AUG. 29 2024 Mugaritz eta «El Hoyo 2», Culinary Zineman Mugaritz-en inguruko dokumental batek irekiko du 72. Zinemaldiko Culinary Zinema saila, eta «El Hoyo 2» filmak itxi. José Luis Rebordinos eta Joxe Mari Aizega. (A. CANELLADA / FOKU) GARA DONOSTIA Paco Plazak Mugaritzi buruz egindako ‘‘Mugaritz. Sin pan ni postre’’ dokumentalak emango dio hasiera Zinemaldiko 72. edizioko Culinary Zinema sailari, eta itxiera, aldiz, Galder Gaztelu-Urrutiaren ‘‘El hoyo 2’’ filmaren eskutik joango da, azken hau lehiaz kanpo. Plazaren (Valentzia, 1973) proposamena alor gastronomikotik haratago doa: ikus-entzulea Andoni Luis Adurizen jatetxean gertatzen den berrasmatze-prozesuaren lekuko izango da. Mugaritzen gaineko lanarekin, gainera, beste hiru film lehiatuko dira Culinary Zinema sailean: Ayuko Tsukahararen ‘‘Grand Maison Paris’’, Tetsuya Uesugiren ‘‘Kita no syokukei / Northern Food Story’’ eta Ian Cheneyren ‘‘Shelf Life’’. AFARI TEMATIKOAK Saileko bost filmekin batera, afari tematikoak egingo dira irailaren 23tik 27ra Basque Culinary Centerren. 23an Mugaritzeko sukaldetik pasatu diren Miguel Caño (Nublo), Juan Vargas (Muka), Alatz Bilbao (Bakea), Fran Baixas (Franca) eta Carlos Salvador (Amaica) izango dira menuaren arduradunak; 24an Paulo Airaudo argentinarra; 25ean Takeshi Takahashi (Le Santé) eta Hiroshi Sakai (Ajidokoro); eta 27an, ‘‘El Hoyo 2’’ filmaren unibertsoari helduko diote Edorta Lamok (Arrea!), Aitor Sua eta Lucas Fernandezek (Trèsde Restaurante) eta Jorge Sastrek (Sartoria Panatieri, Brabo eta Molla). Emanaldietarako eta afarietarako sarrerak datorren ostiralean (abuztuaren 30a) jarriko dira salgai, 10.00etan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez.