Iraitz MATEO GOGORZA
«MIGRAZIOAREN ERREALITATEA EUSKADIN: TOKIKO IKUSPEGIA» HITZALDIA UDAKO IKASTAROAN

NOLAKO ESKAERA, HALAKO IMMIGRAZIOA

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostiako Udalak antolatutako ikastaroan, Xabier Aierdi soziologoak «Migrazioaren errealitatea Euskadin: tokiko ikuspegia» hitzaldia eman zuen atzo Miramar jauregian. Euskal Herrira etorritako migratzaileen profila izan zuen hizpide, eta, besteak beste, arreta lan egituretan jartzeko deia egin zuen.

Xabier Aierdi soziologoa, atzoko hitzaldian, Udako ikastaroetan.
Xabier Aierdi soziologoa, atzoko hitzaldian, Udako ikastaroetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arazo globalei tokiko ikuspegitik begiratu zalea da Xabier Aierdi soziologoa eta atzoko saioan Euskal Herria bizitokitzat duten migratzaileen egoeraz mintzatu zen, baita euskal herritarron begiradaz ere. Datuetatik abiatutako joerak azaldu zituen; «eszenatoki zailenean jarri behar gara, irtenbide onenak pentsatzeko»; horra bere lema.

«Eskatzen duzun immigrazioa da heltzen zaizuna; erabaki indibidualak metatzen direnean ikusten da fenomenoa» esanez laburtu zuen Aierdik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako immigrazio eredua. Hitz gutxitan, feminizatua da, 20-40 urte bitartean etorria eta egun zaintza-lanak betetzen dituena. Euskal jendartean, aldiz, tolerantziak behera egin du, eta proposamen politikoek «estrategia sendo bat» falta dute, bere ustez.

«Guztiak gaude adi zer gertatzen den Mediterraneoan edo Melillan, baina oso gutxi hitz egiten da bizitokitzat Euskal Herria hartzen duten immigrazioen inguruan, eta immigrazioaren %98a da», ohartarazi zuen Aierdik. Egungo datu eta joerei erreparatuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako argazkia zein den azaldu zuen soziologoak: 2022an 19.000 pertsona berri iritsi ziren; 2023an, 20.000; pandemia aurreko zifrak ere antzekoak dira. Kalkulu bat plazaratu zuen Aierdik: hurrengo urteetan, urtero 25.000 pertsona berrik hartzen badute Euskal Herria bizitokitzat, 2050ean 500.000 gehiago izango dira. Eta, beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria osoaren %40.

Egun Bilbon bizi dira migratzaileen %19; Gasteizen, %15; eta Donostialdean, %9. Oro har, bertako biztanleriaren eta kanpokoaren artean oreka dago herri guztietan, Bilbon eta Gasteizen izan ezik; hauetan migrazioaren portzentajea altuagoa da bertakoa baino.

%30 DA TOLERANTEA

«Herrialde batek immigrazio eredu bat hasten duenean, eredu hori mantendu egiten da. Horregatik, azpijoerak aztertu eta horien araberako politikak egin behar dira», ohartarazi zuen Aierdik. Eta Euskal Herriko immigrazio eredua «oso feminizatua» dela esan zuen; batez ere, Nikaraguako eta Honduraseko emakumeak Euskal Herriratzen dira.

Zenbakietatik harago, bestelako zenbait datuk ere laguntzen dute egoera ulertzen. Aierdik Begirunek egindako inkesta baten ondorioak aurkeztu zituen. Integrazioan gehien enpleguak laguntzen diela erantzun zuten Euskal Herrira etorri berriek. Bestetik, argentinarrak, txiletarrak, paraguaitarrak edota Europatik iritsitakoak dira euskal jendartean integratuen sentitzen direnak, inkesta horren arabera, eta gutxien, magrebtarrak. Emakume eta gizonen artean ere bada aldea; «gizonen integrazioa sendoagoa da», esan zuen soziologoak.

«Gure gizarteak nola eutsiko dio honi? Elkartasunaren neke bat dago?», galdegin zion entzuleari Aierdik, eta jarraian tolerantziaren indizearen datuak aurkeztu zituen. 2024ko datuek diote biztanleriaren tolerantzia maila 6,3koa dela eta azken urteetan behera egin duela. Datuak argiak dira: biztanleriaren %35 da tolerantea; %40, anbibalentea; eta %25, aurka dago.

Mahai gainean dagoen beste eztabaida bat ere aipatu zuen, lan industrialaren ordezkatze prozesuaren ingurukoa: «Orain arte etorri izan den migrazioa zaintzaren arlo globalarekin lotuta egon da; egun jubilazio masiboa dugu, biztanleriaren zati bat lan industrialeko eremuetatik aterako da, eta plan bat pentsatu behar da zulo hori tapatzeko». Sarritan arreta hezkuntza eremuan jartzen den arren, lan egituretan jartzea proposatu zuen; izan ere, Euskal Herrira immigratzen duen gehiengoa 20-40 urte bitartean dituenean iristen da.

«Ez dago erronka demografikorik. Immigrazio fluxuak kudeatzea da dagoen erronka; horretan politika instituzional material egokiak ezartzea da gakoa, integrazio bidea bermatua izan dadin. Eta integrazio bidea bi elementutan oinarritzen da: eskolan eta enpleguan», ohartarazi zuen.

Ondorio gisa, esaldi borobil bat bota zuen: «Immigrazioa behar dugu, baina ez dugu nahi». Bide eman dezakeen aldarri batek jarraitu zion: «Premia termino estrukturaletan dugu, eta mehatxua termino sozialetan». Horregatik, beharrezko jotzen ditu politika publikoak, baina baita gizartean egin beharreko lana ere. Beste alde batera ez begiratzera deitu zuen, eta egoera kudeatzeko estrategia baten beharra azpimarratuz amaitu zuen: «Immigrazioa hemen dago, azter dezagun. Begiratu behar da Kanarietara eta Melillara, baina begiratu behar da gure auzoetara, eta neurriak hartu behar dira».