SEP. 04 2024 «Non dira haurrak?», buruko osasunaren erretratu musikatua Maddik, 8 urteko neskatoak, suizidio saiakera bat izan du. Gertaera hau abiapuntu hartuta eta haurren osasun mentalean fokua jarrita, Maddi inguratzen duten helduen eta, are gehiago, gure egungo gizarte «krudel, hautsi eta depresiboaren» erretratua osatu du Jokin Oregi antzerkigileak (Soraluze, 1970), Bilboko BBK aretoan estreinatuko den «Non dira haurrak? / ¿Donde estan los niños?» idatzi eta zuzendu duen antzezlanean. Jokin Oregi (hirugarrena eskuinetik), lan taldearekin eta Gorka Martinezekin, BBKko zuzendari nagusiarekin. (Oskar MATXIN | FOKU) AMAIA EREÑAGA BILBO Idazketa prozesuan sartuta zegoenean, albiste bat irakurri zuen: 6 urteko haur batek bere buruaz beste egin zuen AEBetan. «Idatzi nituen lehen bertsioetan haurra hil egiten zen, baina nik nahiago izan dut haurra salbatzea, bere buruaz beste egiteko saiakera bat egotea nahiko traumatikoa delako», aitortu zuen Jokin Oregik atzo, Bilboko BBK aretoan, berak idatzi eta zuzendu duen “Non dira haurrak?” (“¿Donde estan los niños?”, gaztelaniazko bertsioan) helduei zuzendutako antzezlanaren aurkezpenean. Tartean, konpainia beteranoak ekoitzi duen lan honek BBKren babesa jaso du -hiru urte daramatza tokiko sortzaileen lana babesten BBK Salak-, eta aukeratutako gaia, gordina eta erabat aktuala izatez gain, formatu berezi batekin dator, zenbait “horma” puskatzen dituelako. Irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, eta urriaren 4an, 5ean eta 6an gaztelaniaz, BBKren aretoan, Kale Nagusian. Eta zein horma puskatzen ditu? Bat, antzerkian deitzen den “laugarren horma”; hau da, egun horietan antzokiko espazio osoa hartuko du ikuskizunak, normalean besaulki-patioan egoten dena barne. Edukiera funtzio bakoitzeko 110 pertsonara mugatuko da. Bigarren horma protagonistena da. Haurrak, nahiz eta antzezlanaren protagonistak izan, ez dira oholtzara igoko. Oregik ahotsa eman nahi izan die, baina ez presentzia fisikorik... Estreinaldiko emanaldietan izan ezik, Bilboko Koral Elkarteko 45 bat haurrez osatutako abesbatzak kantatuko baititu zuzenean Adrian Garcia de los Ojosen jatorrizko musika eta Miren Agur Meabe poetak propio sortutako letrak. Musikak berebiziko garrantzia du -estreinaldiaren ostean antzokietara eramango den bertsioak ez du zuzeneko musikarik izango-; eta aurkezpenean konpositoreak izan zuen garrantzi berezia, bere lekukotasunaren bitartez azaleratu baitziren gai latz honek dituen ertzak. «Nire bizitza pertsonalarekin zerikusia du -aipatu zuen Garcia de los Ojos hunkitu batek-, niri gertatu zaizkidan gauzak direlako. Nolabait nire bizitzari buruzkoa da. Eta musikaren bidez, poztasuna eta argitasuna eman nahi izan diot». «Ez da gehiegikeriei buruzko ikuskizun bat, baina, egia esan, hor dago gai hori. Badago, baina ez dago era berean», argitu nahi izan zuen Jokin Oregik. Ibilbide luzeko antzerkigilearen “zigilua” du lan honek: «Gutaz, helduei buruz hitz egiten du: gure miseriez, gure antsietateez, gure erabakiez eta hain zorrotza eta hain exijentea den gizarte honi buruz, non haurrak diren kaltetuenak», aipatu zuen. 2008. urtetik, Marie de Jongh konpainiarekin, ikusleria familiarrari zuzendutako antzerkia landu du Oregik. Orain jauzi bat egin du, eta ikusle helduari zuzendu nahi izan die lan hau, Europako antzerkian gaur egun dagoen joera bati helduta: “narraturgia” deitzen da. «Pertsonaiei hitz egiten uztea da kontua, beren diskurtsoaren eta zuzenean kontatzen digutenaren bidez bakarrik biluzten uztea, besteekin ekintzak eta elkarrizketak eginez egin beharrean», aipatu zuen. Sei pertsonaia daude, eta horien bidez, ia monologoak diren elkarrizketa gurutzatuetan osatzen da Maddiren inguruaren erretratua. Iraia Elias eta Sandra Ferrus (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan txandaka, hurrenez hurren) bere psikologoak dira; Getari Etxegarai, ama -«opari bat izan da, eta gozagarria eta gogorra», aipatu zuen-, eta Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute Maddiren “mikrokosmosa”. ABESBATZAIstorioaren protagonistak diren arren, haurrak ez dira oholtzara igoko. Estreinaldirako prestatutako emanaldietan, Bilboko Koral Elkarteko 45 bat haur kantariren bitartez presente izango dira. Garcia de los Ojosen musika hunkigarriari letra jarri dio Miren Agur Meabek.