SEP. 06 2024 Euskal jaiak iritsi dira Zarautz, Donostia eta Ordiziara Irailaren hasierarekin batera iritsi dira Zarautz, Donostia eta Ordiziako euskal jaiak. Asteburu honetan hiru udalerriak bete-betean murgilduko dira jai ekitaldietan. Zarautzen astelehenean emango diote amaiera mendeurreneko ospakizun borobilari; Donostian Sagardo Eguna eta estropadak izango dituzte, eta Ordizian, berriz, asteazkenean egingo dute aparteko azoka. Zarauzko Euskal Jaiko artxiboko argazki bat. Modu berezian ospatzen ari dira aurtengo ekitaldiak, mendeurrena baita. (Idoia ZABALETA | FOKU) GARA ZARAUTZ Zarautzen modu berezian ospatzen ari dira aurtengo euskal astea. Izan ere, ehun urte beteko dira Mauricio Flores Kaperotxipi zarauztar pintoreari euskal festa ospatzea bururatu zitzaionetik. Euskal usadio eta ohituretan oinarrituta zegoen jaiari berehala batu zitzaizkion Jose Zinkunegi medikua, Nikolas Mujika pintorea eta Bonifacio Echegaray idazlea. Ehun urte igaro badira ere, gaur egungo egitarauak lehen edizio hartakoan oinarrituta jarraitzen du: goizean dantzak, txistulariak, trikitilariak eta gurdiak herriko kaleetan; arratsaldean kalejira Iñurritzara eta bertan erromeria, bertsolariak, dantza sariketa, salbea eta angelusa San Pelaio ermitan eta, amaitzeko, kalejira herrira, afaria eta erromeria txistu eta danbolin soinuekin. 1950eko hamarkadan, kaleko estanpak, jantzi eta karroza lehiaketak eta otxoteen kantuak gehitu zitzaizkion egitarauari eta, 60ko hamarkadako garai zailetan Haurren Euskal Jai Eguna eta Euskal Astea sortu zituzten, Euskaltzaleak mugimenduak eta Oleskariak otxotearen ekimenez, Manolo Urbieta bera buru zutela. Gaur egun guztiz errotuta dagoen euskal astea joan den igandean abiatu zen Haurren Euskal Jai Egunarekin, eta astean zehar fandango eta arin-arin ikastaroak izan dira egunero, baita ohiko helduen eta gazteen dantza txapelketak ere. Asteazkeneko trikitilari gazteen lehiaketa, ordea, ezin izan da antolatu, ez delako nahikoa parte hartzaile animatu, nahiz eta aurten sari handiagoak izan. Beraz, aurten bertan behera geratu da 44. edizioa izan behar zuena. Atzo ohiko beste ekitaldietako bat egin zen; alegia, herriko taldeek eskaintzen duten antzerkia, oraingo honetan ezinbestez “Euskal Jaiak ehun urtez herria ehuntzen” izenburupean. Gaur beste ohiko txapelketa bat egingo da, bertsolari gazteen XLVIII. Lizardi Sariaren finala, eta bihar, aurresku txapelketa eta euskararen aldeko ohiko ekitaldiak izango dira, tartean AEKren euskararen aldeko lasterketa eta EHEren bazkari herrikoia. Igandean, “Mendeurrenaren brindisa” izeneko ekitaldia estreinatuko da, parrilla herrikoia, sagardo eta txakolin dastaketarekin. Ondoren, plaza dantzak, nerabeentzako tailerrak, salbea eta erromeria izango dira, eta astelehenean mendeurreneko Euskal Jai Egun handiari ekingo diote. Asteburu honetan euskal jantzi tradizionalen erakusketa ikusteko azken aukera izango da herriko dendetako erakusleihoetan, eta irailaren 22ra bitartean argazki zaharrak eta Zuazobiden karrozen maketak egongo dira ikusgai Merkatu plazan. DONOSTIAN, SAGARDO EGUNA ETA ESTROPADAK Donostian ere aste osoko ekitaldien ondoren iritsiko da euskal jaietako asteburu garrantzitsuena. Gaurko toka eta marmitako txapelketak daude iragarrita eta, ilunabarrean, Tio Teronen Semeak taldearen “Haurreskolari” emanaldia eta Iratzar taldearekin erromeria. Larunbata ospakizunez betetako eguna izango da, guztira 16 ekitaldi baitaude antolatuta, tartean Gaztelu Egunaren eta Sagardo Egunaren ingurukoak. Azken hau 11.00etan hasiko da Konstituzio plazan eta bertan 39 sagardogile elkartuko dira. Horrekin batera, Nekazaritza Ekologikoko Azoka ere egingo da Bulebarrean. Kirola, gastronomia, musika eta dantza emanaldiak izango dira eta, eguna amaitzeko, bertso saioa izango da 22.00etan hasita Trinitate plazan, honako bertsolariekin: Miren Amuriza, Amets Arzalluz, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Jone Uria. Igandean Kontxako estropadetako bigarren jardunaldia jokatuko da. Goizean goiz udal txistulariak abiatuko dira, ondoren Joselontxos txaranga, eta estropadak amaitu ondoren, trikitilariek alaitutako sardina- jatearekin emango diete amaiera Sarriegi plazan aurtengo euskal jaiei. ORDIZIAKO AZOKA BEREZIA, IRAILAREN 11N Ordizian larunbatean hasiko dira euskal jaiak eta egitarauak aste osoa hartuko du, tartean asteazkeneko azoka bereziarekin. Hasteko, larunbatean “Emaneurre euskarari!” eguna ospatuko dute; kuadrillen arteko herri kirolak, bertsolariak, kantu bazkaria, bertso saioa, elektrotxaranga eta erromeria izango dira. Igandea jubilatuei eskainitako eguna izango da eta asteazkenean, aparteko azoka izango da. Ohiko gazta lehiaketa egingo da, baita ganadu, euskal oilo, fruta eta barazki lehiaketak ere. Eguerdian sari banaketak eta gaztaren enkantea egingo dira, eta arratsaldean, profesionalen arteko erremonte partidak, herri kirolak eta erromeria. IRAILAK 14 ETA 15Ordizian, irailaren 14rako pilota partida profesionalak, hamazazpi sagardogile elkartuko dituen sagardo dastaketa eta Janus Lester taldearen kontzertua daude iragarrita. Jaiak irailaren 15ean amaituko dira Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketaren sari banaketarekin eta Oihulari Klown-en ikuskizunarekin.