GARA Euskal Herriko egunkaria
SLOW HORSES 4.DENBORALDIA

Dirudiena baino askoz hobea


Sagar hozkatuaren plataforma, Apple TV+, 2019an jarri zen martxan. Lehen urte horietan, erdipurdiko ekoizpenak egiteaz gain, norabide finkorik gabe nabigatzen ari zirenaren sentsazioa transmititzen zuten. Bost urteren ostean telesail interesgarri ugari sortu dituzte; horien artean, laugarren denboraldia estreinatu berri duen “Slow Horses”.

Slough House -euskaraz Zingiraren etxea- Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da. Ezkutatuta, MI5ekoa delako -barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua-, eta zingira ezizena, bertako langileak aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako; lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak. Talde horren burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena.

Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko da Zingira, eta noski, baita Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua ere. Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz, eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, katuaren eta saguaren jokoan murgilduko zaituen telesail oso entretenigarri batean murgilduko zara. Gidoia arina eta tirabiratsua da, baina espioitza istorioetan oso ohikoak ez diren zenbait une umoretsu ere baditu.

Gaiak, eta edukiak oro har, azalekoa dirudien arren, muinean baditu osagai interesgarriak: inteligentzia agentzia britainiarrari jaurtitzen dion dardo zehatza eta pozoiduna, adibidez, agerikoa da. Eskuin muturreko taldeekin dituen lotura zuzenak zein zeharkakoak, eta beren helburuak lortzeko nola erabiltzen dituzten erakusten baitu.