«Etorkizunean eragin handiko proiektu bat izateko, gazteak prestatu behar ditugu»
2024-2025 ikasturteko irekiera ekitaldia egin berri du Mondragon Unibertsitateak. Vicente Atxa errektoreak berritasunak aipatu zituen atzo, besteak beste, NAIZ Irratian. Etorkizunera begira, MUk «Europako unibertsitatea» izan behar duela uste du.
Mondragon Unibertsitateak Hirekin zentro berrian egin zuen, asteazkenean, 2024-2025 ikasturteko irekiera ekitaldia. Vicente Atxa errektoreak atzo NAIZ Irratiari azaldu zionez, zentro hori uztailean inauguratu zuten, «ekintzailetza industriala bultzatzeko» asmoarekin. «Ekintzailetza gure eredu propiotik ateratako zerbait da. Azken urteetan ikusi dugu gero eta zailagoa dela industria munduan ekintzaile eta negozio berriak sortzea. Hori bultzatzeko zentroa da Hirekin», zehaztu zuen.
Mondragon Unibertsitateak bere hasieratik begiratu die dauden «beharrei» eta «aukerei», bere esanetan. Horrela, Unibertsitatean beti aplikatzen duten formula zein den aipatu zuen: «Ekonomia sektore batean aukera baldin badago, gazteak formatzen hasten gara. Etorkizunean eragin handiko proiektu bat eduki nahi badugu, gazteak formatu behar ditugu».
IKASLE BERRI GEHIAGO
Kurtso honetan duela lau urte baino %18 ikasle berri gehiago dituzte. Azken urteetan Mondragon Unibertsitateak «ikaskuntza eskaintza berriak» atera ditu «etorkizunean beharrezkoak izango diren profilei» erreparatuta. Horrela, Gipuzkoan eta Bizkaian ikaskuntza eskaintza gehiago egin dituzte.
Atxak nabarmendu zuen «Mondragon Unibertsitatea bere historian izan dituen zenbaki handienetan» dagoela. Mondragon Unibertsitateak hasieratik izan du lotura Mondragon-ekin: «Mondragonen hazia Unibertsitatea da».
Errektoreak azaldu zuenez, kooperatibek eragin «oso handia» dute Unibertsitatean. Izan ere, horiek inbertsio batzuk egiten laguntzen diote Unibertsitateari, eta hori «beharrezkoa» da Unibertsitatea «inklusiboagoa» izateko eta ikasle guztiek bertan ikasteko aukera edukitzeko. Gainera, baieztatu zuenez, «Mondragonek konpromisoa du hezkuntzarekin».
2025-2028 URTEEI SO
Vicente Atxak 2025-2028 urte tartea hizpide izan zuen aurkezpen ekitaldian. Etorkizunera begira, Mondragon Unibertsitateak «Europako unibertsitatea» izan behar duela uste du: «Argi daukagu nazioarte mailan errekonozimendu berezi bat izan behar duela». Hori aipatuta, honek duen identitatea azpimarratu zuen: «Oso unibertsitate berritzailea da». Enpresarekin duen harreman «estua» ere aipatu zuen.
Bestalde, bizitza osorako formazioa landu behar dutela uste du: «Gero eta garbiago daukagu lanean dauden pertsonentzat eskaintza malguagoa eta pertsonalizatuagoa garatu behar dugula».