GARA
GASTEIZ

Kooperatibek lortu dute Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartzea

EAEko Kooperatiben Konfederazioa (Konfekoop) Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartu da, Confebaskekin lortutako &esc;«akordio historikoa» medio. Kooperatiben mugimenduaren aspaldiko eskakizuna zen. Enpleguaren Legearen garrantzia nabarmendu zuen Lakuak.

Rosa Maria Lavin (Konfekoop), Mikel Torres lehendakariordea eta Tamara Yague (Confebask).
Rosa Maria Lavin (Konfekoop), Mikel Torres lehendakariordea eta Tamara Yague (Confebask). (IREKIA)

Kooperatiben mugimenduaren hamarkadetako eskakizuna bete da azkenean: Lanbideko Administrazio Kontseiluan sartu da Konfekoop (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa). Confebask patronalarekin sinatutako akordioaren bidez izan da, Lakuako Gobernuak eta kooperatiben erakundeak atzo esan zutenez.

Konfekoopek azaldu zuen akordioak honako konpromisoa jasotzen duela: enpresa ordezkaritzak bat eginda jardutea. Izan ere, haren arabera, Konfekoopentzat izango da Confebaskek Lanbideren Administrazio Kontseiluan dituen bost ordezkarietako bat.

Lakuak nahiz kooperatiben organoak «historikotzat» jo zuten ituna, horren bidez Konfekoopek EAEko enplegu politikak kudeatzen dituen erakundean parte hartu ahal izango baitu «azkenean».

«HERRI AKORDIO BAT»

Konfekoopen ustez, «herri akordio bat» da hau, «enplegu politika aktiboak eta enpresa guztien lehiakortasuna, kooperatibena ere bai, hobetzen lagunduko duena». Gainera, nabarmendu zuen «iraunkorra izateko asmoa duen akordio bat» dela, «bi erakunde sinatzaileen esperientzia, ezagutza eta ibilbidea bateratzeko aukera emango duena, Euskadi lurralde erakargarriagoa, oparoagoa, lehiakorragoa eta kohesionatuagoa izan dadin».

Lakuako Ekonomia, Lana eta Enplegua Sailak, bere aldetik, Confebaskek Lanbideko Administrazio Kontseiluan duen ordezkaritzan Konfekoop sartzea «garrantzi handiko erabakia» dela nabarmendu zuen, «enpresa mota desberdinak integratzeak zabaldu eta dibertsifikatu egiten baititu ikuspuntuak». Gaineratu zuen «aurrerapauso honek aitortu» egiten duela «ekonomia sozialaren garrantzia Euskadin (BPGren %10 sortzen du) eta, era berean, adierazi zuen «kooperatiba mugimenduaren zeregina giltzarria» dela «erkidegoan kalitatezko enplegua sortzeko».

Akordioa egungo Enpleguaren Euskal Legea onartu ondoren lortu dela esan zuen, baita ere, Mikel Torresek zuzentzen duen Sailak. Legearen 94. artikuluak dio Lanbideko Administrazio Kontseiluak «Euskadiko sektore arteko erakunde sindikalen eta enpresarialen hiruko parte hartze paritarioa» bermatuko duela.

Halaber, Legearen arabera, «erakunde sindikalen, Euskadin ordezkaritza handiena duten sektore arteko enpresa erakundeen eta euskal kooperatibismo osoaren ordezkaritza bere gain hartzen duen erakundearen artean lankidetza akordioak egitea sustatuko da, administrazio kontseiluan parte har dezaten».