SEP. 13 2024 CÓMO CAZAR A UN MONSTRUO Haize freskoa «true crime»-aren leihotik Gaizka IZAGIRRE HERNANI Proposamen interesgarri, berritzaile eta zirraragarria. Sortzailea Carles Tamayo youtuberra da eta kazetaritza eta ikerketa lan zorrotzak ditu oinarri. Premisa, honakoa: Lluis Grosek 23 urteko kartzela-zigorra jaso zuen hainbat adingaberi egindako sexu-abusuengatik, baina ez du sekula espetxea zapaldu. Txikitatik ezagutzen duen Tamayori bere bizitzari buruzko dokumental bat egiteko eskatuko dio. Biktimei barkamena eskatzeko helburuz egindako eskaera zelakoan, sortzaileak onartu egiten du, baina Grosen helburua justu kontrakoa dela ohartuko da: ikus-entzunezko honen bidez bere irudia garbitu nahi du. Une horretatik aurrera, Gros kartzelan sartzea helburu, Tamayoren eginbidea frogak eta irudiak biltzea izango da. Berritzailea dela aipatu dut, lana filmatzen hasi zenean sortzaileak espero ez zuen zerbait lortu duelako: true crime generoaren arauak eraldatu eta narratiba propioa sortu du. Normalean, benetako krimenetan oinarritzen diren lanak kasuak amaitutzat ematen direnean ekoizten dira; narratzailea orojakilea izaten da eta berak nahi duen bidetik eramaten gaitu, amaiera ezagutzen duelako. Hemen ez; dokumentala denbora errealean garatzen eta gertatzen da eta Tamayok deskubritzen duen guztia une berean biziko dugu geuk ere. Alde horretatik, ikuslearen pasibotasunari aurre egiten dion obra da eta, gainera, ez du soilik entretenimendua eskaintzen, hausnarketa sakonak pizten ditu. Lana ez da guztiz biribila, narratiboki zalantzagarriak diren hainbat erabaki dituelako eta une batzuetan Tamayok protagonismo handiegia duela iruditu zaidalako, baina sekulako ezustekoa iruditu zait. Krimenen generoa gustuko izan ala ez, biziki gomendatzen dudan proposamena da. Bazen garaia true crimearen leihotik haize fresko apur bat sartzeko.