SEP. 05 2024 «Ad libitum» eta «Otea lili» saio musikalak, NAIZ Irratian Denboraldi berri honetan NAIZ Irratiak musikaren aldeko apustua handituko du. “Musikharia”-k eguerdian tarte berezia izango du eta irratsaio berrien artean daude “Ad libitum” eta “Otea lili”, Lide Hernandok eta Ritxi Aizpuruk aurkeztuak, hurrenez hurren. Ritxi Aizpuru, Iker Gurrutxaga eta Lide Hernando. (Jon URBE | FOKU) MAITE BIDARTE DONOSTIA Sorreratik NAIZ Irratiko zutabe garrantzitsua izan da musika, eta hala izango da denboraldi honetan ere; berrikuntza ugarirekin dator programazio berriaren atal hau. Hasteko, Iker Gurrutxagak aurkeztutako ‘‘Musikharia’’ saioak eguerdian tarte berri bat izanen du (12.15-13.00). Kantu aurrerapenak, azken albisteak, nobedadeak eta agenda errepasatzeko espazio berezia izango da; gauean (22.00-0.00), aldiz, «euskal musikari hauspoa» emateko asmoa du Gurrutxagak. Betiere patxadaz, «disko baten atzean dagoen lan guztiari leku egiteko». Musikaren lerroan, nabarmentzekoak dira, ezinbestez, Lide Hernandok gidatuko duen ‘‘Ad libitum’’ (astearteetan, 19.00etan) eta Ritxi Aizpururen eskutik datorren ‘‘Otea lili’’ (ostegunetan, 19.00etan). ‘‘Musikharia’’ saioaren eguerdiko ordutegi berria baliatuz izan ziren NAIZ Irratian Hernando eta Aizpuru euren saio berriak aurkezten. Musikaren industria barru-barrutik bizi duten bi izen nabarmen dira Hernando eta Aizpuru. Lehena oholtzan ikusi dugu Liher taldearekin eta berriki bakarkako bidea hartu du Bele proiektuarekin. Horretaz gain, aritua da telebista aurkezle ere eta iaz kaleratu zuen bere lehen liburua: ‘‘Izotz hura’’ (Susa, 2023). NAIZ Irratiko uhinetan egingo du salto lehen aldiz irratira. ‘‘Ad libitum’’ musika ohar bat da, partituran idatzita dagoena musikariak nahieran interpreta dezakeela zehazten duena; alegia, interpretazio libreari atea zabaltzen diona. Horrela arituko da Lide Hernando ere asteartero NAIZ Irratian: «Gaia beti ezberdina izango da, baina ni musikaren forman zentratuko naiz. Abesti bakoitza musikalki eta erritmo aldetik landuko dut, modu natural batean, libreki». Bestelako giro bat sortuko du Ritxi Aizpururen ‘‘Otea lili’’ saioak. Musika taldeen manager gisa aritu da zenbait hamarkadan, musika industriako argi-ilunak ongi ezagutzen ditu, esan daitezkeenak eta esan ezin direnak aitortuko ditu; «muturrera joango naiz», esan du. Astero gonbidatu bat ekarriko du saiora, «musikariaren zein pertsonaiaren barruko sentimendu horiek guztiak irratira eraman nahi ditut», aurreratu du. IRRATSAIOAK«Ad libitum», hau da, ahal bezain libre, ibiliko da Lide Hernando (Liher, Bele) izen bereko musika saioan. Ritxi Aizpuruk, zenbait hamarkadaz manager lanean arituak, musikaz esan daitezkeenak eta esan ezin direnak botako ditu «Otea lili» saioan.