SEP. 08 2024 TRIANGLE OF SADNESS Eskatologikoa, probokatzailea eta dibertigarria Gaizka IZAGIRRE HERNANI Ostlund-en aurreko filmak baino apur bat ahulagoa iruditu zaidan arren, bere lanetatik hain gustuko ditudan elementuak topatu ditut hemen ere. Gaur bertan iritsi da Filmin plataformara. Bizi dugun gizartearen irudi gardena erakutsi digu beti Ostlund-ek, baina min ematen duen errealitate moduko bat; muturrera eramandako egoerak batzuetan, baina errealitatetik gertu daudenak; irrealtasun batetik jaiotzen diren egoera oso errealak sortuko balitu bezala, fikzioaren muga ikusezin hori gaindituz. Hemen ere kontrasteak bilatu ditu: egoera oso arruntetatik abiatuta drama eraikitzeko gaitasuna erakutsi du. Barregura eragingo diguten eszenak dira, baina mingarriak suertatzen dira aldi berean. Zentzugabeak diruditelako, esajeratuak, zergatik ez esan, baina zauria eragiten digutenak aldi berean. “The Square” filmak artearen mundua ezbaian jartzen zuen eta “Triangle of Sadness”-ek, berriz, tonu dibertigarriagoa eta beltzagoa erabiliz, gizarte-klaseen desberdintasun ikaragarriaz, kapitalismo basatiaz, eta hil ala biziko egoera baten aurrean gizaki gisa hartzen dugun jarreraz dihardu. Filmaren lehen minutuetan Yaya eta Carl bikotea ezagutuko dugu: Yaya influencerra da eta Carl modeloa. Superluxuzko yate batera gonbidatzen dituzte, sare sozialetan publizitatea egiteko. Trama hiru zati nagusitan banatuta dago. Lehenengoan pertsonaiak eta kokalekua aurkezten dizkigute. Bigarrengoan itsasontzian gertatzen den zera hori -azalduko ez dudana-. Eta hirugarrena, kokaleku aldaketa dagoen unea, filmak irauten duen 149 minutuetatik kaskarrenak akaso. Ez da bere aurreko filmak bezain sotila; zabaldu nahi duen kritika oso agerikoa da, baina ikaragarri gozatu dut. Eskatologikoa, probokatzailea, basatia eta dibertigarria da.