SEP. 22 2024 «Tasio»: areto eta jaialdi berean, 40 urteren ostean Montxo Armendariz hunkidurari eskutik helduta agertu zen “Tasio” filmaren emaldian. Ikusleekin atsegin eta instituzioekiko eskertuta, berrogei urteren ondoren Zuñigako ikazkinaren unibertsoa irudikatzen duen filma orduan estreinatu zen jaialdi eta antzoki berean ikusteak barruak bete egiten dizkiola aitortu zuen zinemagile nafarrak. «Tasio» filmeko lantaldearen ordezkaritza, Montxo Armendariz (eskuinetik hasita hirugarrena) buru dutela. (Jon URBE | FOKU) Amalur ARTOLA Montxo Armendariz ez da ekitaldi zalea. Ezta diskurtso amaigabeetan galtzen den horietakoa ere. Horregatik, eta atzoko egunez emozioak borborka izango zituela jakitun, zinemagile nafarra esan beharrekoak idatzita igo zen Donostiako Victoria Eugenia antzokiko oholtzara. Izan ere, atzokoa egun berezia zen Armendarizentzat, eta baita “Tasio” filmaren atzean egon zen lantaldearentzat ere: 40 urte lehenago pelikula estreinatu zen jaialdi eta antzoki berean eman zuten euskal zineman mugarri bat markatu zuen filmaren bertsio zaharberritua. Eta ez hori bakarrik: ekitaldiaren aurretik Armendarizek Euskadiko Filmategia Saria jaso zuen, bere ibilbide zinematografiko osoari aitortza egiten diona. Armendariz, umiltasunean eredu, ez zen bakarrik etorri jaialdira. Alboan izan zituen filmean parte hartu zuten zenbait aktore eta talde teknikoko kide, tartean Tasio gorpuztu zuen Patxi Bisquert eta Amaia Lasa, Amaia Merino, Garikoitz Mendigutxia, Elena Uriz, Isidoro Fernandez eta Paco Sagarzazu. Haien laguntzarekin zeharkatu zuen Armendarizek Maria Cristina hoteletik Victoria Eugenia antzokirainoko alfonbra gorria, tarteka zaleturen bat agurtzeko geldialdiak eginez, atsegin, eta haiei eskaini zien baita ere saria jaso osteko eskertza ederrena: ‘‘Zuek gabe, ‘Tasio’ ez litzateke izan dena izango», ziurtatu zuen. eskertzaz eskertza Eskertu bezain umoretsu, «banekien hau hunkigarria izango zela. Lagun on donostiar batek esango lukeen moduan, une honetan panderoak jotzera joateko moduan daukat pultsua... Beraz, hobe idatzita dudan txuleta ateratzea», esanez ireki zuen Armendarizek bere esker oneko mintzaldia. Emozioei eutsi eta gehiegi ez hunkitzen ahaleginduko zela adierazi ondoren, Filmategiari eskaini zion lehen eskertza, filmaren zaharberritze prozesuan «erakutsi duten gogo biziagatik», eta Zinemaldiari bigarrena, Klasikoak atala irekitzeko “Tasio” hautatzeagatik: «Ohore bat da hemen egotea. ‘Tasio’ egin genuen guztiontzat ekitaldi hau hunkigarria da, orain jada 40 urte estreinatu zen zinema areto eta jaialdi berean egoteak duen esanahiagatik. Horregatik, lantalde osoaren izenean agintariei eta zuei guztiei eskertu nahi dizuegu guri lagun egitera etorri izana». “Tasio” bere lehenengo film luzea izan zela ere gogoratu zuen Armendarizek: «Ez nuen zinema ikasketarik, eta nahiko beldurtuta edo agian urduri nengoen. Beraz, ‘Tasio’ honaino iritsi izanaren merituaren zati bat, zalantzarik gabe, talde tekniko eta artistikoarena da, bilakatu dena izan zedin filmarengatik dena eman zutelako. Nire esker ona talde osoarentzat, ahazten ez diren uneak daudelako». Filmatu zuten herrietako bizilagunak ere gogoan izan zituen, «batez ere klimatologiak edo animaliek jokaldiak egiten zizkigutenean; eta horietako une dezente bizi izan genituen», aipatu zuen. Zaharberritzeak izan dituen ondorioak ere gogora ekarri nahi izan zituen. Filma Canneseko eta Boloniako zinema jaialdietan emateaz gainera, filmaketa taldeko kideen Whatsapp taldea ere osatu dutela aitortu zuen, eta haren bidez oroitzapen gozoak partekatzen ari direla esan zuen, «baita ‘Tasio’-ren bigarren jaiotze honek dakarkigun poza ere», nabarmendu zuen. Eskertza pertsonal batekin bukatu nahi izan zuen bere parte hartzea: «Oxala gerra guztiak amaitzea, oxala genozidio guztiak amaitzea, behingoz bakean bizitzeko aukera izan dezagun». Publikoak txalo zaparradaz erantzun zion Armendarizi, eta honek eskertuta eta aseta utzi zuen oholtza, eskua bularrean eta publikoari agur eginez. «Ez nuen zinema ikasketarik, beldurtuta eta urduri nengoen. Beraz, ‘Tasio’ honaino iritsi izanaren meritua lantaldearena ere bada»