AUG. 30 2024 KONTXAKO BANDERA 2024 Galiziako eta ETE Ligako ontziek lepoa bihurritu diete Euskotren Ligakoei Arraun Lagunak izan zen azkarrena eta Tolosaldea bigarrena, baina handik atzera sorpresaz bete zen emakumeen sailkapen estropada. Astillero, Chapela, Hibaika eta Kaiku sailkatu ziren, eta Orio zazpigarren, Zumaia baino 84 ehunen hobeto bakarrik. Kaikuko traineruko eta Astilleroko arraunlariak pozarren. Bi traineruak Kontxako Banderaren lehian izango dira. (Andoni CANELLADA | FOKU) Arnaitz GORRITI Euskotren Ligako bost traineru baino ez dira izango 15. Emakumeen Kontxako Banderan. Donostiarraz gain, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hibaika eta Orio sailkatu ziren atzo, eta, beraz, Hondarribia, Cabo eta Tiran kanpoan geratu ziren Astillero, Chapela eta Kaikuren mesedetan. Galiziako Ligako zein ETE Ligako taldeek elitetik inork uste baino hurbilago daudela erakutsi zuten eta, hala, zenbait kasutan lepoa bihurritu ere egin zieten. Orio bera gorriak ikusita sailkatu zen, zazpigarren amaitu baitzuen, atzetik orpoz orpo izan zuen Zumaiatik 84 ehunenera. «Sinestezina izan da. Hasi aurretik inkognita bat ginenez, ez genekien non kokatuko ginen ere. Pentsatzen genuen denbora tarte motzak izango zirela, eta, gure burua laugarren ikusita, oso-oso pozik gaude», onartu zuen Ana Ponte Chapela ontzi galiziarreko patroiak, irribarrea zuela. Segundo gutxiren buruan izan ohi dira irribarreak eta malkoak Kontxako Banderaren sailkapen estropadan. Atzoko saioan inoiz baino krudelagoa izan zen marra fin horren alde banatan egon zirenen arteko ezberdintasuna. «Gure burua Orioko trainerutik hain hurbil ikusita, barruan egon behar genuela pentsatu dugu. Estropadarekin gustura geratu gara, baina agian azken metroetan galdu dugun denbora apur horri begira ari naiz orain. Gogorra da», adierazi zuen bere aldetik Amane Jimenez Zumaiakoen patroiak, penatan, hatz puntekin ukitu zutelako berriz ere Kontxako Banderaren lehian egoteko aukera. ESKUTADA BETE SEGUNDO Arraun Lagunak izan zen estropadako nagusia, nahiz eta ziaboga aldrebes samarra egin. Nolanahi ere, 11 minutuen langa hautsi zuen talde bakarra izan zen Euskotren Ligako txapelduna eta, Tolosaldeari zazpi segundoko aldea aterata, igandean nagusi izateko hautagai sendoena dela erakutsi zuen berriro. Tolosaldeak berak ere, bigarren postu hori bere esku legokeela frogatu zuen atzo ere, estropada sendoa eta akatsik gabea burutu zuelako. Alabaina, handik aurrera gertatu zenari zeinek eman ziezaiokeen antzik? ETE Ligako txapeldun Astillerok ezarri zuen hirugarren denborarik onena, zazpigarren amaitu zuen Oriok baino ia sei segundo gutxiagorekin. Horren ondoren Chapela sailkatu zen, hirugarren postuko denboratik askoz gertuago bosgarrenetik baino. Kiniela bat egin zuen oro patrika hutsik joango zen etxera, atzo traineruen sailkapena asmatzeko abilidade handia behar zelako. «Ezin dut hitzik ere egin!», asmatu zuen esaten Alejandra Lombera Astilleroko arraunlariak, malkoei eusten nahikoa lanekin. «Hainbeste ontziren artean sekula ez da jakiten zer atera daitekeen, baina uneotan ez gara gauza analisi sakonagorik egiteko. Hain pozik gaude! Hau ospatu nahi dugu, eta igandeko estropadetara gozatzera etorriko gara», gaineratu zuen, pozarren. Bosgarren postutik hamargarrenera bitarteko mugaldeko postu horietan sekulako saltsa egon zen, bestalde. Bezperan gizonezkoetan ez bezala, faboritoak bigarren txandan irten ziren, Chapela eta Astillero barne. Hargatik, barruan edo kanpoan geratzeko oker txikia behar zen. «Badakigu non huts egin dugun, eta barruan gaude behintzat. Baina ez gaude gustura egindako lanarekin», aitortu zuen Itsaso Azkonobieta Orioko arraunlariak. Aldiz, Hibaikak eta Kaikuk badute atzoko estropadarekin harro egoteko motiborik. Oreretako taldeak sekulako poparea egin behar izan zuen joaneko luze eskas bati buelta emateko. ‘Bizkaitarrak’, berriz, iazko balentria errepikatu zuen, lan oso serioa egin eta Euskotren Ligako ontziei lepoa bihurrituta. KONTRASTEAKSailkatze estropadaren osteko zozketak kanporaketako kontrasteak bistan are eta gordinago laga zituen. Igandeko aurreneko txandan Kaiku, Astillero, Chapela eta Oriok arraun egingo dute; hau da, sailkapen estropadako hiru sorpresek eta eskapada latza egin duen txapeldun ohiak. Bigarrenean, berriz, Arraun Lagunak, Donostiarra, Hibaika eta Tolosaldea arituko dira. Euskotren Ligaren lepoak zer nolako bihurritua jaso zuen, non ote dago Emakumeen Bandera honetan normaltasuna?