AITOR AGIRREZABAL
DONOSTIA

Ane Zubeldiak jasoko du aurtengo Igartza literatura sorkuntzarako beka

Epaimahaiak, aurkeztutako hamasei lanen artean, Ane Zubeldiaren “Datorren udan ez gara hemen biziko” lana aukeratu du Igartza literatura sorkuntzarako beka jasotzeko. Idazleak atzo egindako aurkezpenean aurreratu zuenez, lan «oso sentsoriala» izatea du buruan.

Elkarrek Beasaingo Udalarekin eta CAFekin elkarlanean ematen du Igartza beka.
Elkarrek Beasaingo Udalarekin eta CAFekin elkarlanean ematen du Igartza beka. (Jon URBE | FOKU)

Ane Zubeldia hondarribiarrak jasoko du XXVII. Igartza literatura sorkuntzarako beka. Zubeldia bere izen artistikoa da, amonaren abizena hartuta. «Aldarrikapen bezala. Nire bi amonak idazten aritzen zirelako. Lourdes Zubeldia idazlea zen, nahiz eta bere burua horrela izendatu ez. Baina ezin izan zuen bere ibilbidea garatu. Bere abizena aldarrikatzea garrantzitsua da», azaldu zuen Donostiako Elkarren egindako aurkezpenean.

Itzultzaile eta abeslari gisa ere egin du bidea aurretik, Lurra musika taldean. Azken urteetan Mejillon Tigre kolektiboa osatu zuen Eider Perezekin, hitz esaneko estiloan. Orain sortzaile gisa garatzeko aukera izango du. «Idaztea asko gustatzen zait txikitatik. Azken urteetan idazten aritu naiz, baina ez modu sortzailean. Ane Garcia izenarekin musikari gisa, itzulpenak egiten, dantzan. Baina literatura izan da txikitatik niretzat kuttuna», adierazi zuen herriko jaiak igaro berritan izaten den ahotsarekin.

Beka “Datorren udan ez gara hemen biziko” lana gauzatzeko eman diote. Beraz, zer izango ote den galdetuta, «oraindik osatu ez duzun zerbaitetaz hitz egitea arraroa» dela aipatu zuen gipuzkoarrak; momentuz, «susmoak» dituela gaineratuz. «Ipuin bilduma bat izango da. Izenburua bera ere behin-behinekoa da. Ez dut normalean prosa idazten, baina pare bat istorio etorri zitzaizkidan burura. Ez daukate haien artean zerikusirik, baina nahi nuen liburu oso sentsorial bat egin. Ez nuen gogorik zerbait diskurtsiboki esplizitua izango zena idazteko. Ipuin bakoitzarentzat gai ardatz bat dago, baina ez dut esplizituki azaltzen. Heriotza izan daiteke gaia, baina ez da esplizituki azaltzen», esan zuen.

SOSTENGUA

Musikatik literaturara egindako salto horretan, konparazioak egin zituen Zubeldiak: «Musika ezin da bakarrik egin, eta literatura bakarrik egin behar den zerbait da. Baina literaturak lagun pila eman dizkit, lotura estu pila jende askorekin. Kolektibitate hori sentitzea garrantzitsua da, ez baita erraza baldintzak eta denbora topatzea». Horregatik eskerrak eman zizkien beka posible egiten duten Elkar argitaletxeari, Beasaingo Udalari eta CAF enpresari.

Itzulpenaren mundutik iritsi da literaturara hondarribiarra: «Niretzat itzulpena jolas bat da, puzzle moduko bat askatu behar duzuna. Zorroztasun askoz handiagoz idatzi behar duzu, lan originalarekin zor hori duzulako». Hala, itzulpengintza aldarrikatu zuen; «oso erabilgarria da idatzi nahi duen norbaitentzat, sekulako eskola izan da».

BEASAINGO UDALA ETA CAF

Idazlearekin eta Elkar argitaletxeko ordezkariarekin batera, beka ahalbidetzen duten Beasaingo Udala eta CAF enpresa izan ziren. Mariola Pascual zinegotziak sari hau «urtez urte kultura eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko aukera paregabea» dela esan zuen, eta CAFekin eta Elkarrekin duten «lankidetza sendo eta oparoa» nabarmendu zuen zinegotziak, «euskara eta literaturaren alde egindako lanagatik, euskal sorkuntza sustatzeko».

Bianditz Iraola CAFeko euskara arduradunak, berriz, «horrelako proiektu batean bidelagun izatea ohorea» dela nabarmendu zuen. «Igartza sariarekin dugun konpromisoa sendotu dugu, 6.000 eurotik 10.000 eurora pasatuz; borondatea erakusten du». Konpromiso hori «aurretik egon den kalitateagatik eta etorkizunean egongo denagatik» dutela azpimarratu zuen.