SEP. 21 2024 Interview urko olazabal “Soy Nevenka” filmeko protagonista «Pertsonaia urrun nuen, baina filmaketa oso ikututa bukatu dut» Ez zuen askorik pentsatuko filmak hainbeste eragingo zionik. Nevenka kasua ahaztua zuen. Ez zuen pertsonaiaren eta beraren arteko zubirik ikusten. Baina Urko Olazabali barrua irauli dio Ismael Alvarez Ponferradako alkate ohia gorpuzteak. Gaur ikusiko du argia Sail Ofizialean Iciar Bollainek zuzendutako filmak. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU - KOWALSKI FILMS - FEELGOOD MEDIA) Xole ARAMENDI DONOSTIA Ismael Alvarezen larruan sartu da Urko Olazabal. Nevenka Fernandez zinegotziari erasotzeagatik kondenatu zuten Ponferradako alkatea. 2000. urtea zen. Alvarezek dimisioa eman zuen bi urte geroago. Estreinako aldia izan zen eragin handiko politikari bat sexu-jazarpenagatik eta laneko jazarpenagatik epaitegietara eramatea lortu zena. Oihartzun handia izan zuen kasuak Estatuan eta bere nahiaren kontra ezagun egin zen Fernandez. Ez da esperientzia samurra izan Olazabalentzat Alvarez gorpuztea. Bidea malkartsua izan da. Eta oraindik ondorioak jasaten ari da. Elkarrizketa hasi eta berehala eman digu izan dituen zailtasunen berri. «Nevenka kasua ez nuen gogoan, egia esan. Horrelako pertsonaia bat egokitzen zaizunean ez daukazu bera eta zure arteko zubirik, berarengandik urrun zaudelako. Pentsatzen nuen ez ninduela ikutuko. Pertsonaia oso urrun nuen hasieran, baina filmaketa oso ikututa bukatu dut. Lehenengo aldia da hau gertatu zaidana. Era horretako portaerak zure burmuinean sartu eta zure neuronei esaten diezu ‘aizue, horrelakoa naiz’, nahiz eta benetan kontrakoa izan. Eta bi hilabeteren poderioz zeharo aldatuta zaude. Zure izaera aldatuz doa. Emazteak eta eskolako lankideek esan zidaten oso aldatuta nengoela, begirada eta guzti. Psikologoarenera joan behar izan dut eta horretan nabil oraindik. Gauzak ordenan jartzen ari naiz, Urko non dagoen eta Ismael Alvarez non utzi nuen jakiteko», aitortu dio aktoreak GARAri. Gaur estreinatuko da New Directors sailean. Lana irailaren 27an iritsiko da zinema aretoetara. ESKUZ ESKU Juan Jose Millasek idatzitako “Hay algo que no es como me dicen” liburua izan du inspirazio iturri Bollainek. Mireia Oriolek jokatu du Nevenka Fernandezen pertsonaia. Eskuz esku aritu dira hirurak. «Erosoak ez diren gauzak egin behar genituenez filmatzen hasi aurretik zuzendariari eskatu nion bera ezagutzea. Lagun egin ginen eta filmaketan txarto pasatzen nuen bera sufritzen ikustean. Eta eszena batzuk errepikatu behar nituenez, tortura psikologiko modukoa izan da, auto-tortura. Txantxetan esaten diot Mireiari bera ‘enpoderatu’ dela eta ni ‘enpeoratu’. Bera gogorragoa egin da, bizitzarako baliagarria izango zaio, baina nik aurkitu ditudan gauza... uf... beldurgarriak izan dira», kontatu du. ARKU INTERPRETATIBOA Bihurgune eta bidezidorrez betetako pertsonaiak nahi ditu aktoreak. Arku interpretatibo aberatsekoa. Emozioak lanabes izateak zaildu egiten du kontua. «Bai, horrela da. Gainera, Iciar Bollainek ez du haririk gabeko puntadarik ematen. Oso emakume argia da eta badaki matizak non eta nola sartu. Nik laguntza handia izan dut bere aldetik. Bere ikuspuntuaz edo emakume sentikortasunaz ari naiz. Horrelako erasotzaile batek ze eragin duen biktimarengan. Nik ikuspuntu bat daukat eta puntu bateraino irits naiteke. Berarena, aldiz, urrunago doa. Mireia ere oso argia da eta asko ikasi dut biekin». «Filmean lortzen du Alvarezek, astuna izanez, Nevenkari musu bat lapurtzea. Hori lortzean gidoiak zioen etxera joango zirela larrua jotzera. Iciarri, une batean, ez zitzaion sinesgarria egin. ‘Tipoa baztertu baino agian beste musu batekin erasotzen dugu, tuntunak gu’, bota zuen Mireiak. ‘Batzuetan autobortxatu egiten gara’, gaineratu zuen. Eta ahoa bete hortz geratu nintzen. Izan ere, nahiz bortxatzailea ez izan, gaztetan konturatu barik nik ere izan dut jarrera astuna uneren batean emakume batekin. Horrelako gauza txikiak ze handi bihur daitezkeen bakoitzaren buruan. Eta konturatzen zarenean, ostia! Horrelako matiz asko daude pelikulan eta asko ikasi dut horretaz», esan du. Begiak irekiaraziko dizkio ikusleari filmak. «Gizon zein emakumeei. Filmaketan aktore emakume bati entzun nion ‘zergatik ez zuen korrika ihes egin?’ esaten. Aizu, kasik ez zara ohartzen, poliki-poliki sarean harrapatzen zaitu eta konturatzerako horrelako mugida batean murgilduta zaude», jarraitu du Olazabalek. Faseak daude. Lehenengo liluratze fasean liluratzen zaitu horrelako tipo batek eta bere menpe geratzen zara konturatu barik. Kotoien artean zaude berak goraipatzen zaituenean eta momentu batean ezezkoa esaten duzunean, orduan dator zigorra. Eta hortik ezin duzu ihes egin. Nire ustez, pelikulak oso argi erakutsi du hau dena». Zinemaldia nazioarteko erakusleiho handia da. «Bai, eta gaiak kalean egon behar du. Norbaitek esango du ‘Berriro’? Bai, beharrezkoa da-eta. Filma ea baliagarria den guztiontzat. Gaia handia da gure gizartean honen inguruan debatea sortu behar delako. ‘Manada’-ren bortxaketa gertatu zen, udan ere bortxaketa asko egon dira, abusuak barra-barra daude, eta gai honetaz gehiago jakin behar dugu eta lan gehiago egin behar dugu gizartea senda dadin. Horregatik filmak ardura hori dauka», azpimarratu du. PERTSONAIAREN ERAIKUNTZA Erpin ugari ditu pertsonaia baten eraikuntzak. Nondik hasi? «Leku askotatik», esan du Olazabalek. «Alvarezek idatzitako liburua, ‘Escrito queda’ (2023) irakurri nuen, batetik. Bere pentsamenduak, txikitako abenturak... kontatzen ditu bertan. Gaur egun denaren irudia egin nahi nuen. Horrez gain, Netflix-en dokumentalak, ‘Nevenka’-k (2021), duen energiak harrapatu egin ninduen eta hori ere erabili nuen pertsonaia eraikitzeko. Intuizioarekin asko lan egiten dut, irudia ikusteak bakarrik zer eragiten didan... Eta, noski, psikologia liburuak irakurri nituen abusatzaileak direnen izaerak ze ezaugarri dituzten jakiteko. Eta filmaren sekuentzia bakoitzean zuzendariak zer kontatu nahi duen ondo zehaztu eta horretara jo». Gorputza dator ondoren. «Bildutako informazio horrek guztiak gorpuzkera ematen dit. Nire baitan sentitzen dut nolakoa den pertsonaia eta kasik konturatu gabe, edo burua jarri gabe, gorpuzkera bat hartzen dut. Eta gorpuzkerak nire ahotsa moldatzen du. Emozioek edukitzailearen arabera jokatuko dute. Hau da, gorpuzkerak ematen dizu ahotsa, mugimendua, begiradak, isiltasunak... eta horrekin guztiarekin egiten dut nik lan». PROTAGONISMOA Pisu handiko lana izan du bere azken proiektuan, inoiz ez bezalakoa. «Blanca Portillo aktoreak hala esan izan du: ‘zergatik deitzen naute protagonista izateko? Oso ondo bizi da bat sekundario izaten’. Filmaketako giroan oso ondo egoten da bat, baina protagonista zarenean ardura hain handia daukazu... egun horretako eszena oso gogorra bada ez daukazu lanerako gogorik», esan du irribarrez. Koldo Zuazua donostiarraren faktoriatik ateratako ekoizpena da “Soy Nevenka”. Beste hainbat izenburu bezala, Madrilgo Feelgood Media ekoiztetxearekin elkarlanean egin du, oraingoan Movistar Plus-entzat. Bilbon eta inguruetan filmatua, lantalde teknikoan -“Maixabel” filmeko ia bera- euskaldunak izan dira nagusi. Hain zuzen, film hori -hori ere Iciar Bollainek zuzendua- ekarri du gogora aktoreak. Aldaketa handia ekarri zion Olazabali eskuratutako Goya sariak (taldeko aktorearena). «Momentu hartatik proiektu gehiago etorri dira nire bizitzara, baita sariak ere. Eta sariek nire burua lasaitu zuten. ‘Honi eskaini diot bizitza osoa eta orain esan didate baietz, balio dudala’, pentsatzen duzu. Lan egitea zen behar nuena. Casting batera joan, beste batera, eta ezezkoak besterik jasotzen ez badituzu, azkenean uste duzu ez zarela hain aktore ona. Aktoreok konfiantza behar dugu eta sariak horixe ematen du. Ospea eta ‘katxea’ ere igotzen dizu, baina inportanteena konfiantza da», zehaztu du. «Hona iristea ez da erraza izan», esan zuen Goya sarien gauean. Mantentzea zailagoa da? «Pelikula potenteak egin eta hurrengo urteetan Goya sarietarako hautagai izatea oso zaila da. Aktore oso gutxi dira horretarako gai. Aktore bat ez da zineman bakarrik dagoena, antzerkian edo telebistan ere egiten dugu lan. Milaka modu daude. Nik kamera aurrean aritu nahi nuen. Eta, zorionez, lortu dut eta badirudi denbora batez jarraituko dudala, mahai gainean proiektuak ditut-eta. Aukera dezaket eta batzuetan ez dut castingik egin beharrik», gaineratu du. Bitartean, emazteak eta biek Bilbon duten Bizie interpretazio eskolan jartzen du indarra. «Nire bizitzako plan A da. Osasuntsu dago eta hortik bizi naiz. Ikasleak zuzenduz entrenatzen dut neure burua. Beraien akatsak baliagarriak dira niretzat eta ikasketa daukat hor. Bideoak editatzen ditut, gidoiak idatzi eta eszenografiak egin; ez daukat askoz gehiagorako denborarik». Atzean utzi du linfoma batek eragindako garai iluna. «Horren aurretik begirada beste gauzetan neukan jarria. Minbizi bat edo bizitzako gertaerak ikasketa izan daitezke. Nire kasuan izan dira. Askoz zoriontsuagoa naiz gaur egun», amaitu du. BORTXAKETAK«‘Manada’ren bortxaketa gertatu zen, udan ere bortxaketa asko egon dira, abusuak barra-barra daude, eta gai honetaz gehiago jakin eta lan gehiago egin behar dugu gizartea senda dadin» ERAGINA«Psikologoarenera joan behar izan dut eta horretan nabil oraindik. Gauzak ordenan jartzen ari naiz, Urko non dagoen eta Ismael Alvarez non utzi nuen jakiteko»