Fernando ALONSO
2009

Lakuara alfonbra gorria

Irailean euripean Brad Pitt eta Quentin Tarantino geurera heldu ziren “Inglorious Bastards” (Ohore-gabeko sasikumeak) pelikula aurkezteko. Izan ere, filmak irailaren 18an Donostiako Zinemaldiko 57. edizioaren Zabaltegi-Perlak atala ireki zuen.

Patxi Lopez, lehendakari kargua hartzeko ekitaldian, Gernikako Juntetxean.
Patxi Lopez, lehendakari kargua hartzeko ekitaldian, Gernikako Juntetxean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Adituen arreta zuzendariarengan eta pelikulan bertan jarrita bazegoen ere, Brad Pitt aktoreak protagonismo osoa bildu zuen. Maria Cristina hotelaren eta Victoria Eugenia antzokiaren arteko alfonbra gorritik pasatu zen Pitt, zaleen berotasunaren erdian eta autografoak sinatzen ezker-eskuin.

Bi egun Donostian eman zituen, eta denbora horretan elkarrizketak eskaini zituen, Tarantinorekin batera pelikula aurkeztu zuen, Chillida Lekun egon zen, Arzak jatetxean afaldu zuen eta, gaupasa egin ondoren, Donostia utzi omen zuen isilean eta aitzur ederrarekin.

Hilabete batzuk lehenago, maiatzaren 5ean, protagonismo osoa Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiarentzat izan zen. Martxoaren 1eko EAEko hauteskundeen ostean, Espainiako unionismoa batu egin zen Lopez lehendakari izendatzeko eta Euzko Alderdi Jeltzalea Gobernutik botatzeko, lehenbiziko aldiz 30 urteren ondoren.

39 VS 35

PSEren 25 legebiltzarkideei PPren 13ak eta UPyDren bakarra gehitu zitzaizkien, 39 boto lortuz; hau da, EAJ, Aralar eta EAren 35ak baino lau gehiago. EBren legebiltzarkide bakarra abstenitu zen.

Aldaketa politiko hori posible izan zen, ezker abertzalearen kontrako Estatu espainolaren estrategiari esker. D3M plataforma hauteskundeetatik kanpo utzi zuten, eta horrek Patxi Lopezi Ajuria Enerako alfonbra gorria ipini zion.

Dena den, Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek ez zuen bere protagonismoa galdu nahi, eta urtarrilaren 23an, Fiskaltzari aurrea hartu zion bederatzi pertsona atxilotzeko aginduz, haien artean, D3Mren bozeramaile Amparo Lasheras. Otsailaren 3an, operazioa jarraitu zuen Garzonek. Egun berean, bere kide Fernando Grande-Marlaskak Segi gazte abertzaleen erakundearen kontra jo zuen.

Auzitegi Goren espainolak, otsailaren 8an, D3M legez kanpo utzi zuen. Bost egun geroago, Auzitegi Konstituzionalak ebazpena berretsi zuen. Ziotenez, aurkeztutako 84 hautagaietatik 82k «harreman estua zuten legez kanpo utzitako edo ezeztutako erakunde politikoekin edo hauteskunde hautagaitzekin».

Egoerak EAJ asko kezkatu zuen. Jelkideek agertoki politikoa aztertzen zuten, eta kontuak ez zitzaizkien ateratzen. Aitzitik, PSEk eta PPk gogoz txalotzen zuten, zeren EAJ Ajuria Enetik botatzea posible ikusten zuten.

Eta azkenean, horrela izan zen: ezker abertzalearen proskripzioak unionismoari bidea erraztu zion.

D3M plataformak haien boto-papera hautetsontzietan sartzea eskatu zuen. Bozak baliorik gabekoak izan arren, kontagarriak ziren: 100.924 boto lortu zituen D3Mk. Emaitza hori kontuan hartu izan balitz, Patxi Lopezek ezingo zukeen Lehendakaritzara iritsi, hiru eserleku gehiago beharko zituzkeelako.

Baina Ajuria Enera heldu zen, eta berehala unionistek «Espainiako trantsizio demokratikoa» itxita geratu zela aldarrikatu zuten.

BOZGORAILUAK ETA BORRAK

Hiru hilabete beranduago, Europako hauteskundeak izan ziren, eta Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna kandidaturak ilegalizazioa gainditu zuen. Trabak traba eta boikota boikot, Alfonso Sastre antzerkigile eta hautagaitzaren zerrendaburua europarlamentari izatetik oso gertu geratu zen.

Bitartean, Pepe Mujica Uruguaiko presidente izatera ailegatu zen. Eta Ameriketako Estatu Batuetako Etxe zurira heldu zen Barack Obama. Bakearen Nobel Saria ere jaso zuen gerora.

Azaroan, “Alakrana” Bermeoko atunontzia Somaliako uretan bahitu zuen pirata talde batek. Ontziaren 36 marinel 47 egunez gatibu egon ziren, eskatutako erreskatea ordaindu zuten arte.

Patxi Lopez Gobernuaren buru eta Rodolfo Ares gidari, unionismoak berehala ekin zion bere marka ipintzeari. Eta bi baliabide estrategikorekin hasi ziren: komunikabideak eta Polizia.

Alberto Surio Vocento taldeko kazetaria EiTBko zuzendari orokor izendatu zuten, eta TVEko Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendari. Ongi hasteko, ETAren kontrako «pedagogia» egingo zutela esan zuten. Segituan, mapa aldatu zuten, Euskal Herriarekiko edozein erreferentzia ezabatu zuten, Espainiako erregearen diskurtsoa Gabonetan emititu zuten...

«Fronte guztietan ETAri aurre egitea» helburu, Ertzaintzan «berrantolaketa eta modernizazio plana» aurkeztu zuten. EAJk Ertzaintza gatazkan sartu bazuen, Gobernu berriak engaiamendu gehiago agindu zuen, baita jendartean eragin handiagoa ere.

Hiru urte eta erdi iraun zuen legealdiak. Denbora horretan, Aresek eredu polizialean funtsezko aldaketak egin zituen, Ertzaintza askoz bortitzagoa eta espainolagoa bilakatuz. Bere fundazio-printzipioetatik gero eta gehiago aldendu zuen Ertzaintza; eta hori gutxi balitz, udaltzaingoak ere sartu zituen deriba maltzur berean.

Ertzaintzaren buru Jose Antonio Varela ipini zuten, Jon Uriarteren ordez. Honek kargua utzi zuenean, Manex Castroren tortura kasua eta Javier Balzaren dimisio eskaera mahai gainean zeuden.

Maiatzeko egun haietan Jon Anza errefuxiatuaren desagerpenaren berri eman zen. Apirilaren 18an Baionan hartu zuen trena Okzitaniako Tolosara joateko, eta bidean bere arrastoa galdu zen. Handik egun gutxira, ETAk aitortu zuen Anza erakundeko militantea zela, baita desagertu zenean diru kopuru handia zeramala ere. Orduan, Rubalcabak esan zuen Anzak ospa egin zuela diruarekin eta, ondorioz, ez zela bere arazoa, ETArena baizik. Gobernuak EAEn zuen ordezkari Mikel Cabiecesek, berriz, desagerpena «anekdota»-tzat jo zuen.

Geroko informazioen arabera, guardia zibil batzuek Anza bahitu zuten, eta itaunketak egin ostean, hilzorian zegoela abandonatu zuten. Kasik urte bat beranduago Tolosako gorputegian identifikatu zuten.

2009an zehar gutxienez sei gazte eta preso ohi bahitu zituzten. Poliziari laguntzeko esan zieten, eta mehatxatu egiten zituzten uko eginez gero.

Espetxeetan presoek hainbat jipoi salatu zituzten. Presoen ahaideek ere jazarpena eta erasoak pairatu zituzten. Urtea bukatzear zela, EPPK-k borroka dinamika berri bati ekin zion.

ETAren historian azken ekintza hilgarria uztailaren 30ean Palma de Mallorca ondoko herri batean izan zen. Guardia Zibilaren auto bateko behealdean itsatsitako leherkari batek bi guardia akabatu zituen.

Ezker abertzalearen kontra borrokatzea eta hari legitimitatea kentzea helburu, Lopezen Gobernuak dirua eta baliabideak jarri zituen. Presoen argazkiekin tematu ziren. Haien irudiak kaleetatik ezabatuz arazo politikoa desagertuko zelakoan. Modu obsesiboan oldartu ziren presoen irudien kontra; lokalak asaltatu zituzten argazkiak kentzeko eta kalean istilu mordoa eragin zuten. Herrietako jaietako giroa ere larriki aztoratu zuten.

Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari Miguel Sanzek gurutzada horri eutsi zion, eta presoen argazkiak zituzten tabernak ixtea proposatu zuen. Sanz amorratuta zegoen, 16. Korrika Tuteratik irten zelako.

EZTABIDA MOZTU ETA ZATITU NAHIAN

Oldarraldiak, 18/98 zigortuen espetxeratzea, “Egunkaria”-ren auziaren hasiera, dozenaka gazteren atxiloketak... Hori guztia gaindituz, ezker abertzaleak agertoki politiko berri baten alde lan egiten jarraitu zuen. Bere militantziaren gogoeta eta eztabaida sustatu zuen, eta beste prozesu politikoen eskarmentua bildu eta aztertu zuen, nazioarteko adituen engaiamendua lortuz.

Urrian, Garzon epailearen aginduz, Donostiako LABen egoitzan guardia zibilak sartu ziren atxiloketa batzuk egiteko. Donostian eta beste zenbait lekutan hamar lagun eraman zituzten. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatzen saiatzea leporatu zitzaien: “Bateragune auzia” delakoa.

Abian jarritako debatea moztea eta zatiketa eragitea ziren operazioaren helburuak. Hori saihesteko, “Fase politikoaren eta estrategiaren argipena” dokumentuaren edukia publiko egin zuen ezker abertzaleak. Egun batzuk geroago, azaroaren 14an, “Altsasuko Adierazpena” izan zen.

Hau guztia funtsezkoa izan zen ziklo politiko berrirako; estrategia politiko-militarra gainditzeko.

Baina unionismoa independentismoaren apurketa bilatzen ari zen, disidentzien bila zebilen, eta gertaeren bilakaerarekin ez zegoen oso pozik. Espetxeetan eztabaida oztopatzeko, adibidez, egoera tenkatu zuen. Helburua argia zen: presoen eta kanpokoen arteko harremanak moztea.

Madrilen batzuek pentsatzen zuten hori plan ona zela. Brad Pittek, “Ohore-gabeko sasikumea” filmeko Aldo Raine tenienteak, argi zuen: «Kaka soinua du horrek, baina zer gehiago egin dezakegu? Etxera joango al gara?».