Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Ernairen kontrako operazioa bere indarraren erakusle dela ziurtatu dute

Milaka gazte bildu ziren atzo Donostian Ernai gazte erakundeak deituta, honek azken hilabeteetan jasandako «erasoak» arbuiatzeko. Segurtasun Sailaren «arbitrariotasuna eta desproportzionaltasuna» salatzeko, mobilizazio gehiago izango direla iragarri zuten. Hurrengoa, urriaren 12an Tafallan.

Euskal gazteriak babesa adierazi zion Ernairi atzo Donostian egindako mobilizazioan.
Euskal gazteriak babesa adierazi zion Ernairi atzo Donostian egindako mobilizazioan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Milaka gaztek egin zuten bat atzo, Kontxako estropaden ostean, Ernaik deitutako mobilizazioarekin. Gazte erakundeak indar erakustaldi batekin erantzun nahi izan zion azken hilabeteetan euren kontra irekitako oldarraldiari. Izan ere, orain lau hilabete erakundeko 133 kidek isuna jaso zuten Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu izanagatik, eta Ernaik 290.500 euroko zigorrari aurre egin behar izatea ekarri du horrek.

Manifestaldia abiatu aurretik prentsaren aurrean egindako adierazpenean, Ernaiko eledun Amaiur Egurrolak adierazi zuen «operazioak posizio politiko bat isilarazteko nahia» duela, eta gazteriak «kaleak hartzen» jarraituko duela ziurtatu zuen, «gero eta gehiago garelako independentziaren aldeko hautua egiten dugunok».

Bere hitzetan, isunaren asmoa erakundea «ekonomikoki itotzea» da: «Honek XXI. mendeko errepresio mota bati, errepresio ekonomikoari erantzuten dio eta, beraz, ekonomikoki ito nahi gaituzte politikoki desagerrarazteko», nabarmendu zuen. Horren aurrean, baina, aurrera jarraituko dutela ziurtatu zuen eta isunek erakundean eragin duten zuloari aurre egiteko crowdfunding kanpainak aurrera jarraitzen duela ere ekarri zuen gogora.

Era berean, datozen hilabeteetan ere mobilizazioek jarraituko dutela aurreratu zuen, urriaren 12an zein Gazteon Eskutik ekimenean: «Ikasturte honetan zehar bestelako ekimen batzuk izango ditugu eta horietara dei egiten dugu, bereziki udaberri honetan izango dugun Gazteon Eskutik ekimenera: euskal gazteriari dei egiten diogu bertan gazte independentistok elkartu eta bat egiten jarraitzeko».

AMETSAK ERAIKITZEN

Gauzak hala, manifestaldia 13.30 pasata irten zen Donostiako Bulebarretik, eta, erdigunea zeharkatuta, leku berean eman zitzaion amaiera. «Bat eginez independentziara» lemadun pankarta gidari, milaka gazte -eta ez horren gazte, baita turista despistaturen bat ere tartean- bildu ziren aldarrira eta, besteak beste, «Euskal gazteria aurrera» «Gazte borroka, gazte antolakuntza» edota «Ez gaituzte geldituko» leloak hartu zituzten ahoan, ikurrina eta Nafarroako bandera artean, Bulebarrera itzultzen ziren artean. Bulebarrean, poesia saio batekin ekin zioten mobilizazio amaierako ekitaldiari, gaztetasuna eta ametsen mundua elkar lotuz, eta «ez badigute amesten uzten ez diegu lorik egiten utziko» gisako esaldi argigarriak eskainiz.

Oholtza gainean, Egurrola izan zen azken mezua helarazi zuen arduraduna. Erakunde oso baten hitzak bere eginez, Ernairen kontrako operazioa ez dela ausazkoa izan nabarmendu zuen. «Eraso hau Ernaik agortuta dagoen espainiar Estatuaren eskaintza aurkaratzeko eta bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokari ekiteko gero eta indar handiagoa duen unean» etorri dela iritzi zuen, eta «operazio hau, beraz, horren erreakzio bat baino ez» dela erantsi. «Gure unea heldu da, eta horregatik abiatu dute gure aurka gazteria independentista jopuntuan jartzen duen operazioa», berretsi zuen.

URRIAREN 12AN, TAFALLARA

Era berean, Segurtasun Sailaren «arbitrariotasuna eta desproportzionaltasuna» salatzeko epaitegietara jo zutela ekarri du gogora. «Operazio hau abiarazi izanaz damutuko zarete», esan zuen, eta datozen hilabeteetan mobilizazio gehiago egongo direla iragarri zuen; hurrengoa, aurrez esan bezala, urriaren 12an Tafallan.

Egurrola deialdiak izandako erantzunarekin asebeteta agertu zen prentsaren aurrean. «Gaurkoa erantzun sendoa da, gazte eta independentista asko elkartu gara Donostian», nabarmendu zuen, baina azpimarra azken lau hilabeteetan jaso duten babesean jarri nahi izan zuen: «Jaso dugun bulkada soziala itzela izan da, Euskal Herrian badago pizten den elkartasun bat, eta hori jaso dugula sentitzen dugu», amaitu zuen eskertza Egurrolak.