AUG. 30 2024 Lekeitio, Plentzia, Elorrio eta Mamarigako jaiak, irailari hasiera emateko plan onenak Uda aurrera doa eta Bizkaiko zenbait herrik ongietorri ezin hobea egingo diote hilabete berriari. Lekeition eta Plentzian sanantolinak ospatuko dituzte, eta Elorrion Ferixa Nausikoak. Santurtziko Mamarigan, bestalde, hamar eguneko jai egitarau luzea hasiko dute. Elorrioko txistulariek igande goizeko azoka girotuko dute aurten ere. (Endika PORTILLO | FOKU) GARA Lekeitioko San Antolin jaiak zerbaitegatik ezagunak badira irailaren 5ean ospatzen den Antzara Egunagatik da, zalantzarik gabe. Baina egun horretaz gain, lekeitiarrek zortzi egun luzez ospatuko dituzte euren jaiak, irailaren 8ra arte, hain zuzen. Hasteko, igande honetan kuadrillen «bajadia» eta txupinazoaren jaurtiketa egingo dituzte. Aurten, eta herritarrek hala erabakita, Romi eta Ixone Markes izango dira jai hasierako suziria piztuko dutenak. Bi emakume hauek Jai Batzordeko kideak dira eta urteak daramatzate herriko jaiak zein kultur arloko ekitaldiak antolatzen. Aukeratze ezin aproposagoa egin dute herritarrek, beraz. Aurtengo festa egitaraua ere herritarren eta eragileen lanari esker prestatu dute, eta Ander Aldazabal alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak antolatzen ibili diren guztiei. Berrikuntzen artean, jaiak inklusiboagoak izateko egin den ahalegina nabarmendu du alkateak. Aurten barraka berri bat ipiniko dute aniztasun funtzionala duten pertsonek ere erabil dezaten eta, gainera, Udaletxe ondoan oholtza berezi bat prestatuko dute gurpildun aulkia darabilten pertsonek plazako ekitaldiak ikusi ahal ditzaten. Astelehenean (irailak 2) San Antolin eguna ospatuko dute, hots, alkandora zuri eguna, bertsolariak, mariatxiak eta su artifizialen jaurtiketarekin. Asteartean (irailak 3) kamiseta eguna izango da, paella txapelketa eta herri bazkariarekin; eta portuko txosnetan elektrotxaranga eta DJen emanaldiak izango dira. Antzara Eguna ostegunean izango da (irailak 5) eta, urtero bezala, txalupen zenbakien zozketa eguerdian egingo dute. Antzara jaia arratsaldeko 16.00etatik 19.00etara egingo da. Ondoren, helduen masta-puntakoa ospatuko dute. Bi ekitaldi horien sari banaketa bariku arratsaldean izango da (irailak 6). Hurrengo domekan (irailak 8) Anteroren ezkutatzea egingo dute, jaiei amaiera emateko. PLENTZIAN ERE, SAN ANTOLIN Plentzian ere San Antolin jaiak ospatuko dituzte, abuztuaren 28tik irailaren 2ra. Txupinazoa asteazkenean bota zuten, eta ostiral honetan (abuztuak 30) lehiaketa gastronomikoen lehen txanda izango da: tortilla, paella eta entsalada nork hobeto kozinatu lehiatuko dira. Zapatuan (abuztuak 31), marmitako lehiaketa egingo da goiz osoan zehar, baita kros herrikoia ere, eta arratsaldean Plentzia Kantari izeneko kantujira herrikoia abiatuko da herriko kaleetan. Domekan (irailak 1) eskualdeko nekazarien azoka ospetsua egingo dute (130. edizioa), eta arratsaldean IX. San Antolin bertso saioa, Aroa Arrizubieta, Julio Soto, Bañat Gaztelumendi eta Onintza Enbeitarekin. Jaietako azken eguna astelehena izango da (irailak 2) eta bertan ez dira faltako Antolin Deunaren ohorezko meza eta aurreskua, musika bandaren kontzertua, fanfarrearekin girotutako koktela eta umeentzako puzgarriak. Iluntzean, urrezko alpargatak banatuko dituzte, eta kalejiraren ostean Antolintxu eta Madalentxu agurtuko dituzte, datorren urtera arte. ELORRION, BEDERATZI EGUNEKO FERIXA NAUSIKOAK Elorrion bederatzi egunez ospatuko dituzte aurtengo Ferixa Nausikoak, larunbateko txupinazoarekin hasita. Arratsaldeko 20.00etan ekingo diete, eta aurten ehun urte bete dituen CD Elorrio futbol taldeko kideak izango dira udaletxeko balkoian pregoia irakurri eta txupina botatzeko ardura izango dutenak. Hogeita lau ordu lehenago egingo dute txosnen irekiera, gaur bertan, hain zuzen ere. Julene Lazkano alkatearen hitzetan, aurten ere Udalaren asmoa izan da askotariko eskaintzak antolatzea eta herritar guztiengana iristea egitarauarekin. Horretarako, jaietako aurrekontua 30.000 eurotan handitu dute, aurreko urtekoarekin alderatuta, 200.000 eurora iritsiz. Ekarpen ekonomikoaz gainera, jaietako egitaraua gauzatu ahal izateko jende askoren lana eta kolaborazioa behar izan dela nabarmendu du Lazkanok: «Hasi herriko eragile eta elkarteen ekarpenetik, udal langile eta jaietako zinegotziaren inplikaziora, eta denen koordinazioan bukatuta». Ekitaldi garrantzitsuenen artean aipatzekoa da igande honetan (irailak 1) egingo diren abere, nekazaritza eta artisau azoka edo arratsaldeko umeen danborrada, besteak beste. Astelehenean kuadrillen arteko bazkariaren eta jokoen txanda izango da. Ostegunean, aldiz, emakumeen euskal ligako futbol partidak jokatuko dira CD Elorrio, Athletic Club eta SD Eibar taldeen artean. Hurrengo larunbatean, irailaren 7an, hain zuzen, Sukalki Eguna ospatuko da Iturrizoro elkartearen eskutik. Igandean (irailak 8) herri kirolak, zesta punta eta bertsolarien txanda izango da. SANTURTZIN, MAMARIGA JAIETAN Santurtziko Mamariga auzoan ere asteburu honetan hasiko dituzte jaiak. Hemen ere bi asteburu hartuko ditu egitarauak eta, hamar egunetan zehar, inoiz baino gehiago, kolorez, kulturaz, umorez eta aldarrikapenez beteko da Ezkerraldeko auzoa. Aurten, Mamarigako jaietako pregoilariak auzoko emakume kirolariak izango dira (Itsasoko Ama eskolako ikasleak, Izaskun Etxaniz, Leire Martinez, Ziortza Urberuaga eta Maialen Saenz), arlo horretan egiten ari diren lana ikusarazteko eta aitortzeko. Pregoia ostiral arratsaldean botako dute, gaur bertan, alegia, eta hortik aurrera, gustu eta adin guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira. Larunbatean (abuztuak 31) betaurreko eguna ospatuko dute, eta igandean (irailak 1) sardinera eta arrantzaleen eguna izango da, artisauen eta itsaskien azoka eta marmitako lehiaketarekin. Aste guztian zehar umeentzako ekitaldi asko izango bada ere, Txikien Eguna asteazkenean izango da (irailak 4), haien neurrira prestatutako egitarauarekin. Ostegunean play back handiaren txanda izango da, ostiralean gazte eguna, larunbatean mozorro eguna eta igandean birjina eguna. Jaiei amaiera emateko, gaueko 22.00etan Sardinoren ehorzketa egingo da eta, ondoren, azken traka botako dute. ANTZARA EGUNAAski ezaguna da Lekeitioko sanantolin jaietan egiten duten Antzar Eguna. Irailaren 5ean jende ugari espero dute herrian, urtero legez. GASTRONOMIKOAPlentziako sanantolin jaietan janariaz gozatzeko parada izango da, tortilla, paella eta entsalada lehiaketetan. BEDERATZI EGUNEZElorrioko Ferixa Nausikoak bederatzi egunez (eta gauz) luzatuko dira. Hori gutxi ez eta, bezperan irekiko dituzte txosnak, ostiral honetan bertan. DENETZATSanturtziko Mamariga auzoko jaietan adin eta gustu guztientzako eskaintza egongo da. Umeek haientzako espresuki atondutako eguna izango dute asteazkenean, Txikien Eguna.