GARA Euskal Herriko egunkaria
MY PENGUIN FRIEND

Errealitateak fikzioa gainditzen duenean


Batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen du; film hau horren adibide garbia da. Joao Perei de Souza arrantzalearen eta Dindim izeneko pinguinoaren benetako istorioan oinarrituta dago film hau. Brasilgo uharte urrun bateko hondartza batean, Joao arrantzale brasildarrak petrolioz estalita eta hilzorian dagoen pinguino bat erreskatatzen du; egun horretatik aurrera, lagun banaezinak bihurtzen dira.

Jean Reno frantziarra, Adriana Barraza mexikarra eta Nicolas Francella argentinarra dira protagonista nagusiak.

Abenturazko eleberri klasiko bateko pertsonaia bailitzan, David Schurmann zuzendaria itsaso zabalean hazi zen. Hamar urte zituenean, bere familiak belaontzian Lurrari bira emango zion lehen familia brasildarra izatea erabaki zuen; balentria hori 60 herrialde baino gehiago bisitatuz lortu zuten, ekintzaz beteriko hamarkada batean. «Joao bezalako pertsona ugari ezagutu ditut nire bidaietan, bizitza gogorra eta bakartia daramaten arrantzaleak», aipatu du Schurmannek.

«Egiazko istorio bat zela esan zidatenean asko harritu nintzen», dio Jean Renok. «Maitagarrien ipuin bat zirudien. Honelako istorio hunkigarri, dibertigarri eta gizatiar gehiago behar ditugu».