Ibai AZPARREN
DONOSTIA

Altxa Burua, mugikorra erabiltzeko adina atzeratzeko herri-ekimena

Altxa Burua 6.000 familia biltzen dituen ekimena da. 2019an hasi zuen ibilbidea Gipuzkoan, eta orain Bizkaia eta Arabarekin indarrak batu dituzte, haurrei Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratu, eskolak arnasgune bihurtu eta erabileran eredu izateko xedearekin.

EAEko Altxa Burua herri ekimena atzo aurkeztu zuten Zumaian.
EAEko Altxa Burua herri ekimena atzo aurkeztu zuten Zumaian. (Jon URBE | FOKU)

Altxa Burua taldea sortu dute Bizkaia, Gipuzkoa, Arabako familiek, «gure seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak ematea» atzeratzeko, «eskolak telefono mugikorrik gabeko arnasgune» bihurtzeko eta «helduak eta seme-alabak erabilera egokian» trebatzeko.

Zumaiako Alondegian eginiko prentsaurrekoan azaldu zuten mugimendu honek 2019an hasi zuela bere ibilbidea, «gure txikien artean telefono mugikor adimendunek eragiten zituzten kalteen kezkatik abiatuta».

Urteen poderioz eta «egoera larritzen» joan den heinean, kezka hori eta ekimen desberdinak zabaltzen joan ziren, eta horrela erabaki zuten Altxa Burua Gipuzkoa izenpean elkartzea. «Pandemiarekin geldiune bat egon zen eta 2021ean Gipuzkoan zegoen kezka guzti hori zabaldu zen, eta bi topaketa egin genituen Tolosan. Bigarrenean sortu zen Altxa Burua», azaldu zion GARAri taldeko bozeramaile eta sare sozialetan eta pantailetan aditu Telmo Lazkanok.

Antzeko prozesua gertatu da Bizkaian eta Araban -eta Nafarroan ere Altxa Burua pixkanaka pizten ari da-. Gauzak horrela, irailaren 10ean EAEko Altxa Buruko hiru taldeek bat egin zuten eta 6.000 familia baino gehiagoren «ahotsa, nahia eta indarra batu» ziren, «amankomunean ditugun helburuak betetzeko».

Izan ere, prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, «azken hamarkadan burututako ikerketek argi erakusten dute nerabezaroan mugikor adimendunen erabilerak ondorio lazgarriak ekarri dituela oro har belaunaldi berrien garapenean, adimenean, ongizatean eta osasunean; batez ere, beraien buru osasunean».

INIZIATIBAK

Lazkanok zehaztu zuenez, aipatutako helburuak lortzeko, hainbat ekimen jarri dituzte martxan: «Eskoletan ‘Mugikorrik gabeko arnasgunea, eskerrik asko’ dioten kartelak zabaldu ditugu eta eskolei laguntza eskaini diegu».

Bestalde, Lakuari «inplikazioa» eskatu diote. Hala, Hezkuntza Sailera gutun bat bidali dute, eta bertan «marko juridiko bat sortzea eskatu dugu, gure eskolak mugikorrik gabeko arnasgune izendatzeko», azaldu zuen Lazkanok.

Beste eskutitza Osasun Sailera bidali dute, «haur gazte eta helduei zuzendutako kontzientziazio-kanpaina martxan jartzea eskatzeko». Aurreko bi kanpainek espero den efektua ez balute ere, sinadura bilketa jarri dute martxan, Lakua interpelatzeko.

Lazkanoren esanetan, «osasun publikoko arazo baten aurrean gaude». Kezka ez dator familietatik soilik, baita instituzio eta nazioartetik ere. Hala, Estatu espainoleko hainbat autonomia erkidegok debekatu dituzte pantailak klasean, eta euren helburua EAEn ere smartphoneen erabilera haur eta nerabeetan lege bidez erregulatua izatea da.

Gurasoen seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak emateko adina atzeratzea bada helburua, zein izango litzateke gailu hauek erabiltzen hasteko adin aproposa? Lazkanoren iritziz, «amankomunean dagoen irizpidea, instituzio ezberdinek helarazitakoa, 16 urteko adina da».