SEP. 07 2024 Aldaketen premia onartu eta zahartzearen «tsunamiaz» ohartarazi du sailburuak Lakuako Osasun sailburu berriak, Alberto Martinezek, Osakidetzan «berehalako» hobekuntzak egin beharra dagoela onartu zuen atzo, Lehen Mailako Arretan, batez ere. Epe luzeagorako aldaketak ere ezinbestekotzat jo zituen Radio Euskadin egindako elkarrizketan, eta gizartearen zahartzeak «tsunamia» dakarrela ohartarazi zuen. Alberto Martinez Osasun sailburua eta Imanol Pradales lehendakaria, osasun ituna gauzatzeko lehenengo bileran. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Ramon SOLA Alberto Martinez Lakuako Gobernuko Osasun sailburuak bere lehen elkarrizketa eman zuen atzo, Radio Euskadin, Osasun Itun baterako Mahaiaren lehen bileraren biharamunean. Osakidetzak erreformen beharra duela onartu zuen, batzuk «berehala» egin beharrekoak, eta beste batzuk epe luzeagora begirakoak, eta egungo testuinguruan, unean uneko arazoak -mediku falta, adibidez- eta egiturazkoak -biztanleriaren zahartzea- daudela nabarmendu zuen. Premiaz jorratu beharreko gaien artean, Lehen Mailako Arretako lehen bisita 48 orduan lortzea aipatu zuen, «oso helburu errealista» dela ziurtatuz. Itxaron-zerrendak ere aipatu zituen, nahiz eta jarraian ñabardura bat egin: «Osasun-sistema publiko baten berezko zerbait dira, pribatuan ez dago halakorik, eta araututako prozedura batzuekin du zerikusia. Egia da traumatologian askoz luzeagoak direla eta hori zahartze-errealitatearen ondorio da». Azken gai hori elkarrizketaren hainbat unetan aipatu zuen: «Zahartzea benetako tsunamia da, Estatu osoko altuena. Dementzia da gure hirugarren heriotza-kausa, eta laster izango da lehena», azpimarratu zuen. Hala ere, beste leku batzuetan baino aukera hobeak ikusten ditu eraldaketa horiei epe ertain edo luzera aurre egiteko, «gure sistema beste edozein erkidegotan baino hobeto dagoelako». Sailburuak esan zuen pozik atera zela osasun-itun baterako mahaiaren lehen bileratik: «Giro eta jarrera oso positiboa izan zen. Lehen gogoeta egiteko aukera eman zigun», zehaztu zuen eta, eragileei helarazi dieten 200 orrialdetik gorako dokumentua «erabat irekia» dagoela gehitu zuen. UBERA: «NEURRIAK BEHAR DIRA» Hain zuzen, EH Bilduko parlamentari Rebeka Uberak nabarmendu zuen osteguneko bilera «informatiboa» izan zela, eta oraindik «ikustear» dagoela ituna nola gauzatuko den. Koalizio independentistak egiturazko aldaketak aldarrikatu ditu legealdi honetan, eta NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, Uberak adierazi zuen osasungintza arloa egokia izan daitekeela horretarako. «Bertan egoera honetara ekarri gaituen politikak identifikatzeko diagnostiko zorrotza egiten bada, eta diagnostiko horri erantzun bat emateko neurriak jasotzen badira, ituna egokia izango da egungo egoera iraultzeko eta herritarrak eskatzen ari direnari erantzuteko», esan zuen. Argi utzi zuen, dena den, ituna lortzeaz gain aldaketak behar direla: «Ituna ez da errezeta magiko bat izango. Sailak neurriak hartu behar ditu egunero; aldaketak behar dira edukian eta formetan». KULTURA BERRIA«Osasun arloan ez dago kulturarik eragile desberdinen artean neurriak adosteko. Itun honek bide horri ekin beharko lioke», esan zuen EH Bilduko Rebeka Uberak.