SEP. 08 2024 GAURKOA Uden balantze feministak Larraitz UGARTE Abokatua Amaitu da udaldia eta, uda-oste guztietan bezala, balantzeak dira nagusi. Jaien balantzeak, turismo datuen gainekoak... baina badira beste balantze batzuk egiteko garaiak ere. Emakumeok gure balantze propioak ditugu begitan. Eta balantze horietan ez gara ondo ateratzen, pertsonalki onik atera izan arren. Duela bi urte ziztaden uda izan zen Euskal Herrian eta Europako hainbat herrialdetan. Hemen, jaien testuinguruan emakumeon artean izua zabaltzeko kanpaina hark ondorio argi gutxi utzi zituen nolakotasunari eta nortasunari dagokionez. Amaitu zen uda eta amaitu zen misterioa, polizialki bada ere eta harekin batera hedabideen jarraipena, albisteak puztu bezain azkar egiten baitira hustu. Harrezkero, sexu erasoak “klasikoagoak” izatera itzuli dira. Aurtengo balantzean, berriz, hiriburuetako jaietako sexu erasoen hazkundea nabarmendu du Emakundek asteon. Iaz, EAEko hiru hiriburuetan 8 eraso salatu ziren eta aurtengo abuztuan 19 izan dira, eta horiei indarkeria matxistako delituak gehitu behar zaizkie. Eskuak burura eramaten ditugu, kanpainak egin, protokoloak aplikatu eta gaitzespen agerraldiak instituzio nagusietan. Mugimendu feministak tinko erantzuten du eraso bakoitza, autodefentsarako deia egin eta sistema patriarkalari oihu. Baina ezerk ez ditu gelditzen. Euskal gazte mozkor normatibo bat izan da Bilboko jaietan emakume bat bortxaz zapaldu duena. Easo plazako parkingean asteon bortxatzen aritu dena jonkiren bat edo magrebtar bat izango zen, plaza horretan holako jendilajea omen dabil eta beldurra ematen du... baina Gasteizen bere emaztea labanaz hiltzen saiatu den 84 urteko gizona ez da ez drogazalea, ezta magrebtarra ere. Rebecca Cheptegeiren senarra bai, hura afrikarra eta beltza, emaztearen gorputza gasolinaz igurtzi eta alaben aurrean bizirik erre duena. Holakorik! Zer eta Rebeccak, korrikalari olinpikoa bera, lursail batzuk erosi zituelako Kenyan eta senarrari gustatu ez... Espainiar Estatuan ere egon dira hildakoak, baina. Antzeko arrazoiengatik, seguru. Baina eraildako emakumeen %75ek ez zuten bikotekidea aurretiaz salatu, Estatuko Fiskaltza Nagusiak asteon emandako datuen arabera. Esplikatu ez diguna da zergatik den hori horrela eta zergatik politika publikoek ez duten kasu hauek detektatu eta ekiditeko mekanismorik. Eta frantziar Estatuan zer esan... Adi jarraitzen ari naiz Dominique Pelicot eta beste 50 sexu erasotzaileen aurkako epaiketa. Bere emaztea 2011tik 2020ra sumisio kimikoaren bidez 72 pertsonaren sexu objektu bihurtu zuen 71 urteko gizona da Pelicot jauna. Eta beste 50ak, emakume bat, kontzientzia erabat galduta zuen bat, bortxatzeko bezeroak, zer eta beren eta haren senarraren plazeraren mesedetan. Adin ezberdinetakoak dira. Batzuk gurasoak, gehienak seguru jende arrunta, ofizio askotakoak. Akusatuen aulkian eseri diren 50 lagunen biografiek asko lagundu dezakete azaltzeko biolentzia mota honen atzean ez dagoela soilik norbanakoen deprabazioen batura. Jendarte patriarkal baten eta inpunitate sistema oso baten babespean errazago azaleratzen diren jarduteko moduak direla erraz ondoriozta daiteke. Mais c´est trés compliqué. Emaztearen eta seme-alaben irudiak ugari ikusi ditut, baina Dominique honen argazkiez aparte, Interneten nabigatzen aritu naiz eta norbaiti kaskarra baino ez diot ikusi, ez dizkiegu apenas aurpegiak garbi ikusi. Eta hori, nahiz eta biktima nagusiak, Gisele Pelicot andreak, bista modu publikoan egitea eskatu seinalatuak bortxatzaileak izan daitezen, mundu guztiak jakin dezan nor diren eta zer egin duten. Delitugileen (ustezko) zerrendak publikatu direnean, hori morboa dela irakurri dut nonbait. Biktimaren eta familiaren irudiak publikatzea eta haien intimitate guztiak kontatzea, ez. Kazetarien etikaren sesgo matxista ere begiratzeko modukoa dela esango nuke. Baina urrun gaude hortik; salgarria dena kontatu behar omen den argudioa gailentzen da. Uda amaiera honek beste albiste bat utzi digu: Afganistanen emakumeek ezin dute jada abestu eta talibanek ez dituzte emakumeen eskubideak zanpatu baino egiten. Eskandalagarria da, inolako dudarik gabe, eta hala dirudi Mendebaldeko askotariko ahotsentzat, inoizko zarata mediatiko txikienarekin Kabulera eta boterera iristen norbaitek utzi ziela gogoratu gabe... Bitartean, hemen abesteko debekurik ez, baina gaur bertan, Euskal Herrian, Hondarribian, emakumeek ezin dute haien txirula gizon txuri normatiboen askatasun beraz jo; Berdintasun Legearen gainetik eta berau urratuz, instituzioen konplizitatearekin, alderdi politiko zenbaitzuen onarpen tazituarekin, tradizioaren izenean, talibanek ezberdintasunak ezberdintasun erabiltzen dituzten antzeko argudioekin. Instituzioak eta berau gobernatzen duten politikari berberek Easoko aparkalekuko bortxaketarekin pankarta baten atzean nazkatuta daudela esaten duten bitartean (eta noski hala daudela, inolako zalantzarik gabe), alarde ofizialak, hau da, legea betetzen dutenak baino ez aintzatestea eta orekak egiten ibiltzea hobetsi izan dute, epelkeriak eta hautes kalkuluek eraginda ziur asko. Ezin dute aitortu, ez baita zilegi. Baina horregatik beragatik ezin da estali. Gaur bertan, Euskal Herrian, Hondarribian, emakumeek ezin dute haien txirula gizon txuri normatiboen askatasun beraz jo; Berdintasun Legearen gainetik eta berau urratuz, instituzioen konplizitatearekin, alderdi politiko zenbaitzuen onarpen tazituarekin