Peli LEKUONA
DONOSTIA

Ernai: «Lakuaren aurkako epaiketaren dataren zain gaude»

«Mozal legea» aplikatuta, Ernaiko 133 kide zigortu zituzten joan den maiatzean. Igande honetan mobilizazioa egingo dute, egoera salatu eta independentzia aldarrikatzeko. Prozesu judizialari dagokionez, epaiketaren zain dira, Amaiur Egurrolak NAIZ Irratian azaldu zuenez.

290.500 euroko isunari aurre egin diote Ernaiko gazteek.
290.500 euroko isunari aurre egin diote Ernaiko gazteek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Datorren iganderako, Kontxako Bandera jokatuko den egunerako, antolatu du mobilizazioa Ernai gazte antolakundeak Donostian. Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna izan zen atzo NAIZ Irratian, egungo egoeraren berri ematen. Isunak ordaindu zituzten, banan-banan aurkeztu dituzte helegiteak, eta orain, Lakuako Segurtasun Sailaren aurkako epaiketaren dataren zain dira. Izan ere, jaso duten zigorraren «desproportzionaltasunagatik» salatu dute Segurtasun Saila.

Aste hasieran ehun arraunlari inguruk “Arraunlariok bat eginez” manifestua aurkeztu zuten, eta, Egurrolaren hitzetan, jasotzen ari diren babesaren beste adierazle bat da: «Ernaik jasotako isunen aurrean eta bizitzen ari garen operazioaren aurrean ikusi dugu Euskal Herrian badagoela ehun bat elkartasuna saretzen duena».

Orotara 290.500 euroko zigorra jaso zutela gogorarazi zuen, eta 133 kide izan zirela isunduak. «Operazio hau bide ekonomikoetatik egitea XXI. mendeko jazarpen politikoaren bide bat da, zeinak antolakundeak itotzea duen helburu. Kasu honetan ere argi dago Ernai ekonomikoki itotzea helburu dutela, politikoki desagerrarazteko».

IGANDEKO ZITA

Bulebarretik abiatuko da mobilizazioa, 13.30ean. Mobilizazioaren arrazoia Ernairen aurkako operazioa izan arren, Egurrolak azaldu zuen ez dutela «modu defentsiboan» irudikatzen. Ezkerreko independentismoaren aurkako erasotzat jotzen dute eraso hau gazteek, eta horregatik jarriko dute mobilizazioaren erdigunean independentziaren aldarrikapena: «Herri bat aurrera egiten eta gazteria bat herri horren lekukoa hartzen irudikatuko dugu igandean, borroka horretan aurrera jarraitzeko prest dagoen gazteria».

Izan ere, gazteen artean independentziaren nahia ez dela «zerbait abstraktua» adierazi zuen Egurrolak: «Independentziaren beharra gazteriaren artean ikusten dugu, nazio auziak eta burujabetza ezak gure bizitzak zeharkatzen dituelako». «Burujabetza kuotak» eskuratzeko tresna gisa ikusten dutela zehaztu zuen eledunak.