GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Euskadi eta Orbearen arteko etenak kezka sortu du Fundazioaren inguruan

Euskadi Fundazioa eta Orbea enpresa elkarrekin ibili dira 1993. urtetik, baina bide horrek amaiera izango du aurten, Orbeak ezagutarazi duenez.

2003ko Itzulian parte hartu zuen taldearen aurkezpena, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Albistea ustekabean heldu da ostegun honetan, eta zeresan ugari ematen ari da txirrindularitza munduan, bai arlo profesionalean bai eta harrobi mailan ere. Bidea elkarrekin 31 urtez egin ostean, «Orbeak eta Euskadi Fundazioak elkarlana bukatutzat emango dute», enpresak ohar batean aditzera eman duenez.

Fundazioaren hasiera-hasieratik Orbea babesle eta hornitzaile teknikoa izan du, 1993. urtetik hain zuzen ere, orain arte eta etenik gabe.

Orbeak onartu duenez, «ez da erabaki erraza izan». Aldi berean erantsi du, ordea, aski pentsatua izan dela, eta erabakia «guztientzat onena» izango delakoan dago Eibarren sortutako enpresa.

Une goxoak gogora ekarri nahi izan ditu agur esateko tenorean. Hiru hamarkada hauek «ilusioz» beterikoak izan direla eta «momentu ahaztezinak» ekarri dituela esan du. Nazioarteko tropelean garaipen handiak lortu dituzten zenbait txirrindulari «Orbea bizikleta baten gainean» trebatu direla nabarmendu du gaur egun egoitza nagusia Mallabian duen enpresak.

OINARRIAN ERAGIN

Etorkizunean ere txirrindularitza bultzatzen segituko duela aipatu du, baina «oinarrian eragiteko lehentasuna» azpimarratu du.

Hurrengo urtean bertan «diziplina ezberdinetan» aritzeko «formulak» aurkeztuko dituela adierazi du, «txirrindularitzaren kultura» sustatze aldera.

Euskadi Fundazioak baloraziorik egin ez duen arren, erabakia kolpe gogorra izan daitekeela antzematen da. Are gehiago, aurtengo urtean, gizonezkoen lehen taldean bederen, kirol emaitzak nahiko kaxkarrak izan direnean.

Enpresa mailan jatorriz izaera publikoa zuen Euskaltelek daukan garrantzia ere nabarmen jaisten ari da azken urteotan, MasMovilek 2021. urtean xurgatu ondoren.