«National Geographic» aldizkariaren sarietan hautagaia da Pasaiako Albaola
«Museo herrikoi hoberena» izendatzeko lehiaketan Pasaian kokatutako Albaola Itsas Kultur Faktoria hautatu du “National Geographic” aldizkari ospetsuak.
“National Geographic” aldizkariak Albaola Itsas Kultur Faktoria hautagai moduan izendatu du “Historia” sarietan. Sari honek kultura eta ondarea sustatzeko eta zabaltzeko egiten duen lana saritzen du. Pasaiako Albaola izendatu dute, «zorroztasun zientifikoa, benetakotasuna eta kalitatea oinarri dituen kontakizun historikoa» eskaintzen duelako, «bisitarien aurrean ondare balioa duten zurezko ontziak eraikiz eta zaharberrituz».
Sariak dituen sei kategorien artean, «museo herrikoi hoberena» izateko hautagaia da Albaola. Proposamenaren originaltasuna eta ohiz kanpoko ekimen bat bideratzeko prozesua baloratzen ditu sariak. San Juan baleontziaren eraikuntza goraipatzeaz gain, aldizkariaren arduradunek Faktoriaren eredu berritzailea nabarmendu dute: «Sortu zenetik, toki hau itsas ondarearen erreferentzia bihurtu da nazioarteko panoraman, eta haren lan ereduak itsas ondarearen kudeaketa eta sozializazioa erabat irauli ditu».
“National Geographic” nazioartean ospe handia duen hedabidearena izateaz gain, Albaolaren historian erakunde garrantzitsua da aldizkari hori. San Juan baleontziaren historia munduari 1985ean ezagutarazi zion aldizkaria da. “16th Century Basque Whaling in America”, zioen azalak, irudi batez lagunduta. Bertan, Parks Kanadako urpeko arkeologia taldeko kide batek 1565ean Red Bay-n hondoratutako San Juan ontziaren barenga bati eusten zion.
Xabier Agotek itsasontziaz lehenengo aldiz entzun zuenean, berehala ohartu zen aparteko historia baten aurrean zegoela. «Hariari tiraka jarraitu behar zen, euskal baleazaleen eta gizateriaren historia eraikitzen jarraitzeko», kontatu du. Ondoren, aldizkarian Albaola bera protagonista bihurtu da 2018an eta 2020an, esate baterako.