GARA
DONOSTIA

Donostia gune tentsionatu izendatzeko premia

Kaleratzeak Stop-ek adierazi zuen Irungo eta Lasarteko udalek jakinarazi dietela eremu tentsionatu izendatzeko dokumentuak Lakuara bidali dituztela. Donostiakoak, aldiz, ez die erantzun.

Tentsionatutako gune gisa izendatzeko eskaera Donostiako udaletxean.
Tentsionatutako gune gisa izendatzeko eskaera Donostiako udaletxean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Kaleratzeak Stop elkarteak atzo ohar baten bidez adierazi zuenez, ekaineko eta uztaileko Donostiako Udaleko osoko bilkuretan ebazpen bana onartu ziren etxebizitzaren inguruko diagnostikoa eta plana «urgentziaz» egin eta Lakuako Gobernuari bidaltzeko. Ebazpena onartzearekin batera dokumentuak egin eta bidaltzeko konpromisoa ere hartu zuen Udalak, baina oraindik ez dela gauzatu salatu zuen atzo plataformak.

Etxe kaleratzeen aurkako elkarteak adierazi zuen uztailaren 22an hirigintza zinegotziak eta Etxegintzako gerenteak dokumentuei ekarpenak egiteko epea abuztuaren 15ean amaitzen zela jakinarazi ziotela. Eta, beraz, Kaleratzeak Stop-ek azaldu zuen «harrituta» dagoela Udalak ez dielako bidalketaren data jakinarazi. Irun zein Lasarteko Udalek jadanik Lakuari dokumentuak bidali dizkiotela jakinarazi dietela gaineratu zuen plataformak.

BOST FAMILIA ARRISKUAN

Gros auzoan Azorako maizter gisa bost familia daudela adierazi zuen Kaleratzeak Stop-ek atzoko oharrean, eta Azorak jakinarazi omen die urriaren 31n amaitzen direla kontratuak, eta ondorioz, etxebizitzak hustuko dituztela. Horregatik, etxe kaleratzeen aurkako eragileak Donostiako Udalari berriro ere eskatu zion lehenbailehen tentsionatutako gune izendatzeko dokumentuak egin eta Lakuari igortzeko prozedura martxan jar dezala. Horrela, hiru urteko luzapena izango lukete familia horien etxebizitza kontratuek.

Kaleratzeak Stop-ek azpimarratu zuenez, Donostiako etxebizitza berrien prezioa 5.533 eurokoa da metro karratuko; eta 3.601 eurokoa Gipuzkoan. Hiriburuan metro karratu bakoitzeko alokairua 18,1 eurokoa da, eta 16,5ekoa herrialdean. Salneurri horiek 2008ko higiezinen burbuilarenak gainditzen dituzte.

Elkarteak gogoratu zuen Gasteizko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordean hitza hartzea eskatu duela eskakizun zehatz bat egiteko: premiazko bidetik jasotzen dituen gune tentsionatu izateko eskaerak Aldizkari ofizialean lehenbailehen argitaratu ditzala. Horrela, 20 eguneko epean alegaziorik ez badago, ofizialki gune tentsionatutzat joko lirateke.

Bestalde, dagozkien administrazioei eskatu zien foru-ogasunei formalki eska diezazkietela zergadunen datuak, tentsionatutako udalerrietako alokairuen erreferentzia-indizeak egiteko.