GARA Euskal Herriko egunkaria

Kultura aniztasuna


Hurrengo urtean lehen mailako CT txapelketak non eta noiz egingo diren oraindik ez dago guztiz finkatuta, baina WSL erakundeko lehendakari berri Ryan Crosby enpresariak baieztatu zuenez, CT zirkuituko txapelketetako bat igerileku batean egingo da. Duela urtebete zaleen kritikengatik bertan behera utzi zuten Kelly Slaterren igerilekuan egiten zen txapelketa, baina berriz itzuliko da. Hala ere, 2025ean lehen mailako surflariak ez dira Kaliforniako desertuan bilduko, Arabiar Emirerri Batuetan eraiki duten igerilekuan baizik.

Urrian irekiko ditu ateak Kelly Slater Wave Company eta Modon Holding enpresek elkarlanean eraiki duten igerilekuak. Persiar golkoaren hego-ekialdean dagoen T formako uhartean aurkitzen da Abu Dhabi hiriburua. Orain arte igerilekuaren oso irudi gutxi argitaratu dira. Argazkietan Slater agertzen da, taularekin igerilekuko olatuei begira, eta urrunean Abu Dhabiko etxe orratzak ikus daitezke. Beste argazki batzuetan bainujantzian agertzen da, tunika zuriak eta turbanteak dituzten arabiarrekin. Ez dira argazki inozoak; kulturen arteko errespetu faltsua erakutsi nahi dute; izan ere, egiaz, batzuek zein besteek errespetatzen duten kultura bakarra kultura kapitalista da. Arabiarrei bost axola zaie Slater ia larrugorrian egotea, eta Slaterri bost axola zaio parean dituenak nola janzten diren, negozioak batzen baititu.

Kultura aniztasunaren diskurtsoa oso ohikoa da surf munduan. Surflariek mundu osoan zehar bidaiatzen dutenez herrialde desberdinetako kulturak maite eta errespetatzen dituztela esan ohi dute, baita estatubatuarrek ere, eta Slater ez da salbuespena. Diskurtso bera erabiltzen zuen Israelera joaten zenean (neska-laguna hangoa baitzuen) edo Arabiar Emirerri Batuetan denean.

Errusiako gobernua gaitzetsi eta surflari errusiarrak baztertu zituen WSL erakundeak Ukrainako gerra hasi zenean. Gazako genozidioa gertatzen ari den bitartean Israelen egin ohi diren QS txapelketak egiten jarraitzeko ahaleginak egin ditu, eta, noski, ez ditu baztertu surflari israeldarrak. Eta orain erregimen politiko autoritario batekin negozioak egiten dabiltza, lehen mailako surflariek beren burbuilatik atera gabe surf egiten jarrai dezaten.

Urrun geratu dira Martin Poter eta Tom Carroll bezalako surflari handiek apartheid sistema salatzeko Hegoafrikan lehiatzeari uko egiten zioten garaiak. Uste duzue gaur antzeko zerbait ikustea posible dela? Ziur aski, lehen mailako surflariek ez dute eragozpenik izango Arabiar Emirerri Batuetan lehiatzeko. Eta QSko lehiakideek? Datorren urtean Europako txapelketa Israelera itzultzen bada, zer egingo dute surflari euskaldunek? Ziur aski, orain artean egin dutena. Deus ez. «Ez baita politika eta kirola nahasi behar». Finean, gehien hiltzeko gaitasuna duenari erakusten baitzaio errespetua.

Zer egingo lukete gaur Tom Carroll eta Martin Poter bezalako surflariek? Sarritan esatari lanetan aritzen dira WSLko txapelketetan. Ez nintzateke harrituko Abu Dhabiko txapelketan edonor ikusteaz, ezta Espainiako errege zena ere, han bizi baita «erbesteratua».