Otsoei buruzko Lakuaren plana arbuiatu dute EHNEk, ENBAk eta ekologistek
Ekologistak Martxan-ek gaitzetsi egin zuen, atzo, Lakuak aurkeztu duen otsoak kudeatzeko plana, animalia horien «ezkutuko ehizari aurre egiteko neurri espezifikoak falta» dituelako. EHNE eta ENBA nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuek ere plana baztertu zuten, otsoa lurralde osora hedatzea sustatzen duelako eta abeltzaintza estentsiboa alde batera uzten duelako.
Ekologistak Martxanek salatu zuenez, ezkutuko ehiza da otsoaren hilkortasun ez-naturalaren kausa nagusia EAEn, eta zalantzan jarri zuen espeziearen egoerari buruzko datuen «fidagarritasuna». Izan ere, azaldu zuenez, EAEko Otsoaren Kudeaketa Plana neguko aleen erroldan oinarritzen da, «baina ez dira udaberrian egiten, ugalketa-taldeak berretsi beharko liratekeelako».
«Jarraipen egokirik ez egiteak otsoen populazioen egoerari buruzko errealitatea desitxuratzea ekar lezake, egonkortasunaren edo berreskurapenaren inpresio faltsua sortuz», hausnartu zuen. Bere datuen arabera, 1987 eta 2005 artean 63 otso hil ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, legez kanpoko ehizaren ondorioz.
«2016tik foru aldundiek uxaldiak ez baimendu arren, ez da otsoaren populazioa berreskuratu eta horrek agerian uzten du ezkutuko ehiza mehatxu aktiboa dela oraindik espeziearentzat», ohartarazi zuen.
SINDIKATUAK ERE KEXU
EHNEk eta ENBAk ere plan hori gaitzetsi zuten, uste baitute otsoa lurralde osora hedatzea sustatzen duela eta abeltzaintza estentsiboa alde batera uzten duela. Horien ustez, «oso larria da, aurreko gobernu-taldeekin hainbat bilera egin eta lehen sektoreko erakundeek ekarpenak egin ondoren horiek kontuan hartu ez izana».
Nekazaritza eta abeltzaintzako bi sindikatuon iritziz, «alderdi larrienetako bat planaren asmoa da, otsoaren populazioa handitzen eta lurraldean hedatzen laguntzeko animalia horien mugimenduak erraztuz, espeziearentzat egokiak diren fauna-pasabideak jarriz».