Lizarra-Garazi eta ETAren su-etena, bi errail itxaropenerako
Egoera bereziki tentsionatu batean, irudi argitaragabea eskaini zuten hogei eragilek baino gehiagok 1998ko irailaren 12an, gatazka politikoari irtenbide politiko bat emateko eskatuz eta hitza eta erabakia euskal gizartearen eskuetan jarriz. Itxaropena zabaldu zuen itun horri erantzunez, su-etena iragarri zuen ETAk egun batzuk beranduago.
Hogei alderdi, sindikatu eta antolakundek baino gehiagok, haien artean EAJk eta HBk, irtenbide politiko negoziatua eskatzen duen itun historikoa sinatu zuten. Euskal Herriaren agertoki politikoa irauli zuen akordioa aurkeztu zuten. Lau egun beranduago su-etena iragarri zuen ETAk, itxaropenari bigarren errail bat zabalduz.
Sentsibilitate politiko ezberdinetako hainbat eragile ageri dira elkarrekin argazkian. Haien artean, euskal alderdi, sindikatu eta antolakunde nagusietako ordezkariak, Euskal Herriaren eta Estatu espainol eta frantsesaren arteko gatazkari irtenbide politiko negoziatua emateko eskatuz.
Euskal Herriak bizi zuen tentsio handiko egoera politiko batean, espektatiba berriak zabaldu zituen lehen irudi horrek euskal gizartean. Lizarra-Garaziko itun historikoaren lehen argazkia da. Gerora, 40 erakunderen babesa jasoko zuen Donibane Garazin.
Ordezkari politikoen urratsaren ondoan, ETAk mugarik gabeko su-etena iragarri zuen egun batzuk beranduago, gizartea buru zuen ekimen berriari bide emanez. Agertoki berri bat zabaltzera zihoan Euskal Herrian, eta harekin, politika arlotik harago zihoan egoera ezezagun bat.
Lizarrako Frai Diegoren Etxean sinatu zenak Euskal Herrian prozesu demokratiko bat garatzeko oinarriak jartzen zituen. Irlandako Foroaren hirugarren batzarraren emaitza izan zen, Ostiral Santuko Akordioan inspiratua. Izan ere, Irlandako Bake Akordioaren faktore eragileak jaso zituzten testuan, Euskal Herrian izan zitekeen balizko aplikazioa aztertzeari begira.
Ikuspegi eta familia politiko ezberdinak ordezkatzen zituzten eragile sinatzaileen artean, EAJ eta Herri Batasuna (HB) alderdiak zeuden. Ordura arte ikusi ez zen itun zabala posible egin zuten elkarrizketa haietan, jeltzaleen aldetik Joseba Egibar, Juan Maria Ollora eta Gorka Agirrek parte hartu zuten. Urte hasieratik elkarrekin biltzen aritu ziren. HBren aldetik, Mahai Nazionalaren espetxeratzearen ondorioz, lehen lerrora heldu berriak ziren Arnaldo Otegi eta Joseba Permach ziren interlokutoreak, Iñigo Iruin abokatuarekin batera.
Bi euskal alderdi nagusien ondoan, EA, IU, Batzarre eta Zutik zeuden sinatzaileen artean. Sindikatuen aldetik, oso ordezkaritza zabala zegoen: ELA, LAB, EHNE, ESK-CUIS, STEE-EILAS, Ezker Sindikala eta Hiru. Gogoa, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Senideak, Bakea Orain, Elkarri, Egizan, Herria 2000 Eliza, Gernika Batzordea eta Autodeterminazioaren Biltzarrak ziren sinatu zuten herri mugimenduko erakundeak.
POLITIKATIK HARAGOKO PROIEKZIOA
Akordioaren irismena ulertzeko, garaian bizi zen une politikora itzuli behar da. Urtebete lehenago Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren bahiketa eta heriotza baliatuz Jose Maria Aznarrek eta Mayor Orejak eraikitako estrategia laburbiltzen zuen «A por ellos» lemapean altxatutako olatuaren erdian, akordioa sinatu baino soilik bi hilabete lehenago “Egin” egunkaria itxi zuen Polizia espainolak, Baltasar Garzon epailearen aginduz.
Gainera, Alternatiba Demokratikoa azaltzen zuen bideoaren zabalpenagatik, kartzelatua izango zen HBko zuzendaritza, eta oraindik indarrean zegoen Ajuria Enearen Itunak bere egina zuen biolentoen eta demokraten arteko bereizketak bere horretan jarraitzen zuen. Hitza eta erabakia Euskal Herriaren eskuetan jartzen zuen akordio zabalak euskal gizartean altxatutako harresi ugari botako zituen.
Itunaren lehen formulazio publikoak, irudiak berak, goitik behera aldatu zuen garaiko eszena politikoa, gatazkaren jatorriaren formulaziotik hasita; «Jatorri eta izaera politikoko gatazka historiko» gisa deskribatuz eta soluziobide politiko bat aldarrikatuz.
“Euskadi Informacion”-en azalean, Belfasten jada Britaniar Armadako soldadurik ez zegoela zioen informazio txiki batek. Haren gainean, bost zutabetara: «Euskal Herriak hitza eta erabakia eskatzen du» zioen lerroburu nagusiak, bakearen bidea marrazten zuen akordioak zuen izaera historikoa nabarmenduz.
Era berean, negoziazioak bete behar zituen zenbait baldintza zehazten zituen. Hasteko, inplikatutako eragileekiko bazterketarik gabeko negoziazioa aldarrikatzen zuen, euskal gizartearen esku hartzea izan behar zuena eta aniztasun politikoa errespetatu behar zuena; proiektu guztiak lortzeko baldintza berdinetan garatu behar zen elkarrizketa.
Lehen adierazpenetan, itunak irekitzen zituen «aukera berriak eta itxaropen handiak» azpimarratu zituen Jose Elorrieta ELA sindikatuko idazkari nagusiak, zehaztuz prozesuak inongo betorik ez zuela jartzen. Rafael Larreina EAko idazkari nagusiak testuari babesik eskaini ez ziotenetan jarri zuen fokua, erantzukizunez jokatzeko eskatzeko. Ildo beretik, Antton Karrera IUko ordezkariak PP eta PSOEren teilatuan jarri zuen pilota, prozesuak aurrera egin aldera.
Beste eragile batzuek, Pernando Barrena Mahai Nazionaleko ordezkariak kasu, sinatzaileen ordezkaritza zabala nabarmendu zuten eta gero eta isolatuago agertzen zen irtenbide poliziala aipatu zuten. Unionismoa zen ateak zabalik zituen akordiotik kanpo kokatu zen ardatz politiko bakarra.
Julen Zelarain Amnistiaren aldeko Batzordeetako koordinatzaileak akordioak errepresaliatuentzat suposatzen zuen itxaropenean jarri zuen begirada. «Gainera, indarkeria ETArekin lotzeko ohitura horretatik aldentzen da, orain indarkeria mota guztiez hitz egiten da», erantsi zuen.
Akordioak zabaldutako itxaropenak erakunde sinatzaile nagusietako ordezkarien adierazpenetan izan zuen isla. LABeko idazkari nagusia zen Rafa Diez Usabiagaren esanetan, «oso egun inportantea da euskal herritar guztientzat». Gero erantsi zuenez, «hemendik atera den deklarazioak tren berri bat» jarri zuen martxan, «eszenatoki berrira joateko trena, hain zuzen ere. Gatazka honi irtenbide bat ematen saiatu behar gara, eta hori ari gara egiten akordio honen bidez».
Itunaren testu osoa argitaratu zuen “Euskadi Informacion”-ek, baita sinatzaileen zerrenda jaso ere. Era berean, alderdi unionistek izan zuten erreakzio zitala jaso zuen kronikak. EAJk hartutako bide berriak hautsak harrotu zituen PPn, haien esanetan bake proposamenez hitz egiten zuten bitartean ETA bere komandoak berrantolatzen ari baitzen, hiltzen jarraitzeko.
Akordioa aurkeztu eta lau egun beranduago, komunikatu zabal batean, bide berriari ongi etorria eman eta erabateko eta mugarik gabeko su-etena iragarri zuen ETAk, independentziaren bidean urrats berriak egiteko «aukera paregabea» zela nabarmenduz. Itunak euskal politikagintzan eragin zuen aldi ilusionagarria EAJko EBBko presiden- tea zen Xabier Arzalluzek deskribatu zuen 7Kri emandako elkarrizketa batean, une politiko hura bere «bizitzako unerik ederrena» bailitzan deskribatuz.