GARA
IRUÑEA

Ernai, faxismoak lekurik ez duela esateko, Tafallan mobilizatuko da urriaren 12an

Tafallan mobilizatuko da datorren urriaren 12an Ernai. «Espainolismoaren eta faxismoaren normalizazioan, hispanitatearen egunak jokatzen duen papera ukaezina dela ongi dakigu», azpimarratu zuen. Hori dela eta, Nafarroara eramango dute aldarrikapena: «Gu Nafarroako etorkizuna gara; haiek, aldiz, iragana».

Hitzordu honekin argi utzi nahi du «faxismoak herri honetan lekurik ez duela. Euskal Herrian eta Nafarroan handiak dira gauzatzen ari garen aldaketak, eta horien aurreko erreakzioa da eskuinak hartutako jarrera bortitza».

Era berean, «78ko erregimenak bere horretan mantentzeko ahaleginak» ere mahai gainean jarri zituzten. Egoera hau nazioarteko testuinguru batean kokatzen du Ernaik, non eskuin muturraren gorakada nabarmena da: «Horren ondorio batzuk bizitzen ari gara: ‘Cara al sol’ abesten Tuteran, gure ikurren debekua Atarrabian, jai herrikoi eta euskaldunak debekatzen Lizarran... eta abar luze bat».

Horregatik, Ernaik «herri honen eraikuntza hamaika ertz desberdinetatik bultzatzea» eskatzen du. «Nafarroan, urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko, irabazteko baizik», esan zuen.