GARA Euskal Herriko egunkaria

Baliabideak murriztuz, «bizitzak arriskuan» jartzen direla salatu dute Laudion

Plaza, manifestazioa hastear zegoela. (M. DEL VALLE | FOKU)

SOS Aiaraldea plataformak deituta, herritar andana kalera irten zen atzo Laudion, bertako ZIU mugikorrak medikurik ez zuelako berandu artatu zuten bizilagunaren heriotza salatzeko eta osasun sistema publikoa indartzeko deia berriro plazaratzeko.

Atzo Laudioko kaleetan salatu zuten kasu hau iragan ostegunean jazo zen, larunbatean publiko egin zen arren. Nolanahi ere, ez da lehen aldia izan herrian halako zerbait gertatzen dela. Izan ere, urtarrilean beste pertsona bat hil zen bihotzekoak jota. Etengabeko Arreta Gunera jo zuen, baina gau hartan ez zegoen medikurik. Nahiz eta larrialdietako anbulantzia bat bertaratu, ezin izan zuten salbatu.

Mobilizazioa abiatu aurretik, Pili Elortegi SOS Aiaraldea plataformako kideak hedabideei laburbildu zienez, «guk behar duguna da osasun publiko ona eta kalitatezkoa, medikuarekin». Halaber, erreklamazioak aurkezteko egin dituzten bi kanpainen arrakasta nabarmendu zuen, «erantzun bat» lortzeko modua dela defendatuz.

«Gure bizitzak arriskuan jartzen dira osasun baliabideak murrizten diren bakoitzean», ohartarazi zuten mobilizazioaren amaieran. Eta galdera bat ere plazaratu zuten: «Noiz arte entzun beharko dugu Osakidetzan ez dagoela arazorik?».

«Urduri gaude, amorratuta eta haserre, gure beharrak asetzeko nahikoa baliabide jartzen ez direla ikusten dugulako», esan zuten anbulatorioaren atarian. Gisa horretan, orain arte egindako aldarrikapenen aurrean ez entzunarena egitea leporatu zioten zerbitzu hauen arduradunei. Gainera, osasun langileen lanari «behar bezalako aitortza» egiten ez zaiola deitoratu zuten mobilizazioan. «Mediku, erizain, zeladore edo administrazioko langileok talde bat osatzen dugun heinean, gutako bat falta den bakoitzean besteon lan karga eta arduretan eragina du», adierazi zuten.

ANTOLATZEKO DEIA

Mobilizatzen jarraitzera deitu zuten. Zehazki, datozen asteetan eta hilabeteetan eskualdean antolatuko diren asanblada eta dinamikekin bat egitea eskatu zuten, «denon artean osasun sistema duin bat lortzeko».

Horrez gain, osasun zerbitzuetan antzematen dituzten gabeziak (pertsonal falta, hitzorduak lortzeko denbora luzeak...) eskura dituzten erreklamazio orrietan ere islatzeko deia egin diete erabiltzaileei.

«Egoera zail honen aurrean antolatuago eta indartsuago ikusten dugu geure burua, borrokan jarraitzeko, egora honi aterabide bat emango dioten neurriak exijitzen jarraitzeko», esan zuten.