«Lan saioak oso onak izaten ari dira; ez dakit nahikoa izango den»
Asteburu honetan jokatuko ditu San Pedrok Eusko Label ligari eusteko kanporaketak, Ares, San Juan, Txapela eta Santurtzi taldeekin batera. Iñigo Arraras (Pasai Donibane, 1983) San Pedroko arraunlariak nabarmendu du «Libia» ontziari irabazteko gainerakoek «asko egin beharko dutela arraun». San Juan eta Ares traineruak jotzen ditu faboritotzat.
Azken asteak gorabeheratsuak izan dira San Pedrorentzat, kirolaz haragoko kontuengatik. Cristian Garma patroia fitxatu zuten kanporaketetarako, eta orain, Castro Urdialesko lemazainak dopin kontrolean positibo eman, eta asteburu honetan ez da lehian arituko. «Ez diogu kasu askorik egin», esan du horren inguruan Arraras San Pedroko arraunlariak.
Traineru morean egiten duzu arraun, arrosa kolorea barrutik daraman herrian.
Hasieran, egia da, sanjuandar bat San Pedron ibiltzea arraroa egiten zen, baina denborarekin, eta gaur egun arrauna dagoen bezala, edonor edozein tokitara joaten dela... normaltasunez daramat.
Bai San Juan, bai San Pedro kanporaketetan arituko zarete. Zer giro dago Pasaian?
Tentsio handiko egunak izaten ari dira. Egia esan, ez da lehen bezala; uste dut lehen arrauna gehiago bizitzen zela bai hemen, bai San Pedron. San Juanen eta San Pedroren urte onak alde batera geratu dira, eta orain beste modu batera bizitzen da arrauna.
Iaz San Pedrora joan zinen, aurretik bizitza osoan San Juanen egon ostean. Jada zure belaunaldikoak joan dira?
Baten bat geratzen da. Joseba [Fernandez] entrenatzailearekin urte batzuk egin nituen, eta badaude beste bi ere, beraiekin arraun egin dudana.
Nola bizi izan duzue Garma patroiarekin gertatu dena?
Egia esan, ez diogu kasu askorik egin. Horretan denbora galtzen baldin bagenuen, gurean ez genuen behar bezala lan egingo. Ez dugu denbora galduko gauza horietan.
Horrek eragina du taldean?
Ez, ez dut uste. Nahiko ondo gaude; bi aste on egin ditugu. Badakigu gure bidea zein den, eta horretan jarraitu behar dugu, larunbatean eta igandean.
Azken-aurreko postuan amaitu duzue sasoia. Gogorra da?
Gogorra? Nahiz eta jakin azken postu horietan ibiliko ginela, zaila da aste bukaera guztietan azken bi postu horietan ez geratzea. Bai, zaila egiten da. Bagenekien non ibiliko ginen, eta alde horretatik, egia esan, taldea ondo aritu da, eta elkarrekin ondo egon gara.
Uztailean borrokan ari zineten azken-aurreko postua saihesteko, baina abuztutik aurrera azken bi postuak oso finkatuta zeuden.
Zaila da. Uztailean ibili ginen Kaikurekin nahiko gertu, baina egia da abuztuan ez genuela asmatu. Ez genuen zorte askorik izan ere kaleetan. Agian aitzakia ere bada, baina egia da ez genuela zorte handirik izan. Agian guk ere ez genuen gure onena eman.
Hala ere, orain, amaiera aldean, berriro taldea berpiztu da, ezta? Getariako estropadan txanda irabazi zenuten.
Begira, Getariako estropada baino lehenago, niretzat Zarauzko estropadetan zorte txarra izan genuen kaleetan, eta agian gero ere bai; hasieratik atzean ikustean ez genuen gure bertsiorik onena eman, baina aste horiek entrenatzen oso-oso onak izan ziren. Abuztua iritsi arte agian ez ginen hain ondo ibili, baina izan ziren aste onak, eta hortik aurrera, azken aste hauetan, uste dut goraka egin dugula.
Kontxako sailkapen estropadan, Aresek eta San Juanek zuen aurretik egin zuten.
Ez genuen oso ondo prestatu, entrenamendu on bat egitera joan ginen. Ez dizut esango ez ginela sartzera joan, gezurretan ariko nintzatekeelako, baina ez genuen prestatu. Xedea kanporaketetako bi egunak dira, eta horretan jardun gara.
Kontxako bi aste hauek balio izan dizuete indarberritzeko?
Bai eta, gainera, bi aste oso onak egin ditugu entrenatzen. Gure entrenamenduak oso onak dira, eta animoz oso ondo dago taldea. Ez dakit emango digun datorren urtean Eusko Label ligan jarraitzeko, baina irabazteko asko arraun egin beharko dute.
Zuretzat amaierarik politena litzakete bai San Pedro, bai San Juan datorren urtean gorengo mailan egotea, ezta?
Oraintxe sinatuko nuke bi pasaitarrak gorengo mailan egotea. Guk presiorik ez dugu, nahiz eta lehen mailako taldea izan. Beste bi taldeak, bai San Juan, baita Ares ere, gainerakoak alde batera utzi gabe, ematen du faboritoak beraiek direla. Erraz irabazi dute beraien liga, eta orduan, uste dut alde horretatik presioa beraiena izan beharko dela, eta guk gure lana eginda ea ematen digun datorren urtean goian geratzeko.