GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
MIKEL AZKARATE
Urdaibaiko arraunlaria

«Taldearen giltza dugun gosea da, eta horrekin batera eskarmentua»

Hirugarrenez jarraian denboraldiko bi garaikurrak irabaz ditzake Urdaibaik. Kontxako Bandera astintzeko hautagai nagusia da. Mikel Azkarate (Ondarroa, 1988) Bermeoko aurrekalariak nabarmendu du oraindik ez dugula Urdaibairik «onena» ikusi. Donostiarra ikusi du azken asteetan gertu, baina haien «areriorik handiena eurak» direla nabarmendu du.

(Jon URBE | FOKU)

Eskarmentu handiko aurrekalaria da Mikel Azkarate. Zazpi Eusko Label liga irabazi ditu, eta lau Kontxako Bandera. «Irabazteko motibazioak mugitzen gaitu, azarotik hasi eta irailera arte». Bosgarren Kontxa lortzeko bidean, behin eta berriz nabarmendu du haien lana «ahalik ondoen» egin nahi dutela.

Azken bi asteburuetako banderak astindu ez dituzten arren, haren hitzetan, Zarauzko lehen jardunaldian denborarik onena egin zuten, eta Ondarroan «ontzirik azkarrena» izan ziren. Ondarroako arraunlariak adierazi du taldea «ondo» iritsiko dela Donostiako estropada preziatura, eta kupoen aldetik, ez dutela «marjina handirik».

Kontxarako, traineru guztiak dena ematera ateratzen bazarete, zer esanik ez zuek. Ligako azken bi asteburuetan ez duzue banderarik lortu. Albistea da Bermeok banderarik ez astintzea.

Banderarik ez dugu lortu, baina, hala ere, bai asteburu batean bai bestean, Zarautzen larunbatean denborarik onena egin genuen, eta Ondarroan, nahiz eta bandera ez lortu, uste dut talderik azkarrena izan ginela. Paperean ematen du banderarik ez dugula lortu, baina badakigu zertan gabiltzan, eta nahiz eta hori ez lortu, horrek ez gaitu bidetik aterako. Jarraituko dugu gure bide honetatik, eta ea, behintzat, igandean ere denborarik onena lortzen dugun.

Nola iristen da Bermeo Kontxara?

Uste dut ondo gaudela. Azkenean, dugun taldearekin eta ikusita uda zelan joan den, asteburu oro egon gara aldaketak egiten. Nahikoa proba egin ditugu, ligak eman digulako puntu aldetik marjina. Beste urte batzuetan agian borroka estuagoa izan da, eta entrenatzaileak ez ditu egin berak nahi zituen gauza guztiak, eta kasu honetan, pentsatzen dut ondo ailegatuko garela, oraindik ez dugula ikusi Urdaibairik onena...

Oraindik ez?

Ez [barrez]. Orain geratzen zaigun lana hauxe da: ea Urdaibairik onena ikusterik badugun.

Zuek zarete zalantzarik gabe hautagai nagusiak, Zierbena ere hortxe dago, baina azken asteetan ere gehitu da Donostiarra festara. Nola ikusten duzu borroka?

Uda aurrera joan ahala talde bakoitzak bere momentu onenak eduki ditu, eta ez hain onak. Guk eduki ditugu momentu batzuk hobeak beste batzuk baino. Azken asteetan Donostiarra ibili da guri gauzak konplikatu ipintzen, baina uste dut gure areriorik handiena gu geu garela. Arreta osoa jarri behar dugu gure lana ahalik ondoen egiten.

Kontxan kupoak ez daudela-eta, litekeena da traineruak gora egitea?

Kupo aldetik ez dut pentsatzen marjina handirik dugunik. Azkenean, ligako egitura antzekoa izango dugu estropada guztietan, eta ligan probatzen dituzun gauzak egiten dituzu gero Kontxan ere. Alde horretatik, entrenatzaileak bai edukiko duela marjina txiki bat, baina ez dut uste marjina hori oso garrantzitsua izango denik.

Ondo dakizu zuk zer den Kontxa irabaztea. Lau dituzu, eta bosgarrena lor dezakezu. Eskarmentuak zer ematen du halako hitzordu garrantzitsu batean?

Lehenengoak beti ematen dizu konfiantza puntu bat. Lehenengoak agian bai suposatzen du, nire kasuan, behintzat, presio puntu bat. Pentsatzen duzu aukera «hau ez badut aprobetxatzen agian ez dut besterik edukiko». Hortik aurrera joan ahala, irabazita izateak konfiantza ematen dizu. Egun batean jokatzen duzun hain gauza inportante bat jokatzeko lasaitasuna, alegia, edo burua lasai izatea, zure lana ahalik ondoen egiteko eta kanpoko presio hori alde batera lagatzeko. Irabazita edukitzeak horrelako egun garrantzitsuetan lagundu egiten du.

Liga jada irabazi duzue azken bi estropaden faltan. Hamargarrena Bermeorentzat. Hasieratik indar erakustaldia eman duzue. Zer balorazio egiten duzu lortutakoaz?

Ez gara kontziente lortu dugunaz. Azkenean, aurreko astean Donostiarrak bandera lortu zuen, eta pixka bat ematen du gure liga honi baliorik ez diogula eman. Baina ez gara konturatzen Kontxa aurretik liga matematikoki irabaztea lortu dugula, ez dakit hori inork lortu duen orain arte. Uste dut Bermeori ez zaiola ematen merezi duen meritua. Beti esaten da Bermeok irabazi egin behar duela, faboritoak gu garela, baina horren atzean lan asko dago, eta lan hori baloratu egin behar da. Nahiz eta Kontxako astean egon, lortu duguna handia da.

Beharbada abuztuan ez zarete hain fin ibili?

Nik ez dut pentsatzen hori izan denik kontua, agian puntualki ez dugu eduki gure egunik onena. Baina ezin da esan emaitza txarrik izan dugunik. Adibidez, pasa den asteburuan bigarren postua lortu genuen Getarian, Donostiarrarengandik ehunenetara, eta Bermeo txar bat bada bigarren postu bat... Orioko egunean ere bosgarren postuan egin genuen, lehenengotik hamar segundora. Ikusita beste talde batzuen emaitzarik txarrenak non dauden, sinatuko nuke Bermeorik txarrena hori izatea. Urdaibairik txarrena hori bada, bigarren postu bat, onena ikusten dugunean pentsatzen dut Bermeo oso indartsu bat ikusiko dugula.

Zuen indargunea popareko luzea dela esango zenuke?

Ez dut uste indargune bakarra dagoenik. Eskarmentua duen taldea gara, poparean ere bai; Gorkak [Aranberri, patroiak] asko laguntzen du, eta taldearen eskarmentuak ere bai. Baina uste dut gure indargune nagusia geure momentu onak aprobetxatzea izan dela. Urtean zehar ikusi da, kale txar bat tokatuz gero ere, sufritzen jakin izan dugula kale horretatik, eta gero momentu onak aprobetxatzen. Orduan, ez dut uste poparean jokatuko dugunik dena. Donostian kanpoko ziabogan hamar segundo atzetik pasatzen bazara, nahiz eta poparean ondo etorri, ez dut uste gauzak irtengo direnik. Talde honen giltza nagusiak dugun gosea eta eskarmentua dira.

Ligan hamabi bandera astindu dituzue, eta hortxe dago Hondarribiak 2015ean lortu zuen marka: 13 bandera irabaztea. Nahigabe edo nahita, erronka hori jarri dizuete.

Uste dut gehiago dela kanpotik ipintzen diguten gauza bat. Ni neu kasik ez nintzen kontziente errekor hori hor zegoenik. Ez dut uste ona denik errekorrari begira egotea; behin hori lortuta, horrek ez duelako ezer suposatzen. Onena da bideaz disfrutatzea edo bideko banderak irabazten saiatzea, eta bukaeran errekorra etortzen bada etorriko da, baina ez dut pentsatzen horri begira denbora galdu behar dugunik.

Zure kasuan, zazpi liga irabazi dituzu, hau bosgarrena duzu jarraian, lehen biak Santurtzirekin eta azken hirurak Urdaibairekin. Bat ez da aspertzen irabazteaz?

Ez, ez da aspertzen, eta pentsatzen dut horixe dela mundu honetan mantentzen nauen motibazioa. Negua oso luze joaten da; nik ez banu irabazteko gogorik, ez nintzateke arraunean arituko. Irabazteko motibazioak egunero mugitzen gaitu, azarotik hasi eta irailera arte. Mundu honetan bagaude irabazteko aukerak ditugulako da, eta argi edukita irabazi batek bakarrik egiten duela eta ez irabaztea ere posible dela.

Guztietan Iker Zabala izan duzu bidelagun. Zer nabarmenduko zenuke prestatzaileaz?

Zabalaz... [barrez egiten du] gauza asko. Adibidez, lehenengo liga irabazi nuenean bera zen taldean, eta gero entrenatzaile eduki dut. Alde batetik, arraunlaria izan da, eta bestetik, entrenatzaile izateko egin duen saltoan, badu esperientzia arraunlari moduan, irabazten, gainera. Berak duen exijentzia azpimarratuko nuke. Nahiz eta goizean lanera joan, gero 24 orduz aritzen da arraunean pentsatzen, eta ikusita berak duen konpromisoa, norbera ere bultzatzen du gure onena ematera. Beraz, nabarmenduko nuke bere exijentzia maila eta konpromisoa.

Aurrekalaria zara. Aurten izan ditugu pare bat uretara erori direnak, zu inoiz erori al zara?

Ez, eta espero dut ez jaustea beste inoiz. Aurten ikusi ditugu makina bat istripu edo makina bat ziaboga kurioso. Nik ez dut eduki horrelako arazorik, eta espero dut ez izatea hemendik aurrera.

Kontxa irabaziz gero, hirugarrenez jarraian bai Kontxa bai liga irabaziko zenukete.

Ez diogu ematen gauza askori duten balioa. Beti irabazi nahi dugu, baina ez gara konturatzen askotan zein zaila den irabaztea kirolean, baita beste gauza askotan ere. Bermeo azken urteetan egiten ari den lanak meritu handia du, eta balioa eman behar zaio. Agian momentuan ez gara kontziente, eta bereziki gu orain momentuan puntan egonda ez gara konturatzen, baina gutako askok hona ailegatu arte momentu txar asko pasatu ditugu, eta orain konturatzen zara merezi izan duela bide horrek. Baloratu egin behar da honaino ailegatzea zenbat kostatu den. Horregatik, orain gehiago disfrutatzen duzu, asko kostatu delako.