SEP. 19 2024 Chill Mafiak, musika eszena irauli duen kolektibo nafarrak, agur erranen du Atzoko ezusteko albistea izan zen: Sara Goxua eta Flakofonki taldekideek jakinarazi zuten Chill Mafia desegin eginen dela, Gazteako “Dida!” saioan zuzenean. Mixtape bat eta azken bira bat eskainiko dute «armak entregatu» aitzinetik. “MusikHaria” saioan, iragarpena egitea «liberazioa» izan dela aitortu zigun Kiliki Frexkok. Nafar kolektiboa, promozioko irudi batean. (OSO POLITA) MUSIKHARIA Chill Mafiak batera plazaratu ditu “Agur eta ohore X Allá Va La Despedida” izeneko bederatzi kantuko mixtapea eta oholtzak uzteko erabakia. Azken bira batean erranen diete zaleei “beti arte”. Gasteiz, Logroño, Errenteria, Iruñea, Bilbo, Bartzelona eta Madril sartu dituzte “Agur eta ohore” deitu duten biran. Kiliki Frexko (Beñat Rodrigo) NAIZ Irratiko “MusikHaria” saioan izan zen atzo agurrari buruz hainbat kontu esaten. «Guretzat askapena izan da -aitortu zuen musikariak-. Argi zegoen utziko genuela, eta albistea iragartzea liberazioa izan da». Bartzelonan bukatuko da agur bira hau; zer dela eta? «Horrela suertatu delako. Guk bukatu nahi dugu ongi, bira hau presiorik gabe egin, disfrutatzeko», erran zuen. Azken diskoa, aitortu duenez, bilduma bat da, aurretik argitaratzeke zituzten kantak grabatu ahal izateko pentsatuta. Bilduma osatzen duten bederatzi abestien artean daude “Merezi ote”, Gontzal Mendibilen kantuaren bertsioa; “Ídolo caído”, Brigada Criminalen abestiaren bertsioa; Nerve Agent taldearen kolaborazioa eta lehenago kaleratutako “Puta Ripagaña” eta “Mus Corrido’ singleak. Azala Mikel Jarak diseinatu du; hau ere Chill Mafiako kidea. Jara ezaguna da bere estilo bakanarekin proiektuen esentzia islatzeko duen trebetasunagatik, eta ezin hobeto biltzen ditu obra oroigarriak. DATAK Agur biraren honako leku eta datak iragarri dituzte oraingoz: Gasteiz (Jimmy Jazz, urriak 31), Logroño (La Fundicion, azaroak 1), Errenteria (Lekuona aretoa, azaroak 11), Iruñea (Zentral, abenduak 25), Bilbo (Kafe Antzokia, urtarrilak 3), Madril (La Riviera, otsailak 26) eta Bartzelona (data eta tokia zehaztu gabe). Gasteiz eta Logroñoko kontzertuak hiriko egungo beste talde ospetsuenetako batekin emango dituzte; Nerve Agent-ekin. Sarrerak gaurko 10.00etatik aurrera egongo dira salgai. Hiru urtean erabat astindu du Euskal Herriko musika eszena. Xabier Leteren “Gazte arruntaren koplak”-en bertsio iraultzailearekin egin ziren ezagun, eta ibilbide labur baina oparoa egin dute. Nabarmentzekoa da Chill Mafiaren etapa, kolektibo gisa, amaierara iritsi bada ere, kideek beren ibilbide oparoak bakarka garatzen jarraituko dutela. Taldeko aurpegi ezagunenetako batzuk, Ben Yart edo Kiliki bera, lanean ari dira dagoeneko beren proiektuetan. Eta bidea zabalik geratzen da musika-proposamen berriak sortzen ikus ditzagun, beste kide batzuek kultur panorama aberasten jarrai dezaten proposamen fresko eta bizigarriekin. «Chill Mafiak kapitulu garrantzitsu bat itxi eta euskal musikaren historian mugarri bat ezartzen du, non arrasto eta ondare handia utzi duten, belaunaldi berriak molde berriak apurtzera eta beren ahotsa aurkitzera bultzatzen jarraituko duena», adierazi du beren sustatzaile Oso Polita ekoiztetxeak. HASTAPENADuela hiru urte euskal eszena irauli zuten «Gazte arruntaren koplak» abestiarekin, Xabier Leteren klasikoaren bertsio berri eta apartarekin. Orain agur esango dute. AGURRABira urriaren 31n hasiko da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta Bartzelonan bukatuko da aurrerago iragarriko duten egun eta lekuan. Otsailaren 26an Madrilgo La Riviera areto enblematikoan izanen dira.