Arrazistak, homofoboak eta negazionistak Parlamentuan?
Datozen 12 hilabeteetan Irlanda Errepublikako biztanleak bitan joango dira bozkatzera, batean Parlamentua aukeratzeko eta bestean presidentea hautatzeko. Ekainean izan ziren Udal eta Europako hauteskundeen ondoren egingo dira hauek, eta orduan eskuin muturrak ez zituen lortu espero zituen emaitza arrakastatsuak.
National Party eta Irish Freedom Party alderdiek zinegotzi bana lortu zuten joan den ekaineko hauteskundeetan, eta independente bezala aurkeztu ziren eskuin muturreko beste bi hautagaik ere eserlekua bereganatu zuten.
Gainera, Independent Ireland alderdiak europarlamentari bat eta hogeitik gora zinegotzi eskuratu zituen. Zaila da mugimendu hau sailkatzea, momentuz ez duelako alderdi gisa funtzionatzen eta ez duelako boto diziplinarik. Era berean, haien jarrera sarritan eskuin muturraren parekoa den arren, ezin dira denak zaku berean sartu. Banan-banan aztertu beharko genituzke. Laburbilduz, talde bezala populismoren eta eskuin muturraren arteko eremuan kokatu daitezke.
Eskuin muturreko beste alderdiek, The Irish People Party edo Ireland First, eta independenteak bezala aurkeztu ziren hautagai askok ez zuten zinegotzi bat bera ere lortu.
Baina ezin dugu inolaz ere haien guztien emaitzak porrota izan zirela esan. 100 urtetan ez da Irlandan eskuin muturreko politikari bat hautatua izan, eta hori aldatu egin zen ekaineko hauteskundeetan. Eta ukaezina da Errepublikan egoera politikoa guztiz aldatu dela 2020an egin ziren hauteskundeetatik. Ordutik hona, inkesten arabera, irlandarren kezka nagusiak erabat aldatu dira: orain bizitzaren garestitzea eta immigrazioa daude etxebizitza eta osasun zerbitzuen aurretik.
ELKARTZEN HASIAK
Aldaketa nabarmenena pandemiaren aurretik eta ostean eskuin muturrak gizartean duen irudia izan da. Aurrez gorrotatuak ziren (2020 hauteskundeetan bozen %2 lortu zuten); orain, ordea, argi eta garbi arrazistak, homofoboak eta negazionistak diren hainbat politikari hautatuak izateko benetako aukerak dauzkate hurrengo Parlamenturako hauteskundeetan. Udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, aukera handia dute, baldin eta eskuin muturreko alderdiak eta independente moduan definitutakoak elkarlanean hasten badira. Eta bide horretan ari dira.
Kontuan hartu beharra dago diskurtsoak duen oihartzun gero eta handiagoa. Irlandako mugimendu faxistak monitorizatzen dituen kazetari baten hitzetan -anonimotasuna eskatu du, segurtasun arrazoiengatik-, «ez dute hauteskundeak irabazi beharrik, beste alderdiek haien politikak bere egiten badituzte, nahikoa dute. Eta hortik aurrera itxarotea baizik ez zaie geratzen, ze egunen batean, beste alderdiek atzera egingo balute, hor zain egongo lirateke, hutsunea betetzeko».
Parlamentuan lege aldaketa bat lantzen ari dira, non bi irlandar mota egongo diren. Irlandara emigratu eta gero irlandar herritartasuna lortu dutenak bigarren klaseko irlandarrak bihurtuko dira, eta, delituren bat eginez gero, nazionalitatea galdu dezakete.
Covid-aren garaian halako eragina izateko «bi ardatz nagusi daude; bat da konfinamendua eta bere ondorioak. Jendeak etxe barruan orduak eman zituen ordenagailuaren aurrean algoritmoaren mende. Urte haietan etengabe elikatutako teoria konspiranoikoek eragin ukaezina izan zuten. Eskuin muturrak sarean zuen alorra, eta beste ideologiak baino hobeto moldatzen zen hedabide horretan. Hori dela eta, konfinamenduak oihartzun izugarria eskaini zion».
«Eta beste aldetik, emigrazioa. Pandemian etorkinen iritsiera eten egin zen, baina auzia hor zegoen, izurritea amaitu ahala eztanda egiteko zain. Ukrainako errefuxiatuen iritsiera, etxe bizitzaren egoera larria... egoera perfektua zen eskuin muturreko irtenbide errazek arrakasta lortzeko. Zailagoa da errua gobernuen utzikeriari botatzea, askoz errazagoa da kulpa besteari, desberdinari leporatzea, ikusten ari garen bezala».
«Eta ezin dugu ahaztu orain arte Gobernuak eskuin muturrarekiko izan duen jarrera leuna. Covid garaiko protestetan parte hartzen hasi ziren, ondoren errefuxiatuen harrera zentroen kontrako piketeak osatu zituzten, LGTBI kolektiboen liburuak zituzten liburutegiak eta liburu dendak erasotzeari ekin zioten. Ekintza hauek inolako zigorrik ez zutela ikusita, hurrengo urratsa etorkinen eta errefuxiatuen etxeak edo hauentzat prestatzen ari ziren eraikinak erretzea izan zen», azaldu du kazetariak.
Poliziak ezer gutxi egin zuen 2023ko irailera arte. Faxistek euren ekintzak onartuak zirela ondorioztatu zuten, «Dublingo portua eta aireportua blokeatu zituzten, baita Irlandako telebista publikoaren egoitza ere». Beste urrats bat gainditu eta Dublingo Parlamentuaren egoitzara jo zuten, parlamentariak mehatxatuz kameren aurrean. «Baina hori ez zen nahikoa izan, eta martxoan Dublingo erdialdea eskuin muturraren kontrolpean egon zen bost bat ordutan... Hori guztia gertatu behar izan zuen Gobernuak zerbait egiteko. Ordura arte geldirik egon zen Poliziari zerbait egiteko agindu zion... Atxilotu batzuk besterik ez».
Eskuin muturreko alderdiek dituzten diru sarrera guztiak Internet bidezko donazioak direla diote, milaka euro batzuk. Baina, ikertzaileen esanetan, talde horiek inoiz ez dute diru faltarik izan.