu berdina egin zuten, beraien kaletik arituta, lehenbizikoan bermeotarrak eta hirugarrengoan donostiarrak. Poparean, aldiz, Diezen eskifaiak istriborrera jotzeko joera hartu zuen eta azken luzean nortasuna erakutsi zuen: aurrena istriborrera jo, Urdaibairi ababorreko mugimendua oztopatu eta bukaeran, olatu apurrak hartzeko, istriborrera eginda. Arriskatu egin zuten, Zarautzen egin bezalaxe, eta arrisku horrek bere saria eduki zuen: ikurrina irabazi eta Kontxarako hauspoa gogotik bete. Urdaibaik, denboraldi honetan lehen aldiz, asteburua hutsean bukatu zuen arren, matematikoki Eusko Label liga irabazi du. Urdaibairen hamargarren garaikurra da, azken hirurak elkarren segidan irabaziak. Gorka Aranberrik eraman du patroi onenaren saria ere. Kontxa irabazteko hautagai nagusiak dira eta etxeko estropadan, irailaren 14an, ospatuko dute liga garaipena, eta akaso baita Kontxakoa ere.